Teknologiak praktika behartu du

“Gure hezkuntzan praktika gutxi eta teoria asko jaso dutela uste dute euskal gazteek (%82), batez ere, 16 eta 20 urte bitarteko emakume eta gazteek”. Datu horrek atentzioa eman zidan datorren astean Legebiltzarrean aurkeztuko den Gurea Geroa txostenaren aurretiko bertsioa irakurtzean. Ia 4.500 gazteri galdegin zaie bizitzako hainbat arlotan zein etorkizun irudikatzen duten, eta hezkuntzaren arloan, teoria eta praktikaren arteko desoreka azpimarratu dute.

“Eta, berriro ere, inkestan galdera irekia egiten digutenean, sistemaren praktikotasunari eta aplikagarritasunari egokitzeko beharra azpimarratzen dugu. Baina ez hori bakarrik, bizitzako egunerokotasuneko kudeaketak egiteko ere ezagutza behar dugu: paperak egiteko, administrazioarekin harremanak izateko, mailak eta eskumenak ezagutzeko, etxeko kontuak eramateko…”. Lehenago ere jorratu dudan gaia da praktikotasunarena, Ezagutzaren transmisio-zikloa artikuluan, baina uste dut, eraginkorra izango delakoan, merezi duela berriro ere gazteen ahotsa hitzotan ordezkatzea.

Hala zioen artikulu hartako lehen paragrafoak: “'Ez da laguntzaile hoberik lehenago bide bera urratu duenik baino'. Halaxe egiten dugu gure bizitzako arlo guztietan: etxean, lagunen artean, lanean… eta enpresetan ere hala gertatzen da. Ezagutza-trasmisio hori, ordea, gehienetan lanpostu bat lortu eta bertako dinamika ikasi behar dugunean iritsi zaigu guztioi. [...] Zenbateraino daude prestatuak ikasleak? Zenbateraino dago lerrokatua ikasi dutena egungo beharrekin?"

Galdera berbera egin nezake gaur baina subjektua aldatuta: zenbateraino prestatzen ditugu ikasleak? Zenbateraino lerrokatzen dugu ikasgaia gaurko beharrekin? Gazteek ezetz diote, eta normala iruditzen zait gainera. Teoria ezagutza eta informazio hermetikoa da, iragazgaitza eta erabat estankoa. Baliteke orain bi hamarkada ezagutza transmititzeko metodo ona izatea testuliburuarena, baina egun ez digu askorako balio; izan ere, aintzakotzat hartu ez dugun aldagai bat iritsi da: teknologiaren bizkortasuna.

Lehen teknologiak ez zuen bilakaera bizkorrik. Bazitekeen urteetan ordenagailuko kontabilitate programa espezifiko bera erabiltzea, kirurgia egiteko medikuak behar duen makina lantzean behin aldatzea, arropa ekoizteko erabiltzen diren materialetan berrikuntza nabarmenik ez egotea… eta, hortaz, ikasleei testuliburuetan azaltzen zaizkien ereduak balio izana. Aldiz, gaur egungo bilakaera teknologikoaren abiadurak harrapatu egin gaituela egiaztatzen ari den susmoa dut. Urtetik urtera programak, makinak, materialak eta ezagutza aldatzen ari da; berrikuntzak ez du etenik, eta gero eta teknologia mardulagoak izan, orduan eta gehiago bizkortuko da ezagutza berriaren aurkikuntza. Biharkoak behar du ikasleen ikasketaren abiapuntu izan eta bertatik, nahi eta behar bada, atzera egin gaur egun arte.

Horretarako, maila akademiko guztietan praktika areagotzea besterik ez dugu, praktika baita errealitatearekin dugun lehen lotailu, egungo teknologiari gerturatzeko unea, bizitzaren taupada hartzeko aukera eta gazteak heldu egiteko bidea. Unibertsitate eta zentro akademikoek eraldaketa sakon bat egin dezatela eta era berean, enpresok eta instituzioek ere ateak ireki diezazkiela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK