Telelana, bakardadearen ataria

Orain dela gutxira arte, telelana oso gutxitan erabiltzen zen enpresetan. Pandemiaren ondorioz, telelana egiteko aukera izatea ontzat jo da gainera, geroz eta defendatzaile gehiago ditu. Aldaketa hain da erradikala, ezen gaur egun enplegu ugari eskaintzen baitira % 100 urruneko modalitatean.

Benetan da onuragarria telelana egitea? Etxetik egun batez edo biz lan egitea, konpromisoak dituzunean (medikuarenean zita, esaterako) edo lasaiago ibili nahi duzunean, luxu bat da. Baina etxetik egunero lan egiteak gainerako lankideekiko erabateko deskonexioa, apatia eta lanerako motibazioa galtzea ekarri dit, niri behitzat.

Nire inguruan gero eta gehiago dira urrutiko lanak dituzten pertsonak, eta, aldi berean, gehiago dira telelanaren ondorio negatiboak gutxitzeko laguntza bila dabiltzan enpresak. Telelanaren onurak eta desabantailak zerrendatzen has naiteke, baina nahiago dut beste zerbait buruz hausnartu, alegia, urrutiko lan-eredua mainstream bihurtzen bada irits daitekeen paradigma sozial berriari buruz.

Etxetik lan egiteak lankideen arteko elkarrekintza oztopatzen du, eta enpresarekiko kidetasun-sentimendua edo lankidetasun giroa eraikitzea zailagoa egiten du, besteak beste, partekatutako espaziorik ez dagoelako. Enpresek badakite langileen ongizate handiagoak, osasuntsuago egoten laguntzeaz gain, produktiboagoak izaten ere laguntzen diela. Baina non dago oreka? Nire ustez, enplegatuaren ongizatea formatu hibridoen bidez lor daiteke, ordutegi-malgutasuna, aukerako telelana, familia bateragarri egitea, aktibo mantentzeko aukerak eta lanaren kultura osasuntsua (beste egun batean hitz egingo dugun gaia) oinarri dituen ereduaren bitartez, beraz.

Pentsa ezazu: nolakoa izango litzateke zuen enpresa % 100ean urrunetik lan egingo balitz? Giza interakzioa bilera operatiboetara, whatsappetara eta emailetara mugatzen den leku bat izanik? Normaltasun bihurtu diren aldaketei buruz hausnartu behar dugu, eta egon daitezkeen ondorioei adi egon. Ez dut negatiboa izan nahi, baina Japoniak bakardadearen ministerio bat sortu behar izan zuen 2021ena. Gure enpresetan horrelakorik ez sortzea espero dut.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK