Telelana eta lan istripuak

Langilea, operadore lana egiten zuena bere etxetik 8:00etatik 14:00etara, komunera altxatu zen 13:45ean. Komunetik bueltan estropezu egin zuen korridorean eta lurrera erori zen. Ukondoan eta eskuineko saihetsean traumatismoa eragin zion erorikoak. Lanetik kanpoko istripuagatik baja eman zioten. Erreklamatu zuen eta Lan Epaitegiak duela hilabete arrazoia eman dio langileari: etxetik lanean ari zela izan zuen istripua lan istriputzat hartzen du, eta lan istripuaren ondorioak sortu behar ditu.

Caceresen gertatu da, hango Lan Epaitegi batek ebatzi du, eta aurrekari bat ezarri du gure artean ere aplikagarri izango dena. Mutualitatea langilearen erreklamazioaren aurka agertu zen: argudiatu zuen ez zela lan istripua, ez baitzen gertatu langilea ordenagailu aurrean eserita zegoela, alegia, langilea lan lekuan eserita zegoela, eta beraz, ezin zela lan istriputzat iritzi. Epaileak ostera ebatzi du ez dela kausazko lotura eten lanaren eta istripuaren artean, logikoa eta zilegi dela lanean aritu bitartean komunera joateko beharra. Lana eta erorikoa lotuta daudela, beraz. Desberdina litzateke langilea lanarekin zerikusi bariko zerbaitetan izan balu istripua: txorizo mutur bat jatera jaiki eta labanarekin moztu, edo garbigailutik arropak ateratzen eta jausitako urarekin laprast egin.

Langileak jasandako istripuak lan istriputzat har daitezen bi ezaugarriri lotuta daude, batik bat: tokia eta denbora. Lan egiten den tokiari eta lana egiten den denborari lotu behar zaio gertakaria. Eta hiru baldintza agertu behar dira: gorputzeko lesio bat, inoren konturako langileak jasaten duena, eta kausazko lotura bat lana eta lesioaren artean.

Pandemiaren ondoren erabat orokortu eta normaldu den telelanak interpretazio zabalagoak eta malguagoak eskatuko ditu lan zuzenbidean. Lanaren denboran eta lanaren poderioz gertatutako istripuak lan istripu gisa tratatu beharko dira lan lekua edozein dela ere. Zailtasuna langilearentzako lanaren eta istripuaren kausazko lotura probatzean egongo da. Etxean ez dago kamerarik, ez dago langile gehiago, ez dago lekukorik gertakaria zelan izan den frogatzen lagunduko duenik. Telelanean gertatutako istripu guztiak ez dira lan istripuak, baina ezta alderantziz: telelanean gertatzen diren istripuak ezin dira etxeko istripu soiltzat hartu, kasuan kasu ikusi beharko da lanaren poderioz edo lanaren ondorioz gertatu diren. Caceresen telelanean zebilen operatzaileari berdin gerta zitzaiokeen bere enpresaren lan lekuan estropezu egitea komunetik bueltan, eta orduan lan istriputzat hartuko litzatekeen bere lesioa. Bada, gauza berdina bere etxean gertatu bada, ondorioztatzen du epaileak.

Epai interesgarria da telelana langile gazteen artean gehien eskatzen ari den lan modua gertatzen ari denean. Apurka-apurka ikusi beharko da nolako jurisprudentzia sortzen den eta nolako babesa ematen zaien telelangileei. Lan espazioa eta denbora aldatzeak gertakari berriak zabalduko ditu lan zuzenbidean, harreman berriak eragingo ditu, eta honez gero ikusten ari gara nolako aldaketak ekar ditzaken lan munduan, hasi baino ez da egin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK