The End?

60 urte baino gehiagotan ez da horrelakorik gertatu: lehen aldiz, Hollywoodeko aktore eta gidoilariek grebara jo dute batera eta horren ondorioz, zinema eta telebistako ekoizpen gehienak geldirik daude. Kinka larrian geratu dira abian ziren lanak, eta berririk ez da iragarriko konponbiderik aurkitu ezean. Orduko lan-saria eta telesailak edo filmak errepikatzen diren bakoitzean jasotzen dituzten konpentsazio ekonomikoak (hondar-soldata deitzen dena) igotzea eskatzen dute, baina oraingoz ez du ematen konponbidea erraz topatuko denik. Greba honen eragina industria bera den bezalakoa izaten ari da: globala.

Munduan ongien ordaindutako aktore ospetsu askok aldarrikapena babestuz hitz egiten dute eta parte hartzen ari dira grebaren elkartasun-kutxan. Beharko. Greban dauden 160.000 pertsonetatik oso gutxik lortzen dute izar handi horiek ordezkatzen duten milioidun estatusa. Dwayne "The Rock" Johnsonek 243 milioi dolar kobratu zituen 2022an. Estatu Batuetako Lan Estatistiken Bulegoaren arabera, orduko 25 euro inguruko saria da batezbesteko aktoreen ordaina, betiere iraunkortasunik gabea, lanaren beraren izaeragatik. Aseguru medikoa izateko eskubidea eskuratzeko, aktore batek urtebetean gutxienez 23.800 euro deklaratu behar du eta sindikatu nagusiko kideen artean %12,7 baino ez dira osasun-planerako eskubidea dutenak.

Pelikula edo sail bat pantailara eramaten den aldiro kobratzen den hondar-saria diru-sarrera erregular ia bakanetakoa izan da orain arte. Streaming edo nahierako plataformak nagusitu diren unetik, baina, birjarpen horien kontabilitate opakua ere nagusitu da eta era guztietako azpijokoak zabaldu dira, aktoreek eta gidoilariek zuzenean jasotzen duten dirua nabarmen murriztu dutenak.

Ekaitza perfektua: lukurreria eta industriaren beraren eraldaketa. Ezagun egiten zaigu. Duela egun batzuk, greban dauden aktoreen bozeramaileetako batek esan zuenez, gure entretenimendua lan-baldintza onartezinen gainean eraikita dago. Hollywoodi eta kultura osoari aplikatu ahal zaion baieztapena da, tamalez.

Prekarietatearen atzean, ezegonkortasun-egoera kronikoak daude, diru-sarrera txikiak eta “beltzean” ordaintzeko iruzurraren sistema daude. Langileek sektore horretan kotizatzea odisea bat da, eta langabeziagatiko laguntzak edo etorkizunean pentsio bat jasotzea ameskeria.

Galera kulturaren langileek hartzen dute bere gain, baina denok galtzen dugu. Zenbat lan kitzikagarri galduko dira betirako idazle, aktore, musikari, margolari edo artisauek uko egingo diotelako miseria gorrian lan egiteari? Darwinismo ekonomikoa nagusitzen utziko dugu?

Industria horren lukurreriak prekarietate horren alde bat azaltzen digu, baina zintzoak izate aldera, onar dezagun gure zatia ere. Kulturako profesionalen lana maite dugu, behar dugu, nahi dugu, disfrutatzen dugu. Baina ez gaude ordaintzeko prest.

Distira egiten duen guztia ez da urrea, ezta distiraren eta itxurakeriaren industria nagusiaz hitz egiten ari garenean ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK