Tragediak

Gloria Steinem pentsalari eta aktibista feministari egindako elkarrizketa bat entzun du aste honetan. Kazetariak galdetu dio atzera begiratzen duenean, nondik gentozen jakinda, sinistu ere egiten ote duen noraino iritsi garen emakumeen eskubideen defentsan. Irabazitako borroka horietako askoren buruan egon zelarik, zera erantzun du Steinmenek, baietz, bera beti-beti egon delako mundua leku hobea izan daitekeela uste dutenen bandoan. Nik Steinem eta beste askoren talde berean egon nahi dut, baina batzuetan errealitateak ez dit uzten.

Herri batzuetan, ostadarraren bandera kendu dute berriki eskuinaren alde makurtu diren erakundeetako leihoetatik. Kosta egiten zait ulertzea zergatik. Beste hauteskunde-kanpaina baten erdian gaude —berez oraindik hasi ez bada ere, sekula amaituko ote den galdetzen diot nire buruari— eta eztabaidaren erdigunea bilakatu da genero-biolentzia existitzen ote den. Kosta egiten zait benetan ulertzea galdetze hutsak zer esan nahi duen, eta zer dioen gutaz. Urte bete da aste honetan AEBko emakumeen abortu-eskubidearen inoizko murrizketarik handiena gertatu zela, eta kosta egiten zait ulertzea nola azaldu atzerakada horrek eragiten didan kezka, edo beldurra.

Etorkizunari buruz zer pentsatu behar dugun baino gehiago, nola pentsatu behar dugun aldatzea komeni zaigu. Bide horretan, gogoetarako ekarpen interesgarria topatu dut Robert D. Kaplan kazetari eta kanpo-politikako aholkulari estatubatuarraren The Tragic Mind (2023) liburuan azaltzen den pentsamolde-aldaketa. Kaplanen iritziz, tragikoki pentsatzen ikasi behar dugu tragedia saihesteko. Kontraesana dirudi, baina funtsean, egokitzapen-mekanismoa da: ziurgabetasuna gero eta handiagoa den garai honetan, eszenatoki katastrofikoak ere diseinatu behar ditugu eta gure jarduteko moduetan txertatu, beste hipotesi posible gisa.

Si vis pacem para bellum esan ziguten klasikoek eta, aldeak alde, oraingo proposamen hau ez da oso urruti geratzen. Giza-garapenean aurrera egiten jarraitu nahi badugu, atzerapenaren horizontea ere aintzat hartu behar dugu, hori egin ezean, kosta egingo zaigulako nora goazen ulertzea.

XXI. mendeko gatazkak batura zero den lehiaketan oinarritzen dira. Urritasunaren garaian, baliabideak finituak dira eta beraz, batek irabaziko badu, beste norbaitek galdu egingo du. Baliabideak eta aukerak erabat lotuta daude, eta konbinazio horrek munduan tragedia hedatzea dakar, ezinbestean.

Beste leku batetik gentozen, eta agian horregatik kosta egiten zaigu hemendik aurrera zer datorren ulertzea. Nire belaunaldia ispilatze erraldoi baten eraginpean hazi da. Garapenak infinitua zirudien eta atzera bueltarik ez duen bidearen amaieran denontzako hobekuntza eta ongizatea zeudela uste izan dugu. Hobera egite hori ebitaezina zelakoan, aurrerapausoen erritmoez eta irismenaz hitz egin dugu, gogoeta egin dugu, planifikazioa egin dugu, ohartu gabe aurrera egiten duen guztiak atzera ere egin dezakeela. Orain badakigu ikuspegi inozo horri eustea gero eta nekezagoa zaigula, iraganaren bazter ilunetan uztez lurperatuta laga genituen hainbat eta hainbat mamu berriro bueltan datoz eta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK