Gasteizko Lakua auzotik unibertsitateetara doan tranbia jendez gainezka ibili ohi da goizetan. Ikasleak ibilbidean daude ikastetxe eta institutuetara bidean; langileak lantokietara: dendetara, zerbitzu-enpresetara edo Udalak, Aldundiak zein Jaurlaritzak erdialdean dituzten egoitzetara. Ahotsak nahasten dira eta, nahi gabe, maiz bidaiarien arteko elkarrizketetan murgilduta ikusten dut neure burua.
Gaur lanera doazen gehienak isilik daude, pantailari edo ingurura begira. Taldetxo batean hizketan ari dira: lanean izan dituzten azken gorabeherak aipatzen dituzte eta sindikatuekin harremanetan ari direla. Bikote batek astebururako planak ditu hizpide. Beste norbait, aldiz, aldundiko lanaldia amaitu bezain laster gimnasiora gerturatuko dela eta motxilan gehiegizko pisua daramala kontatzen ari da... Guztiak gaztelaniaz ari dira.
Ikasleek ere sakeleko aplikazioei begira ematen dute bidaia, sareko lagunek zein influencerrek argitaratutako azken postak komentatzen eta Rosaliaren azken kantaren arrakastaz mintzatzen ari dira. Beste taldetxo batean, mugikorrei begira dauden bitartean, ordu erdi barru izango duten azterketarako azken errepasoa egiten ari dira tarteka. Bai, dena batera egiteko gaitasuna dute.
Batek galdetu du: “Bro, ¿has estudiado lo de mate?”. Eta parekoak erantzun dio: “Sí, pero lo de euskera, eso de zintzaizuke y gaitzaizkidakezu, ni idea y tenemos azterketa a segunda hora…” (sic). Ondoan, beste ikastetxe bateko ikasleak Frantziako Iraultzari buruz izango duten azterketa errepasatzen ari dira, euskaraz, Baskoniaren aurreko arratsaldeko partidaren gorabeherez eta lagunen artean izandako liskar batez gaztelaniaz aritzen diren bitartean.
Lanerako bidean egiten dudan hamabost minutuko bidaiaren argazkia baino ez da hau. Lagunen, lankideen edo ezagunen arteko elkarrizketa informalak izaten dira. Seguru asko, horietako batzuk euskaraz arituko dira etxean, kuadrillan edo lantokian, batez ere administrazioan aritzen badira. Beste sektoreetan, ordea, zailagoa izango da euskaraz aritzea, denda eta taberna gutxi batzuetan izan ezik.
Ausartuko nintzateke esatera tranbian goazen gehienok euskara ulertzeko edo-eta euskaraz aritzeko gaitasuna dugula, nahiz eta euskara ia entzun ez, goiko adibideetan aipatu bezala. Tranbiako gazteen artean ezagutza ia %100ekoa da; hala ere, gaitasunari eta euskaraz aritzeko erosotasunari erreparatuta, gehienek erdaraz jarduteko trebetasun handiagoa dute eta, ondorioz, erdaraz aritzea nahiago izaten dute. Gasteizen, behintzat, euskara apenas entzuten da lagunarteko elkarrizketetan, ez du presentzia sendorik harreman informaletan. Tranbian ez ezik, kalean, sareetan, pantailetan, dendetan, tabernetan, bankuetan, medikuaren kontsultan eta gainerakoetan ere gaztelania da nagusi, eta hori adierazgarria da, hizkuntzaren bizitasunaren termometroa baita. Eskolaren eremu formaletik kanpo, basamortu bat dago gazte gehienentzat. Erdararen hegemonia erabatekoa da, eta horrek presio soziala sortzen eta areagotzen du, euskararen hautua normaltasunetik kanpo balego bezala, gehiegizko ahalegina eskatuz; izan ere, euskararen sozializazio-eremuak mugatuak izateak hizkuntza eroso baliatzeko motibazioa ahultzen du.
Gazteei errua leporatzeko tentazioa izan dezakegu, baina entzun behar diegu, euskara nola bizi duten ezagutzeko eta ulertzeko. Institutuetan ohikoegia izaten da irakasleekin gaztelaniaz aritzea, eta, kanpotik ikusita, deigarria da. Askotan, lotsa sentitzen dute eta deseroso egon ohi dira euskara erabiltzeagatik; beti ez da borondate falta izaten, batzuei kosta egiten baitzaie euskaraz aritzea eta adieraztea gaztelaniaz arazorik gabe esan dezaketena. Helduoi ere gertatzen zaigu menderatzen ez dugun edo erabiltzeko ohitura ez dugun hizkuntza bat erabili behar dugunean. Horrek erakusten du hizkuntza hautua ez dela soilik gaitasun kontua, baizik eta segurtasun emozionala eta ohitura sozialak ere tartean daudela. Horrenbestez, politikek eta sustapen estrategiek ez dute soilik gaitasuna lantzera mugatu behar; segurtasun emozionala eta gizarte ohiturak ere kontuan hartu behar dituzte. Ezinbestekoa da konfiantza giroa sortzea eta hizkuntza baliatzeko aukerak eroso eta natural bihurtzea. Gazteak jabetu behar dira euskararen egoera soziolinguistikoaz, haien bizipenak entzun behar ditugu eta lagundu behar diegu eroso aritzeko espazioak sortzen, elikatzen eta zabaltzen, euskararen hautua normaltasunaren parte izan dadin.
Goizeko tranbian gure hizkuntza hautuak agerian geratzen dira: euskara ezagutzen duten bidaiari asko, baina elkarrizketak gehienetan gaztelaniaz. Esan bezala, ezagutza ez da nahikoa; erabilera sustatzeko, beharrezkoa baita euskaraz eroso aritzeko aukerak sortzea. Gure eguneroko hautua bezain garrantzitsua da erreferenteak ikusaraztea eta hizkuntzari prestigioa ematea gazteentzat giltzarri diren eremuetan —aisialdian, pantailetan, kulturan, kirolean eta sare sozialetan—, ohitura sendotzeko eta euskararen bizitasuna bermatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da eredu erakargarriak eskaintzea, haiengandik gertu daudenak, euskaraz ondo jakin gabe ere saiatzen direnak eta ikasi dutena erabiltzeagatik harro daudenak; bestetik, etorkizun hurbilean euskarak lan munduan eta harremanen sarean zabaldu ditzakeen aukeren berri ematea komeni da. Euskarak bere lekua behar du eremu formaletatik harago, eta gazteekin batera landu behar da, haien interes eta erreferentziazko espazioetan euskaraz aritzea normaltasunaren parte bihurtzeko.