Mutiko koxkor bat baino ez nintzen Felipe Gonzalezen lehen gobernuko Industria ministro zen Carlos Solchagak “industria-politika onena existitzen ez dena da” esan zuenean. Bueno, ez dago argi hori esan zuenik, baina hori esaten didate dagoeneko erretiratuta dauden pertsonek, krisi-garaiak eta industria-birmoldaketa sakonak bizi izan zituzten belaunaldikoek. Berdin dio esan ala ez, hori izan baita Madrilgo gobernu askoren industria-politika ikusezina, kolore eta zapore desberdinetako ministroak bultzatutakoa.
Denboraren poderioz mutiko izateari utzi nion, eta unibertsitatean betidanik nahi nuena ikasteko aukera izan nuen, zorte ederra. Handik irtetean, hainbat enpresatan berehala lan egiteko aukera izan nuen, Solchagak berak gogoz desmuntatuko sektoreetan. Eskerrak industria-politikaren ospe txarra ez zela hona iritsi, eta batzuk desmuntatzen, aurre-erretiroak bultzatzen eta, kasurik onenean, pribatizatzen aritzen ziren bitartean, beste batzuek amore ez ematea erabaki zuten eta industria-birmoldaketaren aldeko apustua egin zuten. Ez hori bakarrik, birmoldaketarekin batera ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua iritsi zelako, eta, horri esker, gaur egun industria-sare garrantzitsua izaten jarraitzen dugu. Platerak garbitzen dituenak baten bat hausten du eta izan dira apurtutako platerak, baina dudarik gabe balantzea oso positiboa, bikaina.
Orain, urte batzuk geroago, etxetik erdi lelotuta eta pantailatxo bati lotuta dauden nerabeak ikusten ditut. Nire antza handia dute, akaso seme-alabak izango dira, auskalo. Nire nerabezaroa ZX Spectrum bati itsatsita egon zen bitartean, haiena smartphone bati itsatsita dago. Azken finean, ez dago hainbesteko alderik, ezta? Nik irrati-kasete batekin kargatzen nituen nire jokoak eta aplikazioak; haiek WiFi konexio baten bitartez.
Aldatu dena Madriletik datorren diskurtsoa da, orain lotsarik gabe industria-politikak bultzatu behar direla esaten baita. Next Generation funtsei buruz behin eta berriz errepikatzen den mezua sinesten badugu, industria-politikak PERTE deritzon proiektuei esker garatzen ari dira. Dirudienez, Europa izeneko aztiak untxiak sortzen dituen txistera batek bezala, administrazioaren bultzadarekin industria-proiektu handiak sortzen dituen tresnak sortu ditu. Inoiz ez da berandu politika erreala eta eraginkorra bada.
Argi eta garbi esaten ez dena, eta nolabait harritu egiten nauena zera da: Europan Next Generation funtsak baino askoz lehenago industria-politikak oso sektore zehatzetan garatzeko tresna indartsuak zabaldu direla. Tresna horiek IPCEI edo interes handiko proiektu europear amankomunak dira. IPCEI batek ezagutza teknikoak, finantza-baliabideak eta eragile ekonomikoak biltzen ditu Europar Batasun osoan, merkatuko gabezi garrantzitsuak (market failures) edo tresna arruntekin landu ezin liratekeen sistema eta gizarte-erronkak gainditzeko. Bestela esanda, salbuespen bat zuzenean enpresei estatu-laguntzak emateko debekuan. 2018an, Europako Batzordeak argi berdea eman zion mikrotxipen IPCEIri. Harrezkeroztik, Frantzia, Alemania, Italia, Belgika eta Herbeheretako puntako enpresek zuzeneko laguntzak jaso dituzte beren estatuetatik inbertsioak finantzatzeko eta produktu berriak garatzeko. Ez gara ari Horizon Europe programak sortzen dituen I+Gko laguntzez. Zuzeneko laguntzak dira, adibidez, fabrika berriak sortzeko. Horrek ez al du zerikusirik enpresei estatuek ematen dizkien laguntzei buruzko Europako arauekin? Bai eta ez. Estatuaren laguntzak dira, eta hori inork ez du zalantzan jartzen, baina Europak legezkotzat jotzen ditu, arau orokorrari salbuespen handia eginez. Etorkizunean giltzarri izango diren sektoreei lagundu nahi zaie, aurrekontu publikotik enpresa pribatura finantzazioa zuzenduz, behar denean eta neurriz. Hori bai industria-politika argia eta zuzena, lasterketa globalak ahalmen handiko tresnak behar baititu.
Espainiar Estatua IPCEIren batean al dago? Bai, noski. Hain zuzen ere, Next Generation funtsek Estatuak zuzenean finantzazioa injektatzeko aukera ematen dute edo eman beharko lukete, eta hurbileko adibideren bat izan dugu berriki EnpresaBIDEAn. Azkenaldian asko hitz egiten da Hidrogenoaren, Erdi Eroaleen (txipak) eta Hodeiko Zerbitzuen IPCEIez (Cloud Infrastructures and Services edo IPCEI CIS). Hala ere, eta nire ustez, tranpa egiten ari dira, Madrilen IPCEI inguruan proiektuak aurkezteko leihatila iluna baita, gardentasunik gabea. IPCEI CISek, adibidez, 30 eguneko epe publikoa izan zuen proposamenak aurkezteko 2021eko uztailaren erdian, aldez aurretik jakinarazi gabe. Nik zuzenean dakidanez ez dago IPCEI CIS horretan proiekturik kokatu ahal izan duen euskal enpresa bakar bat ere ez, ahaleginak egin arren. Egia da tresna garrantzitsuak ditugula, baina enpresa eta sektore jakin batean IPCEI batek duen eragin zuzen eta masiborik duen tresnarik ba ote daukagu?
Hemen nire nerabezaroa iristen naiz berriro, eta nire ondorengoak ikusiko dutena konparatzera. Nire nerabezaroan Madrilek ez zuen industria-politikarik, eta guk bai. Orain guk mantendu egiten dugu, eta Madrilek berea sortzen du. Zeintzuk dira gure aukerak Madrileko leihatiletan? Garai berriak dira, eta IPCEI horiek Madrilen menpe egonik, tresna berriak behar ditugula dirudi. Gure bideari ekin, eta gure etorkizuna sortu. Solchaga berriak etorriko dira, duda barik.