• IRITZIA
  • Trump eta Putinen kolonia bat gara
Vienako Unibertsitateko ekonomia irakasle eta ikerlaria

Trump eta Putinen kolonia bat gara

2026eko urtarrilaren 13a
pello aspuru lopez de munain

2026 urtea hasi eta hiru egunera, Trumpek nazioarteko araudiari ostiko galanta eman dio, Maduro bahituz. Hori gutxi balitz, Groenlandia indarrez hartzeko mehatxua egin du, eta Europako eskuin muturreko alderdiei babesa emango diela iragarri. Putin antzera dabil: Ukraina indarrez menperatzen saiatzeaz gain, Errepublika Baltikoei mehatxu egin die, eta Errumania zein Moldaviako hauteskundeetan hautagai euroeszeptikoak sustatu ditu.

 

Gertakari horiek joera argi baten adierazgarri dira: II. Mundu Gerra ondoren eraikitako nazioarteko araudia ahultzen ari da, buruzagi autoritarioak indartzen direlarik. Paradigma berri horren arabera, Europako herriak Trump eta Putinen menpe bizitzera kondenaturik omen gaude. Baina ba al dago joera hori, hitzetatik harago, eraldatzeko modurik? Elektrizitate ekoizpenari dagokionez, erantzuna baiezko borobila da.

Elektrizitateaz eta atzerriko menpekotasunaz aritzean, ezinbestekoa da azpiegiturak eta erregaiak bereiztea. Azpiegiturak energia sortzen duten makinak dira, hala nola, zentral termikoetako turbinak, eguzki-panelak edo haize-errotak. Erregaiak, berriz, azpiegiturak elikatzen dituzten baliabideak dira: gas naturala, uranioa, eguzkia, haizea eta abar. Behin azpiegiturak eskuratuta, hamarkada luzez erabil daitezke inbertsio berririk egin gabe; erregaiak, ordea, etengabe erosi behar dira ekoizpena bermatzeko.

 

Konpara ditzagun XXI. mendeko hiru energia iturri nagusiak atzerriko menpekotasunaren ikuspegitik: gas naturala, eguzki-energia eta haize-energia. Gas naturalak menpekotasun handiena sortzen du, behin azpiegitura eraikita erregaia etengabe inportatu behar delako ekoizpena bermatzeko. Eguzki-energiaren kasuan, menpekotasuna askoz txikiagoa da: panelak atzerrian ekoizten dira, baina behin inportatuta, 30 urte luzez elektrizitatea ekoizten dute bertoko eguzkia baliatuta. Azkenik, berton fabrikaturiko haize-errotek kanpo-menpekotasuna erabat hausten dute, azpiegitura zein erregaia gureak baitira.

EAE gas natural importazioak
EAEko gas natural inportazioak

Zein izan da, aukera horien artean, euskaldunon hautua? Gas naturala. Zeintzuk izan dira, azken urteotan, gure gas hornitzaile nagusiak? Estatu Batuak eta Errusia. 2023 urtean, adibidez, 550 milioi euro inguru ordaindu genizkien guztira, gas naturalaren truke. Energia kolonia bat gara: euskaldunok argia piztu, eta Trumpen zein Putinen diru-zorroak puzten ditugu.

Ez du hala izan beharrik. Galizian, esaterako, parke eoliko kopurua bikoiztu egin dute azken bi hamarkadetan. Bitartean, EAEn ez dugu haize-errota berri bakar bat ere eraiki. Ondorioa nabarmena da: 2024 urtean Galiziako elektrizitate beharraren %64 haizearen bidez ekoitzi zen; EAEn, aldiz, ez ginen %2ra heltzeko gai izan.

Trump eta Putin benetan geldiarazi nahi baditugu, hobe genuke hitz gutxiago egin, eta haize errotak eraikitzen hastea. Hautu horrek gure mendi asko itsusituko du, halabeharrez. Hala ere, nik nahiago dut herri askeago eta itsusiago bat izan, kolonia idiliko bat izaten jarraitu baino. Zuk zer deritzozu?