Donald Trump AEBko gobernura iritsi da eta berehalakoan hainbat iragarpen egin ditu: enpresa multinazionalak Estatu Batuetara itzultzera gonbidatzea, muga-zerga berriak ezartzea eta, hedabide batzuek diotenez, Stargate IA izeneko ekimen teknologiko handi bat abian jartzea, besteak beste. Haren mezua argia da: AEB da, gaur-gaurkoz, negozioak egiteko tokirik egokiena, eta bertan dauden enpresei zerga-ondorio positiboak, laguntzak eta babes instituzionala emango zaizkie. Europan, berriz, kezka eragiten du jarrera protekzionista horrek, batez ere mundu mailako merkatuen oreka, inbertsio-fluxuak eta garapen teknologikoa zalantzan jar ditzakeelako. Trumpen ikuspegia xehetzen saiatuko naiz datorren lerroetan, eta ikuspegi europar batetik, mehatxu horien aurrean egin daitekeenaren zertzelada batzuk eman. Nola sor dezakegu babes-estrategia ekonomiko, teknologiko eta enpresariala?
Europak baditu hainbat ezaugarri AEBk ez dituenak. Esaterako, Europar Batasunak barne-merkatu bateratua du: 27 herrialdek partekatzen duten merkatua da, inportazio- eta esportazio-araubide komunekin, langileen eta zerbitzuen zirkulazio askearekin eta, neurri handi batean, zerga-politika arautu batekin. Honek aukera paregabea ematen die enpresei, oro har kontinentearen barruan merkataritza egiteko oztopo txikiagoak baitituzte
Bestalde, Europar Batasuna industria tradizio zabala duen eremua da, eta ekosistema ahulduta badago ere, oso anitza da: automobilgintzan Alemaniak, Frantziak edo Italiak duten esperientzia; teknologia berrietan Irlandak, Estoniak edo Finlandiak egin dituzten aurrerapausoak; energian eta ingeniaritzan Eskandinaviak duen esperientzia; edota urrutira joan gabe, Euskal Herrian dugun industria panorama zabala. Horri guztiari gaineratu geniezaioke Europak duen talentu espezializatu handia, hezkuntza eta prestakuntza-maila altua ere. Nire lankide batek esango lukeen bezala, “etxetik kanpo hotz egiten du”, eta ez nuke esango Trumpen gonbitea erabat erakargarria denik. Enpresa asko hemen dagoen ekosisteman mantentzearen aldekoak dira, kalitatezko azpiegiturak, finantzazio-iturri anitzak eta merkatu kualifikatu bat dagoelako. Baina, eta teknologian?
Europarrak ahalmen teknologikoa indartu beharrean gara, hori garbi dago. Trumpek garatuko duen Stargate —adimen artifizialaren makroproietua— ekimenarekin, agerian geratu da AEB teknologia-esparruan indartsuagoa dela eta pauso batzuk aurrera egin nahi duela datozen urteetan. Europak, ordea, Horizon Europe bezalako finantzaketa-programa erraldoiak ditu, enpresa teknologiko berriak bultzatzeko inbertsio-funts ugari, eta, batez ere, Europako Batzordearen helburu argi bat: burujabetza digitala sustatzea. Gu geu izan gaitezke gure teknologia garatzearen jabe, geure datuak modu seguruan kudeatu, geure araudi propioak eraiki —GDPR-aren eredua, esaterako—, eta, aldi berean, merkatu osora irekita egoteko aukera izatea. Hortaz, gure prestakuntza-maila aprobetxatu behar dugu, gure oinarrizko ikerketa —unibersitateak, formakuntza profesionala, zentro teknologikoak, etab.— balioan jarri eta merkaturatu.
Azkenik, Trumpen mehatxuen aurrean, bi arlotan jarri behar dugu arreta: lehena, finantza-espekulazioa; bigarrena, defizit teknologikoa. Trumpen gobernuak egiten dituen proposamen protekzionistei eta gonbite agresiboei aurre egiteko, Europak ezin du besterik gabe Trumpen presioa onartu; erantzunak aktiboa izan behar du eta erreaktiboa izateari utzi. Bi kontinenteen arteko talka zuzena izan daiteke aurrerantzean, baina proiektu eta politiketan oinarritutako talka, ez erretorikoa soilik.