Tsunami artifiziala

Adimen artifiziala (AA) bolo-bolo dabil azkenaldian teknologia munduan. Web3 edota errealitate birtualaren olatuak izan genituen lehenago, baina garbi dago, oraindik bada ere, ez dutela kontsumo-masa handietara iristeko nahikoa indarra hartu. Adimen artifizialak, ordea, aurreko teknologiek ez bezala, egunerokoan praktiko eta beharrezko zaizkigun atazak egiten laguntzen digu, eta aplikazio erreala topatu zaio sektore askotan: diseinuan, bideogintzan, idazketan… Badirudi olatua, hartu duen abiadura ikusita, laster tsunami bilakatuko dena eta gure lan egiteko modua erabat irauliko duela.

Open AI, Microsoft, Google, Notion… izaten ari dira AA aplikatzen hasi diren lehen enpresa entzutetsuenak: AA duten txatak, bilatzaileak, erredaktore automatikoak, bideogileak… sortzen eta sozializatzen hasiak dira. Teknologia berritzaile horretan oinarritutako erremintak debalde gizarteratzeko estrategia aplikatzen ari dira denak, etaez haien lana oparitzeko asmoa dutelako, haien “kaxa beltza” entrenatu eta hobetzeko asmoagatik baizik. Microsoften Bing Chat edo Open AIren GPT-4 eraikitzeko milioika pertsonen galdera eta interakzioak behar dituzte, makinek dituzten datasetak erabilita pertsonen interakzioak ulertu, eta ahalik eta erantzun hoberenak emateko. Beste modu batera esanda, gure erabilerak eraikitzen eta sofistikatzen du produktua, eta momenturen batean itxi eta ordainpeko funtzioak gehituko dizkiete (Open AI-k egin duen bezala).

Zerk egiten du, baina, teknologia hori hain arrakastatsu? Teknologiaren munduan oso ohikoak izaten dira izugarrizko eraldaketa sozioekonomikoak zin egiten dituzten teknologien iragarkiak, olatua hasi, hypeak sortu eta berehala flat gelditzen direnak: metabertsoa edo web3a, esaterako. Web2ko garaitik iraultza digital bezala saldu zaizkigun teknologiak gaitasun gutxi erakutsi dute masa-kontsumorako; aldiz, adimen artifizialaren bilakaera oso bestelakoa izaten ari da. Funtsean, hainbat arlo edo sektoreetan produktiboagoak izateko aukera eskaintzen du; gizakiaren garunari hedadura artifizial bat gehitzea bailitzan, ataza batzuk automatizatzea, maximizatzea eta aberastea ahalbidetzen duen mundu berri bat da.

Produktibitatearen dimentsio berri baten ateak zabaltzen ari da AA. Gizakiak orain arte bizitako esperientzietan sorturiko informazioan oinarritu gara sormen prozesuetarako (idaztea, marraztea, diseinatzea, musika egitea…), eta gure garunean biltegiratutako datuen informazio gurutzaketetatik eratortzen dira ideia berriak. Orain, berriz, garuneko datasetaz gain, sarean dauden milioika datu eta informazio gehitzen zaizkio, eta prompt (AAri egiten dizkiogun galdera edo eskaerak) bidez bi datasetak batu ditzakegu: gizakiaren garuna eta AA.
 
Edozein pertsonak idatzi behar duen testu, marraztu behar duen irudi, egin behar duen bideo edota sortu behar duen melodiak dagoeneko automatikoki produzitzeko aukera emango digu. Oraindik promptak egiten ikasi behar dugu: bere garaian mekanografia klaseak jaso genituen bezalaxe, orain AAri informazioa eskatzen ikasi beharko dugu. Baina lasai, ez da askorako izango. Oraingo belaunaldiek mekanografia modu naturalean ikasi moduan, AA gure egunerokoan modu naturalean txertatuko baita urte gutxitan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK