Turismoa ala hil

Duela urte bat Erronkaribarko herrietako udalek gutun bat jaso genuen: Espainiako Herri Politenen Elkarteak gonbita egiten zigun haien kide izatera. Egia da zinez herri politak direla gure ibarrekoak, harrizko eta zurezko etxe eder eta zainduak, harriztaturiko karrika estuak, garai bateko tximinia tronkokoniko ikusgarriak, Pirinioetako teilatu bereizgarriak, eta nola ez, bere inguru natural txundigarria. Lagun batek erran zidan moduan: “15 urte dira honat ez nentorrela eta beste lekuetara itzuli naizenean ez bezala, hau berdin dagoela iduri zait, hemen denbora igaro izan ez balitz bezala.”

Turismoa da egungo jarduera ekonomiko nagusiena Pirinioetako herrietan, aspaldi hartu diola aurrea lehen sektoreari eta desoreka handi bat existitzen da. Tamalez, turismorik gabe xei* dugu herri hauetan! Baina galdera da: turismoa, edozein preziotara? Bisitari gehiago erakartzeko ahaleginak egiten dituzte zenbait herrik, bertako biztanleen ongizatearen gainetik. Hori gordinki Huescako Pirinioetako turismoaren modeloan ikusi dugu azkeneko hamarkadetan: masifikaturiko paraje naturalak edota natur-guneetan eraikitako Aramon eski-intalazio erraldoiak, besteak beste.

Orain jasangarria hitza modan jarri denez geroztik, ahaleginak beste norabide baterantz direla ematen du: turismo jasangarrirantz. Baina, ze kristo da hori? Definizioa hamaika aldiz irakurrita ere, ez dut ongi konprenitu oraindik kontzeptua: “oraingo eta etorkizuneko ondorio ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak oso-osorik kontuan hartzen dituena, bisitarien, industriaren, ingurunearen eta komunitate anfitrioien premiak asetzeko”.

Ufa! Ez da kontu makala! Herrigintzan gabiltzanotzako gauza anitx aintzat hartu behar gure jarduna jasangarria izatea nahi badugu, zeren eta, erran bezala, edozerk ez duen balio turismoaren izenean: Espainiako Herri Politenen izendapena jasotzea, adibidez; Erronkarik eta Euskal Herriak ez dute merezi.

*Oharra: Xei, Erronkariko euskaraz, 'jai' da

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK