“Gu hortxe gabiltza tailerretan lanean, trokelak-eta egiten, hainbeste ahalegin, eta hauek, elizako atea zabaldu, sarrera kobratu eta aberastasuna eskura”. Gure aita, bizitza osoan industrian lanean aritu ostean 90eko hamarkadako birmoldaketak industriatik bortizki erauzi zuena, zintzo txunditu zen lehen aldiz Sevillako Giraldarako sarrera ordaintzeko ilaran zegoen jende pila ikusi zuenean.
Turismoa, industrian hazitakoen buruan, jarduera txiki eta xalo bat zen, lan gutxi eta aberastasun apala ematen zuena herri bati benetako etekina ematen zion industria oroahaltsuaren aldean. Turismo jardueren artean oinarrizko ekintza bat, turista jendeari jauregi, eliza eta nobleziaren garai bateko etxeak irekitzea diru truke, industrian hezitakoen iritziz, ez zen benetako lana eta nekez izan zitekeen (gure) gizarte baten ekonomiaren euskarrietako bat.
Baina etorri ziren 90eko industria-birmoldaketa eta hurrengo urteetako itxierak, eta, aldi berean, prezio baxuko hegaldiak, hedonismo berriak eta gurean ere turismoaren aldeko apustua egiteko politikak.
Euskadiko Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak bakarreko eskumena daukate turismoaren alorrean. Eskumen hori erabiliz, Euskadik 1994ean eman zuen bere lehen turismo legea, turismoaren sektorean lan egiten zuten enpresen jarduera, turista jendearen bermeak eta administrazio publikoen rola arautzen zituena lehen aldiz. Legea 2008an berritu zen, batez ere establezimendu eta jarduera turistikoak ezartzeari traba gutxiago jartzeko, eta gaur egun 2016ko turismo legea dago indarrean, barne hartzen duena turismo zerbitzuen eskaintza arautzea, baita emakume eta gizonen arteko berdintasun legea eta 2025eko etxebizitza legea ere, azken hori tentsionatutako eremuak deklaratzen dituena.
Nafarroako Foru Erkidegoan 2003koa da turismoaren jardueraren antolaketa bideratzeko lehen legea, eta harrezkero aldatu egin zen 2008an establezimenduei eta jarduerari askatasun gehiago emateko. 2020az geroztik lege berria dago indarrean, nobedade moduan ezartzen duena, besteak beste, jarduera turistiko bat edo turismo lizentzia bat eman aurretik toki entitateek kontsulta egiteko aukera arautegiari lotutakoak diren ala ez egiaztatzeko.
Ondorioz, turismoa gurean ekonomia bultzatzen duen sektore garrantzitsu bilakatu da, Bilbo lehen industriala souvenir dendaz josi dute, eta azken urteetako ohiko turismo guneetatik kanpo ere agertu dira turistak, baita Eibarren ere.
Turista ugariz beteta ez dauden guneetako turismoa bestelakoa da. Aste Santu honetan hain ezagunak ez diren turismo lekuetara joandako turista jendeak oro har herri lasaiak topatu ditu. Ikusi ahal izan ditu trankil asko elizak, jauregiak eta garai bateko nobleen etxeak, kultur, natura edo memoria ibilbide gidatuak, baina ezin izan du kalearen arima ikusi. Denda guztiak eta taberna gehienak itxita, kalean jende gutxi, bertakoak beste nonbait geundelako turismoa egiten. Baita ere souvenir dendaz jositako guneetan edo dendak itxita eta kaleak hutsik zeuden herrietan, herrietako arima ikutzeke, turista geu ere.