Euskal kostaldea ospe handiko turismorako leku bihurtu da azken urteotan mundu mailan. Punta puntako gastronomia dugu, leku paregabeak bisitatu daitezke, kultura indartsua eta gure herrietako historia eta bizitzak ematen dute zer erakutsia kanpotik datozenei. Turismoaren arrakastak ordea, erronka garrantzitsuak ekarri ditu berekin iraunkortasunaren eta tokiko komunitate edo auzoetako bizitzen errespetuaren bueltan. Eredu turistikoa birpentsatzeko beharraz denak jabetu gara eta premia larriari dugula nabarmena da, baina aurrerapausorik ematen ari al gara? Nola eraikitzen dira bizitzeko eta bistatzeko herri jasangarriak? Eredu-ekonomikoa ala bizi-eredua jarri behar dugu erdian?
Zure baimenarekin hiriburu bi hartuko ditugu eredutzat: Donostia eta Bilbo. Hiri hauetan turismoak gainezka egin du azken urteotan. Saturazio horren adierazgarri dira trafikoaren hazkundea, kaleetako auto-pilaketa, alokairu turistikoaren ondoriozko etxebizitza eskuragarrien —eskaria eta prezioaren ikuspuntutik— eskasia eta herritarren bizitzen gaineko presio eta estresa. Turismoa erdigune bilakatzen den hiri-ereduetan herritarren bizitza eta nortasuna galdu egiten da, komunitateen benetakotasuna higatu eta sustrai kultural eta komunitarioak galduz. Edo bestela esanda, herritarrak haien jaioterria utzi eta periferiara desplazatzen ditu hiriaren dinamikak berak.
Asko hitz egin da turismoaren eraginen bueltan, baina zein dira turismo jasagarriago batera eraman gaitzaketen proposamen zerrenda? Zerk balio dezake eta zerk ez?
Askotan udal-gobernuetan jartzen dugu mira turismo-politikez hitz egiten dugunean, baina egin dezagun lurralde mailara salto une batez. Turistifikazioa eta gune tentsionatuak ekidite aldera, eskaintza turistikoa dibertsifikatzeko estrategiak ezinbestekoak dira, eta hau lurralde ikuspegi batetik egin behar da halabeharrez. Ohiko turismo-guneetatik haratago, gutxiago bisitatzen diren eremuetan esperientzia berri eta jasangarriak sustatzea izan daiteke proposamen bat; honek gune tentsionatuak arintzeaz gain, onura ekonomikoak lurraldeko beste eskualde eta tokiko komunitateetan birbanatzen lagunduko bailuke.
Bestalde, ahalmenaren kudeaketa zorrotz bat egin beharko litzateke. Turismo-leku edo gune-tentsionatuen ahalmena kudeatzeko neurriak ezartzea funtsezkoa da. Horrek eremu jakin batzuetan bisitari-kopurua mugatzea ekar lezake, edo etxebizitzen alokairu turistikoa arautzea higiezinen espekulazioa saihestu. Horretarako ordea, lehenengo gune tentsionatuen zerrendak zabaldu eta handitu behar dira Euskal Herriko udalerri populatuenetan, ondoren ahalmen kudeaketaren bijilantzia egiteko.
Ebidenteegia dirudien arren, uste baino kanpaina gutxiago egiten dira turismo arduratsua sustatzeko. Funtsezkoa da turismo-praktika arduratsuak sustatzea, ingurumenean eta komunitatean eragin negatiboa minimizatzen lagunduko dutenak. Horretarako, tokiko kultura, ingurumena eta tradizioak errespetatzen irakatsi behar zaie turistei, eta tour turistikoak egiten direnean edota ostalaritzan ohiko praktika bihurtu.
Azkenik, parte-hartze komunitarioaren indarra eta beharra nabarmendu nahi nituzke. Tokiko komunitate eta bizilagunak turismoaren ereduaren bueltako erabakietan txertatu beharko genituzke. Tokian tokiko aholku-batzorde eta herritarren batzarrak eratu behar ditugu, egoiliarrak, sektoreko profesionalak eta agintarien artean, komunitatearen beharrak eta turismoaren eskaerak orekatuko dituzten estrategiak garatzeko. Turismoa urgentziaz landu beharreko gaia dugu eta ko-gobernantza ereduetara jo beharrean gara guztion behar eta interesek lekua izan dezaten.