Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Turismoaren funanbuluak

2025eko uztailaren 14a
xabi murua 2022

Egunero selfie baten atzean lokal huts bat gehiago gelditzen zaigu gure kaleetan. Taberna berriak, Airbnb apartamentuak, food tourrak eta gazteentzako lan prekarioak… turismoak “ekintzailetza” eta “hazkundea” omen dakar, baina zer hazten da benetan? Prezioak, zarata, kale komertzial hutsak eta bizilagunek etxebizitza uzteko beharra. Bilbo eta Donostiaren artean turista kopuruak %14 egin du gora ekainean, eta udalek edukiera-mugak jarri nahi dituzte. Berandu gabiltza, ezta? Oraindik ulertzen ez dudana zera da: zergatik jarraitzen dugu turismoaren menpeko eredu bera elikatzen? Ez al dugu tendentzia aldatzeko asmorik?

 

Kalitatezko turismoa diru gehiago duten turistak nahi izatea besterik ez da, eta kaleak parke tematiko bihurtzen jarraitzen dugu urtez urte. “Turismo masiboaren aurka” gaudela esaten dugun bitartean, oporrak Ryanair hegaldietan hartzen jarraitzen dugu, eta ahal dela merke. Kontraesan kolektiboak? Bai, asko. Gentrifikazioaren aurkako pankartak ikusten ditugu, baina zer alternatiba ari gara eraikitzen? Gazte askok “autoenplegua” bilatzen dute turismoan: gida eta esperientzia turistikoak, alokairu turistikoak… baina balio erantsirik sortu gabe, prekarietatean erortzeko arriskuan jarraitzen dute. Turismoaren ekarpen ekonomikoari alternatibarik sortzen ez badiogu, nola kenduko diogu pisua berekiko menpekotasunari?

Turismo masiboaren kolapsoaren atarian gaude? Post-turismoaren aukera serioago hartu behar genuke… turismoa beti egongo da, baina aparra jaitsiko delako bermea nahiko ziurra da. Klima-krisia, energia-krisia eta sozialki jasanezinak diren prezioak direla eta, turismoaren olatua geldiaraziko duen balaztak sakoneraino zapalduak ditugu. Baina zer ekonomia alternatiboetan oinarritu nahi ditugu gure herri eta hiriak? Zaintza, industria berdea, teknologia, komunitate-kultura, merkataritza txikia… udalek eta herritarrok elkarrekin erabaki behar dugu norabidea. Ez da nahikoa turismoaren mugak jartzea, gainerako alternatibak aktibatu behar dira: hutsik dagoen lokal bat auzokoen beharretara egokitutako zaintza-espazio bihurtzea, gazteek ekintzailetza teknologikoa tokian-tokiko erronketara bideratzeko aukerak edukitzea, edo udalaren kontratazio-politikak aldatu eta bertako enpresa txikiei lehentasuna ematea.

 

Ez gaude soilik turista gehiago etorriko diren ala ez erabakitzeko momentuan, nola biziko garen erabakitzeko garaian baizik. Orain erabakitzen ez badugu, krisi klimatikoak, energiaren garestitzeak eta etxebizitzen prezioek erabakiko dute gure ordez; eta orduan berandu izango da. Hiri eredua ere turismo eredua birdefinitzetik egiten da, eta horretan zentratu behar genuke datozen urteetan. Turismo eredua egun dugun dilema sakonenetako bat da: guztion bizimoduari eragiten dio, baina guztion artean erabakitzeko gai ez garen arazo kolektiboa da, ekonomia, ingurunea eta gizarte-kohesioa zeharkatzen dituelako.

Nola erabaki orduan? Deliberazio herritarra izan daiteke tresna eraginkorrenetako bat. Dilema sozialak, edo erabaki komunak bilatzeko zaila izan daitezkeen erronka horietan, ausaz aukeratutako herritar ezberdinen arteko elkarrizketa, diseinu eta deliberaziotik turismo-eredu berri bat diseinatzeko tresna bikaina izan daiteke. Horren eredu da esaterako Gurea Geroa proiektua Euskal Herria mailan gazteekin egiten ari den turismo-ereduaren inguruko prozesu deliberatiboa. Nolako herri eta hiriak irudikatu nahi ditugu? Nolako ekonomia? Nola babestu bizilaguna? Galdera hauek eta gehiago erantzuteko bidean dira euskal gazteak jada. Guk ere hausnarketa bera egin dezakegu: turismoaren oreka… non dago?