• IRITZIA
  • Turista gehiegi... edo planeta txikiegi?
EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Turista gehiegi... edo planeta txikiegi?

2026ko irailaren 16a - 05:30
eduardo malagon

Berotasunak gure pazientzian duen eragina ukaezina da. Agian horrek lagundu du uda honetan turismoaren ondorio kaltegarrien inguruko kexak areagotzen. Zenbait tokitan haserrea kalera atera da, turismoak etxebizitzen prezioetan, zerbitzu publikoetan edo eguneroko bizitzan duen eragina salatzeko. Beste batzuetan, agintariek urrats bat gehiago egin dute, turistei tasak edo sarbide-kupoak ezarriz.

 

Baina arazoa ez da beroa. Espazio mugatuetan gero eta pertsona gehiago pilatzeak tokiko biztanleen egunerokoa baldintzatzen du. Ohiturak eta errutinak aldatu behar izaten dituzte, sarritan turismoak sortutako gastuaren etekin txikia jasotzen duten bitartean. Horri bisitari batzuen jokabide desegokiak gehituz gero, ez da zaila ulertzea turismofobia deitu zaion fenomenoaren gorakada.

Paradoxikoki, ordea, turistak izaten jarraitu nahi dugu. Eta ez guk bakarrik. Gaur egun errenta-maila txikiagoa duten herrialdeetako biztanleen diru-sarrerak handitu ahala, bidaiatzeko duten joera ere handituko da. Turismo-gastuaren errentarekiko elastikotasuna handia da: errenta hazten denean, turismoan egindako gastua proportzio handiagoan hazten da. Hortaz, munduko errentak gora egiten jarraitzen badu, turisten kopuruak ere gora egingo du.

 

Ondorioa nahiko argia da. Gaur egun jendez gainezka dauden helmugen presioa arintzeko helmuga berriak garatuko dira; eta horiek ere, arrakasta izanez gero, jendez gainezka egingo dira. Mugimendu horren azken muturrean, planeta bera resort erraldoi bihurtzeko arriskua dago.

Agian, beraz, galdera ez da turista gehiegi ote dauden. Azken batean, ia denok gara turistak noizbait. Galdera deserosoagoa da: zenbat pertsona eta zer kontsumo-mailarekin bizi gaitezke planeta mugatu batean?

Gaur egun 8.000 milioi pertsona baino gehiago bizi gara Lurrean. Eta auzia ez da biztanleria hutsa, baizik eta biztanleria hori kontsumo-maila gero eta handiagoekin konbinatzea. Ba al du planetak nahikoa baliabide munduko biztanle guztiei herrialde aberatsenetako kontsumo- eta ongizate-maila eskaintzeko?

Global Footprint Networken kalkuluek dimentsioa ematen diote galderari: egungo munduko kontsumoa modu iraunkorrean mantentzeko ia bi planetaren baliabideak beharko genituzke; munduko biztanle guztiek AEBetako batez besteko kontsumo-maila izango balute, bost planeta beharko lirateke. Eta kontsumo gehigarri horren zati bat, zalantzarik gabe, bidaiatzera bideratuko litzateke.

Hor dago turismoaren eztabaidaren benetako muina. Errentaren hazkundea, biztanleriaren tamaina eta bidaiatzeko gero eta gaitasun handiagoa konbinatzen baditugu, turismoaren hazkundeak ezin du mugarik gabe jarraitu planeta mugatu batean. Kutsadura, ur-kontsumoa, hondakinak, lurzoruaren okupazioa, paisaiaren eraldaketa edo berotegi-efektuko gasen isurketak ez dira turismoaren kanpo-efektu anekdotikoak: turismo-ereduaren eskalarekin batera hazten diren presioak dira.

Horregatik, arazoa ezin da soilik turisten kopuruaren arabera formulatu, ezta turistei errua botaz konpondu ere. Arazoa eskala da. Eta, are sakonago, baliabide mugatuak dituen planeta batean etengabeko hazkundea posible dela sinesten duen kontsumo-eredua.

Veneziako San Markos plaza, Dubrovnikeko Straduna, Dolomitetako Tre Cime di Lavaredo, Bartzelonako Rambla edo Kontxako pasealekua, jendez lepo udako egun sargoritsu batean. Ez dira turismoaren arrakastaren irudi hutsak. Etorkizuneko turismoaren —eta agian gure kontsumo-eredu osoaren— mugak erakusten dizkiguten postalak ere badira.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain