Twitterren mehatxua

Hilabeteetan bolo-bolo aritu den sekretua publiko egin da azkenean. Iritsi da Twitterrekin lehiatuko den Mark Zuckerbergen aplikazioa berria: Threads edo euskaraz, hariak.

Instagramen bidaide gisa aurkeztu zuen Metak asteazkenean Threads. Instagramek duela hamar urte baino gehiago erositako argazkiak partekatzeko sarea izan da orain artean Threads, eta hilabete batzuetan estrategia irauli eta mezu-hariak publikatzeko sarean bilakatu da. Biraketa honek Twitter kinka larrian jarri du eta Musken aplikazioari erreleboa eman diezaioken alternatiba izan liteke, zalantzarik gabe. Aditu batzuk “Twitterren hiltzailetzat” ere kalifikatzera iritsi dira.

Azken hilabeteotan, teknologia enpresa asko saiatu dira Twitterren bizi izan den nahasmasa aprobetxatzen, baina ez dirudi aukera indartsurik atera denik orain arte. Aurreko astean ordea gauzak irauli egin ziren; izan ere, Threads abantailarekin abiatu da, Metaren funts handiek eta Instagramen erabiltzaile datubaseak lagunduta —2.000 milioi erabiltzaile aktibotik gora baino gehiago ditu hilero mundu osoan— benetako mehatxua bilakatu da txiokariarentzat.

Baina zer da Threads? Instagrameko zuzendariaren arabera “jendeak denbora errealean elkarrizketak publiko egiteko aplikazioa da. [...] Komunitateentzako espazio irekia eta lagunkoia eraikitzea da asmoa”. Esan bezala, ez da zerotik hasiko. Instagrameko erabiltzaileek nahi izanez gero, zuzenean inportatu ahal izango dituzte Instagrameko jarraitzaileak Threadsen. Adibidez, sortzaile batek jarraitzaile asko baditu Threadsen, teknologia berean oinarritutako beste plataforma batzuetara eraman ahal izango ditu jarraitzaileak (Instagram edo Facebook, adibidez). Hala, sortzaileek arrisku gutxiago izango dute; inbertsioa ez lukete banatu beharko eta ez lirateke plataforma bakar batean harrapatuta sentituko.

Threads sortu eta Twitterri luzatutako hordagoaz gain, azken hilabeteotan Elon Musken eta Mark Zuckenbergen artean mezu eta gonbidapenak ere luzatu dizkiote elkarri haien sare sozialetan. Bata eta bestea borroka batean murgildu dira, eta borroka-lekua Erromako Koliseoa izango zela aipatu zen. Bi magnateek enpresa teknologikoak sortzeari baino, fanatismoa sortzeari hartu diote gustua eta honek aurrekari arriskutsuak ezarri ditzake gizartean. Edozein arlotan sortzen den lehia (kirolean, merkatuan…) borroka eta biolentzia erabiliz ebaztera deitu dute bi handikiek. Biak hala biak jarraitzaile komunitate eta mugimendu bana eraiki nahian dabiltza, politikariak bailiran, hau eta bestea hitzemanez: Muskismoa vs Markismoa. Sareetan Superbowlak —AEBtako amerikar futbol profesionaleko liga den NFLko txapelketako azken partida— sortzen duen ikusminaren pare jarri dute askok, eta inoiz izan den borroka ikuskizun handiena eskainiko dutela biek.

Threads laister iritsiko da Europara, paradoxikoki elkarrizketa hariak eskainiko dituen aplikazio berria. Gainontzekoentzako elkarrizketa nahi bai, baina beraien arteko elkarrizketak mehatxu, borroka eta biolentziara bideratuko dituzte? Kontraesankorra ezta?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK