Txateatu zure asteko erosketa

Ikasturtea hasten ari gara. Batzuk lehenago eta besteak beranduxeago, baina iraila izaten da udan galdu ditugun errutina eta ohitura guztiak berreskuratzeko hilabetea. Iratzargailua programatu, igerileku eta gimnasiora bueltatu, eskola edo lanez kanpoko jarduerak hasi, agendan eginbeharrak zerrendatu, oporretan joan aurretik hustu dugun hozkailu eta biltegia bete, asteko menua planifikatu eta ausarten batek edo bestek baita guztia kozinatu ere, bunch cooking delakoa oso modan baitago. Zuenean nola egiten duzue asteko erosketa? Planifikatu behar duten horietakoak zarete? Egunean egunekoa egiten duzue? Hilabetekoa akaso?

Gure etxean astelehenetan egin ohi izan dugu bisita supermerkatu eta azokara. Asteko otorduak antolatu, erosketa zerrenda egin eta erosketak egitera joaten gara, normalean bertara. Ez gara bakarrak: Asedasek aurkeztutako Elikadura arloko Merkataritza Elektronikoaren V. Behatokiko datuen arabera, %63k supermerkatuan egiten ditu erosketak, kontsumitzaile mistoak pisua hartu duen arren pandemiaren ondorioz. Niri pertsonalki produktua bertatik bertara ikusi, usaindu eta 'ukitzea' gustatzen zait, baina aitortzen dut horretarako denbora atera behar dela norberaren agenda betean. Analisi honen datuen arabera, supermerkatuan batez beste 43 minutu inguru behar izaten dugu erosketa burutzeko eta online bidez eginez gero erosketa, berriz, 23 minutu baino ez.

Aste honetan, ordea, orain arte erabili ez dugun —Txinan bizi ez bazara behintzat— asteko erosketak egiteko modu berri bat aurkeztu du Meta enpresak (lehen Facebook zenak): whatsappen bidezkoa. Antza, lehen aldiz WhatsApp aplikazioko txatean bertan egin ahal izango dira erosketan Indian. JioMart izeneko supermerkatu kateak Meta enpresarekin egindako akordioan dioenez, “Indiako eraldaketa digitala bizkortzeko, eta tamaina guztietako pertsonei eta enpresei modu berrietan konektatzeko aukerak emateko akordioa izan da, herrialdearen hazkunde ekonomikoa bultzatuz”. JioMart supermerkatu kateak WhatsAppen duen esperientziak goitik behera aldatuko du India osoko milioika enpresek beren kontsumitzaileekin duten harremana eraikitzeko aukera, eta, aldi berean, pertsonen erosketa-esperientzia sinpletu eta erosoagoa eskainiko du, ziur. Baina dena ez urre kolorekoa.

Lehenago Txina aipatu dut. Izan ere, orain WhatsAppek hasi duen bide berri hori WeChat izeneko aplikazioak egin zuen duela urte batzuk Txinan. Gaur egun, doako zerbitzua eskaintzen duen superappa, txata izateaz gain, Facebook, Instagram, Skype, Uber, Tinder eta Amazonek eskaintzen dituen funtzionalitateak barne ditu, eta jaun eta jabe da herrialdean. Mendebaldeko herrialdeetan oligopolio sektorialak sortzeko arriskua badago ere, gaur egun badugu herrialdekako merkatu-kuotaren arrazoizko banaketa eta dibertsifikazio minimo bat. Orain arte, Facebookek ez du WeChaten bidea jarraitzeko asmorik aitortu, baina enpresa Meta bilakatzearen arrazoia ez al da norabide hori hartzeko lehen pausoa izango? Ez al du meta- edo super-aplikazio bihurtu nahiko?

India izan da proba egiteko aukeratu duten lehen merkatua, niretzat hiru arrazoi garbirengatik: herrialde azpigaratua baina mundu mailako potentzia da, komertzio elektronikoaren salmenta gorakada bete-betean dago han, eta digitalizatzeko beharra du. Mendebaldeko herrialdeetan dugun merkatu frakzionatuei esker zailagoa eta garestiagoa egingo zaie eskalatzea, baina ziur egon Indian eta beste herrialderen batean gorpuztu ostean, superapp bilakatu nahiko dutela gure egunerokoan ditugun elkarrizketak, salerosketak, ohiturak, argazki eta bideoak ezagutu eta erregistratzeko. Eta hori guztia txat sinple batekin, inongo erregistro edo prozedura konplexurik gabe. Erne!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK