Komunikazio eta lidergo aholkularia

Txikia

2025eko azaroaren 12a
Aran Erasun Urtzelaieta

“Txiki sentitu nintzen”. Sentipena, ustea, bizipena. Buruan sortzen den mezua, “txikia naiz”, emozionalki ezerosoa, eta gorputz itxiarekin datorrena: uzkurdura, tentsioa, kontrakzioa. Eta bai, txikitzen gara, eta baita batzuetan ikusezin bilakatu ere.

 

Dozenaka, ehunka, emakume. Ibilbide eta eskarmentu ezberdinetakoak, beren enpresa eta antolakundeetan ardura maila ezberdinekin, ikasketa eremu anitzetan jardunak. “Talentosak”, nire amak esango lukeen bezala. Distiratsuak, etortzen zait niri. Azken asteetan bai komunikazio zein lidergo eta ahalduntze prestakuntzetan emakume gisa sozializatu garenon saio berezituak errazten, honek eman dit bereziki arreta: hain handi sumatzen ditudan horiek ze txiki ikusi duten beren burua, eta bereziki: ze maiz.

Ispilu distortsionatu bat daramagu jantzita, eta zorionez eguneroko lan martxa bizia tarte batez abiaduran geldotu eta elkarri begiratzean identifikatu dezakegu. Elkarrizketan. Horretan aritu gara ertz ezberdinetatik, antolaketa kulturetan indarrean ditugun dominazio teknika ezberdinak topatzen, bilatzen, bereizteko entrenatzen nolabait.

 

Ahots batzuei entzungor izatea, mespretxu sotil eta agerikoagoak edo tonu paternalista hori proposamen berri bati erantzuteko. Zenbatetan gertatu zaizu lan bileretan azken hilabetean? Zuri edota lankideren bati? Nola sentitu zara? Zer egin duzue horrekin? Ez hain ageriko izanik ere, pisu handia dute, elkarrekin lan egiteko kulturari forma ematen diote. Elkarrekin komunikatzeko (edo ez komunikatzeko) ditugun moduak, harremantzeko ditugun patroiak, elkar ikusteko moduek sortzen eta elikatzen dute gure ardura, enpresa edota antolakundeetan ekarpena egiteko, ahotsa jartzeko, parte hartzeko ekosistema onuragarri edota ahula. Lur emankorra ala antzua.

Molde hauen eragina iruzurgilearen sindrome izendatzeak haizatzen lagundu du, Anabel Santosek zioen bezala, “betidanik automisoginia barneratua deitu dugun hori”. Eta erraztu egin digu “hau niri ere gertatzen zait” hori onartzea, ezagutu ahal izatea. Baina nondik dator barruan daramagun ahots hori? Gure bizipenen parte handi bat garatzen da lanean. Bilkura bakoitzak, elkarrizketa bakoitzak, hartu-eman bakoitzak bere arrastoa uzten digu. Textiok egindako azterketa baten arabera, errendimendu altuko emakumeen %76k kritika negatiboak jaso dituzte lanean, eta gizonen kasuan %2k.

Segurtasun psikologikoa eta honekin loturiko emankortasun eta berrikuntzarako onura boladan dugu, baina ez da izendatzeagatik gauzatzen. Egunerokoan gure lan espazioetan errekonozimendurako ohitura nolakoa dugun begiratzea izan daiteke abiapuntu bat. Ze ongietorri egiten zaie ekarpen mota ezberdinei, ahots ezberdinei? Zenbat eta nola eskertzen eta aitortzen ditugu? Eskertzarekin ongarritzen da lankideekin partekatzen dugun lurra, eta parekidetasunerako bideek oraindik hortik asko behar dute. Kontuan izanda aitortzeko modu oinarrizkoena: entzutea. Benetan entzutea.

Ikusezinago den horri begira topatuko nauzue zutabeotan. Antolaketa kulturen, harremanen eta komunikazioaren harietan josten. Elkarrekin begira dezagun. Ispilu ezberdinekin begiratuta, barne ispiluak ere molda ditzakegulakoan.

Txikia 20251107