Txikitoaren prezioa

Tabernariek txikitoaren prezioa adosten zuten, propio horretarako egindako bilera batean. Baita eguneko menuarena ere. Gozogileek, pastelen prezioak. Okinek, ogiarenak. Horrela zen, behintzat, nik ezagututako herrian. Herritar guztiek zekiten horren berri, eta guztiok normaltzat jotzen genuen. Txikiteoan ere komentatzen zen: “tabernariak elkartu dira, eta txikitoaren prezioa bost pezeta edo hogei zentimo igotzea erabaki dute”. Prezio berriak onartu baino ez dago, zer erremedio, txikiteroak bere bidea egiten jarraitu nahi badu.

Denbora, baina, aldatzen doa. Lehiaren Euskal Agintaritzak zehapen-espedientea ireki dio Getariako ostalaritzaren batzordeari oraintsu, hain zuzen horixe egiteagatik, ostalaritzaren prezioak adosteagatik eta prezio bakarrik finkatzeagatik euren eremuko tabernetan. Jakina denez, Lehiaren Euskal Agintaritzaren egitekoa da ikertzea eta zigortzea merkatuetako lehiari kalte egiten dioten edo nagusitasunezko egoeraz abusatzen duten jardunbideak. Indarrean dagoen printzipioa, bizi gaituen merkatu ekonomian, lehia librea delako, eta merkatuan libreki lehiatzeko aukera legeak eta erakundeek babestuta dagoelako. EAEn, Lehiaren Euskal Agintaritzak babesten du.

Ostalaritza agintaritzaren jomugan egotea ez da harritzekoa, ikusita sektoreak nolako pisua hartu duen ekonomian. Eustatek aurtengo ekainean argitaratutako kopuruen arabera, EAEko ostalaritzak, alegia, ostatu zerbitzua ematen duten enpresek, gehi jateko eta edateko zerbitzuak ematen dutenek, 2.371 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2020an, pandemia bete-betean, eta 60.519 lagunei eman zien lana. Aurretik, 2019an 4.510 milioi euroko fakturazioa izan zuen sektoreak. Eta ez da estatistikako guru bat izan behar aurreikusteko aurten, udaren eta jaien leherketa gori-gorian, duela hiru urteetako zifretatik oso urruti ez dela ibiliko. Sektoreak, beraz, badu kontuan izan beharra eta zer begiratua.

Ostalaritzaren erabiltzaile herritar gehienok garenez, guztioi egiten zaigu erraz samar jarduerari buruzko komentarioak egitea eta txikiteoan ezarritako prezioak kritikatzea. Ostera, badaude beste sektore batzuk, behar bada ez horren begi-bistakoak, baina Lehiaren Euskal Agintaritzaren ikusmiran jarri direnak ere. Azken bi urteetan, zehapen-espedientean ikertu dituzte Gipuzkoako bi tanatorio eta erraustegi, Bilboko udalaren publizitatea kudeatzen duten bi enpresa, eta Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarterako lizitazioa egin zuten hamahiru enpresa. Eta entzutetsua izan zen Bilboko higiezinen bitartekaritza zerbitzuen gainean ateratako ebazpena ere, etxebizitzen alokairua hitzartzeagatik, edo ezetza emateagatik hormigoia hornitzeko hiru enpresariri, boikot-jarduera bat leporatuz.

Merkatua da, adiskidea. Merkatu librean administrazioak zaindutako lehia librea. To udako txikiteorako hizketa-gai berria.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK