• IRITZIA
  • Tximinoa burmuinean: lanean fokua mantentzeko erronka
Sormen eta berrikuntza aholkularia

Tximinoa burmuinean: lanean fokua mantentzeko erronka

2025eko irailaren 24a
Miren Laurizika   Silvia Oselka Fotografia  2 15

Oporretatik bueltan, badirudi entrenatu gabeko burmuinak berriz ikasi behar duela enfokatzen, ezta?

 

Tximino baten antzera, gure burua adar batetik bestera dabil. Udako bueltan, berriro ikasi behar dugu fokua mantentzen, gauza bat bestearen atzetik egiten. Multitaskinga, gauza asko aldi berean egitea, ez delako, ez osasungarria, ezta eraginkorra ere.

Baina, badakizu, zentratzea ez da lan erraza: galderak, posta elektronikoak eta jakinarazpen etengabeak jasotzen ditugu, gure lana eten eta arreta akatzen dutenak.

 

Kaliforniako Irvine Unibertsitatearen arabera, batez beste 12 minuturo eteten gaituzte edo guk geuk aldatzen dugu lana —gauza bat hasi eta beste batera pasa—eta gero 23 minutu behar izaten dira berriro aurreko arreta-maila hori berreskuratzekoEtenaldi laburrek ere —lau segundokoek, esaterako— akatsen probabilitatea nabarmen handitzen dute. Eta hori guztia ez da produktibitate kontu hutsa: gure ongizatean ere eragin zuzena du.

Kontraesan honetan bizi gara: alde batetik, hiperkonexioaren kultura dugu, une oro eskuragarri egotera behartzen gaituena; bestetik, hiperfokua behar dugu hausnarketa, sormena eta analisi sakona eskatzen duten zereginetan.

Bitxiena da, sarri, ez gaituztela kanpotik eteten: auto-etenaldiak dira erronka nagusia. Mugikorra begiratzen dugu, edo e-posta irekitzen dugu, egiten ari garen lana amaitu aurretik. Buruak, egoak ere baduelako joera hori, era autonomoan ihes egitea: hemen eta orain egotea eragozten du horrek.

Eguneroko praktikan, telefonoa isildu dezakegu, semaforo bat jarri gure mahai gainean, edo esan “orain ez da momentu ona, eguerdian hobe”.  Ez da soilik antolaketa-ariketa: kontzentrazioa baliabide mugatua dela kolektiboki aitortzea ere bada.

Hala ere, aplikazio digitalak ez dira nahikoa. Egiazko lana barrutik dator: mugak jartzea, arreta sostengatzea eta zereginak amaitu arte lehentasuna mantentzea. Eragin zuzena du horrek, ez bakarrik gure eraginkortasunean, baita gure lanaren kalitatean ere. Zergatik gertatzen dira bestela akatsak? Estresa eta arreta faltagatik.

Nazareth Castellanos neurozientzialariak sarritan aipatzen du burua ez dagoela garunean bakarrik giltzatuta. Gure gorputz osoa —arnasaren erritmoa, bihotzaren taupadak, hesteetako mikrobiota— buruaren parte aktiboa dira. Pentsamenduak ez dira garunean soilik gertatzen: gorputzak ere gidatzen du zer pentsatzen dugun eta nola sentitzen garen.

Horregatik, arreta lantzea eta meditazioa ez dira moda hutsak: burrunba mentala eten, eta kontzentraziorako tresna eraginkorrak dira. Burua eraldakorra da, eta plastizitatea du; gure ohiturek eta praktikek forma ematen diote.

Lan-ingurunean ere badugu aukera ohitura berriak sortzeko: arnasa lasaituz, jakinarazpenen zarata mugatuz eta etenik gabeko denborak errespetatuz.

Eta hor dago gakoa: arreta ez da soilik norbanakoaren borondate kontua. Enpresa eta erakundeek ere badute ardura etenaldiak arautzeko eta ongizatea sustatzekoBestela, lan-orduak beteko ditugu, baina adarrez adar dabilen tximino baten moduan, amaierara iritsi gabe.