Txip-txip

Aste honetako zutabean aspalditik bolo-bolo dabilen distopia beldurgarri baten inguruan arituko gara: buruko txipak. Neuralink enpresak aurreko astean publikatu zuen bideo batek izugarrizko oihartzuna sortu du teknologia eta osasungitza sektoreetan, giza adimenaren eta makinen arteko behin betiko integrazioa bermatu eta humanizatu nahi izan duelako. Azter dezagun: zer dago bideo honen atzean? Zer egiten du horrelako txip batek gaur egun? Eta etorkizunean?

Neuralink-en asmoen artean buruko interfaze-konputagailu (BCI) bat garatzea da, erantzun gabe daude behar edo gaixotasunek eragindako pertsonen autonomia-eza berrezartzeko ahalmena sortzeko. Baina ez da hor gelditzen Elon Musk-en enpresaren asmoa, etorkizunean garuna-txipa konputagailu batek gizakiari eman diezaioken inteligentzia potentziala biderkatzea du helburu. Erronka teknologikoa handia dute aurretik honetan lanean ari diren enpresek, baina are handiagoa horrelako soluzio bat kulturalki —Europar herrialdetan batez ere— gizartean txertatzerako orduan. Orain artean teknologia guztiekin egon den errezelo eta mugimendu ludista beraz ari gara — gogoratu orain 15 urte sakelako telefonoekin egon ziren erresistentziak— ala hemen gure etika eta gizatasunaren funtsa mehatxatzen ari den teknologiaz ari al gara? Nola planteatzen ari dira teknologia horrekiko erronka teknologiko eta errezelo sozialak gainditzea?

Neuralink-en komunikazio estrategia argia da, eta bere teknologiaren balioa frogatzean jartzen du arreta, aplikazio mediko ikusgarrien bidez. Aste honetan, estrategia honen eredu den txip bat ezarria duen gaixo baten lehen bideoa aurkeztu du enpresak: lepotik behera paralisia duen 29 urteko gizon batek xakean jolastea lortzen du bere garunean txertatua duen txipa bakarrik erabiliz. Teknologia eta pertsonek dituzten etorkizuneko mugarriak gainditzea demostratzen duen bideo bat existitzen den komunikazio-tresna ahaltsuena da, garuneko inplanteen inguruko narratiba —eta orain arte oso arrotza zena— aldatzen saiatzen duena. Honatx bideoa:

Garun-txipak humanizatzeko bideo honen atzean dagoen Neuralink-en gakoa komunikazioan beti "kausa on"-ak partekatzea hautatzean datza. Bere txipek ezgaitasun larriak dituzten pertsonen bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko duten gaitasunari erreparatuta, Neuralinkek,  bere teknologia ikuspuntu etiko eta humanitariotik erabiltzen ari dela justifikatzeaz gain, garuneko inplanteei buruzko pertzepzio publikoa aldatzen hasi da, AEBtan gutxienez.

Erronka ordea ez da hor amaitzen. Gaur egungo gizarteak burmuinera zuzenean konektatzen diren txipekiko duen ideia kaltegarria da, eta arrazoiarekin. Bestela, zer diozu garuneko informazio eta datuen pribatutasunari eta segurtasunari buruz? Norenak dira? Non geratzen da gizakiaren esentzia? Neuralinken aburuz, funtsezkoa da, bere teknologiaren segurtasuna eta eraginkortasuna erakusteaz gain, kezka horiei buruzko elkarrizketa irekia eta zintzoa sustatzea, baina prest al dago gizartea honetarako? Gai al gara gai honen ingurua prospektatzeko edo etorkizun bat irudikatzeko? Etorkizun hau nahi al dugu? Enpresak badaki txipak aplikazio medikoetan eragiten duen arrakasta frogatuz gero, errazagoa izango dela onarpen sozialerako eta erabilera orokorragoetara bide emateko bidea. Jakina, garuneko inplanteak masiboki onartu eta hartzeko bide hori eztabaida etiko, legal eta sozialez beteta egongo dela, baina lortuko al dute nahi dutena? Galdera hauei erantzuteko erremintak eraiki behar ditugu, teknologia eta garapen berriei aurre hartzeko erreminta eta metodologiak, ez gaitezen beti atzetik ibili etengabe erregulatzen. Egoera hauei gizarte gisa erantzun behar diegu pausuz pausu ortzimuga horretara hurbiltzen ari garen bitartean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK