Abuztuko gau sargoritsu batean izandako lagunen arteko afari baten ondorengo tertulian, garagardoak lagunduta gure egarria asetzen saiatzen ari ginela (hainbestek ukatzen duten klima aldaketak euskal gauetako garagardo kontsumoan izandako eragina aztertu beharreko kontua litzateke), segituan murgildu ginen gure artean hain ohikoa den mundua konpontzeko saio dialogiko horietako batean. Beti bezala, une batean solasaldiak beste norabide bat hartu zuen: atzeraka begiratzen hasi ginen, azken 100 urtetan munduko gizarteak jasandako aldaketa nagusiei (teknologiak eragindakoa alde batera utzita) buruz eztabaidatzen. Nagusienaren inguruan bazirudien ez zegoela zalantzarik: emakumeen eskubidetan eta gizartean duen rolean emandakoa. Inork ez zuen defendatzen optimora iritsi garenik, baina ados geunden emandako eraldaketen garrantzia esanguratsutasunaz. Besteen inguruan, aitzitik, ez zegoen hainbesteko kontsentsurik.
Batzuek kirolaren garapena defendatzen zuten. Pierre de Coubertinek Joko Olinpikoak egiteko deialdia 1894ean zabaldu zuenetik, kirolaren pertzepzioa gizartearen hainbat esparrutan erabat aldatu da. Hasierako kirol ekitaldi horiek halo erromantiko batek inguratzen zituen, amateurismoa eta sufrikarioa bere muinean zegoelarik. Kirolariak segituan bilakatu ziren jendeak bere errutina ilunetik ateratzeko behar zituen heroietan. Arrakastak segituan erakarri zuen agintarien eta enpresen interesa. Laster, kapitalismoaren garapenak kirol profesionala eta bere hipertrofia bultzatu zituen. Gaur egun, kirolariek marka, kontsumo ereduak eta balioak ordezkatzen (eta saltzen) dituzte. Errendimendua sustatzeko (fisikoa zein komertziala), bakoitzaren atzetik dozenaka pertsonak osatzen dituzten eta milioiak kostatzen dituzten egitura espezializatuak garatu dira: segundoak, metroak… edo euroak irabazten lagunduko dutenak. Bitartean, gizarte postindustrialak ariketa fisikoaren hedapen unibertsala ekarri du: lanpostu eta bizimodu berriak esfortzu fisikoa egunerokotasunetik desagerrazten ari ziren neurrian, kirol praktika zabaltzen zihoan, bizitza estilo osasuntsu baten derrigorrezko osagarri bezala. Aldi berean, kirolak utzi dio gizon gorputz gazteentzako bakarrik egokia den jarduera izateari: ez dauka adinik, ez sexurik. Eta ezta klaserik ere: kirolaren praktika erabat masifikatu da, talde sozial guztien artean zabalduta. Denok gara, modu batera edo bestera, kirolariak.
Horrekin guztiarekin ados egon arren, badago, nire uste apalean (eta horrela adierazi nuen, terrazako mahai inguru horretan), azken hamarkadetan modu geldiezinean hedatu izan den beste jarduera, eta kirolaren inpaktua gainditzen duena: turismoa. XX. mendeko 1960ko hamarkadara arte, turismoa klase ahaltsuengana mugatuta zegoen. Iparraldeko herrialdeetan, kapitalismoaren urrezko urteek ekarritako soldaten hazkundeek masazko turismoaren hedapena bultzatu zuen. XXI. mendean, garraiobideen hobekuntzak, elkarlaneko kontsumo-plataforma agerpena eta herrialde emergenteek jasandako hazkunde ekonomikoak milioika kontsumitzaile berri isuri ditu turismo zirkuituetan. Fluxu horiek hiri eta eskualde osoen ardatz ekonomikoa irauli dute. Helmuga turistiko nagusietan eragindako aldaketak nabarmenak dira: kongestioa, kutsadura, etxebizitzen garestitzea eta eskasia, hirien erdiguneen hustuketa, denda tradizionalen desagerpena, lanpostuen prekaritatea, eta azpiegituren eta zerbitzu publikoen saturazioa tartean. Bitartean, turismoak oinarrizko kontsumo ondasunaren maila eskuratu du: uda honetan, 40 milioi langile europar ezin izan dira oporretan joan eta, beraz, “opor pobrezia” pairatu dute.
Eztabaida irteerarik gabeko kale batera iritsi zela zirudienean, ordura arte isilik zegoen nire adiskide batek hitza hartu zuen: “azken mendeko aldaketa nagusiena Jainkoaren heriotza izan da. Mendebaldeko gizarteak fedea galdu du. Dirua eta kontsumoa dira jainko bakarrak”. Erratuta zaude, erantzun nion: Eliza katolikoa da munduko erakunderik zaharrena. Krisian egongo da, baina kontsumitzaile fidel ugari ditu oraindik. Eta CEO berria aukeratu dute orain dela gutxi. Ikusteko dago ea estrategia aldatzen duen.
Garagardoak bukatu eta bakoitza gure etxerantz abiatu ginen. Biharamunean bizikletan ibiltzeko geratuak ginen. Askotan, ahaztu egiten zaigu oporretan geldi egotea bekatua ez dela.