Udako oporren paradoxa

Udako opor desiratuak bueltan dira eta horrekin batera atseden hartzeko, bidaiatzeko, familiaz gozatzeko, herriko jaiak bizitzeko… mila plan egiteko garaia, akiduraz hil gabe. Duela urte batzuk utzi nion bi hilabete luze irauten zuten udako ikasle-oporrak izateari, eta langile esperientzia osoa bizitzen hasi nintzen. Urte osoan lan egitea udan hiru aste inguruko oporraz gozatzeko.

Kuriositate modura, bazenekien ordaindutako oporrak duela gutxi lortu dugun eskubide bat dela, 1983an, zehatzagoak izateko? Beste herrialde batzuei begiratzen badiegu, errealitatea gordinagoa da. Ameriketako Estatu Batuetan ez dago ordaindutako oporren kontzepturik, hau da, langileak atseden-egun batzuk hartu nahi baditu, kobratu gabe hartuko ditu. Aldiz, Latinoamerikan berez langileek urtean 15 egun dituzte, baina askotan hori ez da aplikatzen. Eta ikaragarria da oporren kontzeptua zenbat eta zein azkar aldatu den azken urteotan.

Uda oso garai polita da, baina batzuetan zalantza handia izaten dut benetan atseden hartzen dudan. edo urtean zehar egiten ez dudan guztia egiten saiatzen naizen.

Nire kasuan, oporrak inguruaz gozatzeko, energiak berritzeko, egunerokotasunetik kanpoko planak egiteko, bidaiatzeko eta gertuko jendeaz inguratzeko atsedenaldi gisa ulertzen ditut. Baina, egia esan, uda hurbiltzen den bakoitzean, oporrak noiz iritsiko itxaroten, konpromisoak egutegian kokatzen eta abarretan hasi behar dudan bakoitzean, denbora oso gutxi geratzen zait. Azkenean, nekatuta amaitzen dut oporrak hasi aurretik, eta amaitzen ditudanean, ezer ez egiteko eta hankaz gora botata egoteko astebete bat beharko nukeela sentitzen dut.

Hain azkar eta modu intentsuan bizi gara, non oporren benetako helburua ahazten dugun. Zentzu horretan, kontua ez litzateke munduaren beste puntara bidaiatzea, baizik eta zure buruari galdetzean haraino zergatik bidaiatu nahi duzun, erantzuna ez izatea soilik 'ni hor egon naizela esateko'.

Azken aste hauetan zenbat aldiz estresatu zara zure opor idilikoak antolatzeagatik? Oporrak antolatzerakoan noizbait galdetu diozu zure buruari, zer lortu nahi duzun edo bizi nahi duzun opor horiekin? Nire kasuan, azken urteotan, oraina bizitzen eta oinarriekin berriz konektatzen saiatzen ari naiz naiz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK