Udalbatza eta alkate berriei eskainia

Datorren larunbatean eratuko dira udaletan hurrengo lau urteetan agintea eta gidaritza izango duten udalbatzak. Lehen lehenik, nire txapel kentzea aukeratu ditugun alkate eta zinegotzi guztientzat: gauzak dauden moduan, ez da lan makala herriaren alde, herritar iritzi emaile desberdinak aurrean, lan jardun txukuna eta eraginkorra gauzatzea, ordutegirik gabekoak gainera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eratuko diren udalek udal lege moduan ezagutzen duguna, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea, izango dute helduleku. Zezenei hesi atzetik begiratzen diharduenaren ikuspuntutik, dozena erdi ohar hemen ekonomiarekin ere zerikusia dutenak, legea abiapuntu, dauzkaten eskumenei eta eta obligazioei buruz.

Batetik, udalerriaren eskumen propioa dira tokiko ekonomia eta gizarte garapena, eta baita tokiko enplegu planak eta politikak ere. Udalak enpleguan eragin dezake, herriko jarduera ekonomikoan eragin dezake, zerbitzuetan, negozioetan, enpresetan, hirugarren sektorean. Dena ez da obra publikoa edo mugikortasuna, horiek garrantzitsuak izanda ere.

Bestetik, eskumen propioaren barruan sartzen da etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa. Gogoan izan, gainera, Espainiako Etxebizitza Lege berriaren ondorioz, udalek egun eskumen handiagoak dituztela, tartean: ondasunen higiezinen zergaren kuotan %50eko gainkargua eskatzea bi urte baino gehiago erabiltzeke dauden etxebizitzei lau etxebizitza baino gehiago dituzten jabeentzat. Etxebizitza politikak izango dira, zalantza barik, gizartearen ongizatean eragiteko biderik eranginkorrenetarikoak.

Ondoren, gardentasunaren inguruko betebeharrak daude: udalek modu argi, irisgarri, ulergarri eta errazean zabaldu behar dituzte eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak, kontuz denei txanda elektronikoak hartuarazteari. Eta bereziki informazio laburra eta argia eman beharko dute mantentze lan eta obrei buruz, segurtasun publikoari buruz eta ekonomia jarduera eta lizentziei buruz, beste zerbitzu batzuren artean. Ez baita nahikoa ekitea, ekindakoa gardena eta irisgarria izan behar  herritarrarentzat ere.

Horrez gain, udalek ekonomiaren arloan dituzten eskubideak eta betebeharren multzoak osatzen du tokiko ogasuna. Udalek ekonomia, finantzak eta aurrekontuak antolatzeko eta kudeatzeko autonomia daukate, eta eskubidea daukate behar beste baliabide izateko, finantza nahikotasuna izateko. Dirua jaso, finantzazio iturriak topatu, eskatu dagokion tokian. Eta kudeatu eraginkor eta gardentasunez.

Bestalde, zure udalerria EAEn kokatuta dago, baina legeak ahalbidetzen du Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako toki-erakundeekin hizkuntza, kultura, ekonomia eta gizarte izaerako lokarriak ezartzea eta indartzea, lankidetza hitzarmenak egitea toki eskumeneko politikak eta zerbitzuen kudeaketa hobetzeko. Norberaren udalerriaren lurraldea baino haruntzago joatea posible da, hizkuntza erabili, ekonomia garatu eta herritarrok irabaziko dugu.

Azkenik, udal ordezkariek lan ordaindua izateko eskubidea daukate. Mila biztanletik gorako udalerrietan alkateak arduraldi esklusiborako eskubidea du. Eta zinegotziek ere izan dezakete ardura esklusiboak eta partzialak, eta dagozkion ordainsariak. Lana aitortu egin behar da, eta lan egiten duenari dagokiona ordaindu. Ezin ditugu udal kudeatzaile onak exijitu duinki ordainduta ez badaude. Udala ez da aberastera joateko lanlekua, baina herrian, txikiak izanda ere, ezin ditugu izan hilabete bukaerara iristeko kezkaz dauden agintariak.

Alkate eta zinegotzi berriak, zorte on.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK