Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Udazkena biziberritzeko aroa

2025eko irailaren 23a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Dena da hobea udazkenean. Badakit gustu kontua dela, baina nire urtarorik kuttunena da, eta ez dut ezkutatu nahi. Basoa presentzia den leku batean bizi naiz; arreta pixka bat jarriz gero, haren mintzoa entzun egiten da. Urte-sasoi honetan elkarrizketa goxo eta ederra izaten da: azala aldatzeko unea iristen ari zaio, eta orbela zabaltzen doan heinean, hostoen erorketa ikuskizun aparta da. Lurra ukitu eta han desegiten dira, baina ez dira galtzen: geroko promesa bihurtzen dira. Hondakin soila irudi lezakeena ongarri bilakatzen da, eta udaberriaren berpizkundea prestatzen du. Basoa ez da bere horretan egotera mugatzen: biziberritu egiten da. Udazkenaren atarian begi hutsez ikusten da mugimendu zikliko hori, eta harekin batera ikaspen argia dator: etorkizuna ez da segurtatzen daukagunari eutsiz bakarrik, baizik eta kaltetutakoa berrituz eta agortutakoa baino gehiago sortuz. Irautea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa.

 

Iraunkortasuna gure jardunaren zerumuga izan da urte luzez, eta hala behar izan du: planeta biltegi infinitu eta doako gisa hartu duten ekonomia eta bizitza ereduen gehiegikeriak nola edo hala gelditu behar ziren. Mugak ezagutu ditugu, inpaktuak neurtu, eta gure jarduerek sortzen duten aztarna ekologikoari begiratu diogu. Urrats erraldoia izan da, oso sinplea dirudien arren. Baina helburua ez zen inoiz neurtzea edo kontziente izatea. Iraunkortasuna ulertzeko modu horrek gutxienekoa betetzera eraman ditu askok, edo keinu kosmetiko bihurtu du jasangarritasuna: kontzientzia lasaitzeko ukendua bailitzan. Txosten bikainak aurkeztu ditugu, “horrenbeste ez kaltetzearekin” konformatu gara, baina metatutako degradazioak bere bidea jarraitzen du. Kaltea gelditzea lehen urratsa da, baina ez da nahikoa. Berandu iritsi gara, eta orain konpondu, berrosatu eta aurrerago jo behar dugu.

Azken urteotan, ekonomia birsortzailearen inguruan asko hitz egiten ari da. Intuizio huts izatetik, azterketa eta praktika eremu bihurtu da. Ikerketa sistematiko baten, Exploring the Regenerative Economy (Čegar et al., 2024), ondorioetako bat da birsortzea ez dela ingurumen-arlora mugatzen: justizia soziala, leheneratze ekologikoa eta bizitasun ekonomikoa integratzen ditu esparru berean. Kontua ez da bakarrik kalterik egin gabe ekoiztea —faltaría más—, baizik eta hartzen duguna baino gehiago itzultzea, eragin positibo eta sistemikoa sortuz.

 

Horixe da ekonomia birsortzailearen horizontea: erabiltzen duguna baino gehiago itzultzea gizarteari eta naturari. Hondakinak mantenugai izan daitezkeela ulertzea esan nahi du; energia berriztagarria eta partekatua izan daitekeela; eta etekin ekonomikoa biderkatu egiten dela bidezkoa eta kolektiboa denean. Birsortzeak berekin dakar zikloetan pentsatzea, elkarrekikotasunean eta zaintzaren logikan.

Badakit utopikoa iruditu daitekeela, basoan barrena zoazela burura datozkizun amets horietako bat balitz bezala. Baina ikuspegi horren haziak jada hainbat ekimenetan loratzen ari dira: komunitate-sarea berreraikitzen duten proiektu kooperatiboetan; ekonomia zirkularraren aldeko enpresa-ekimenetan; eta trantsizio energetikoetan, gehiegizko kontsumoaren logika zalantzan jarriz. Ez gara hutsetik abiatzen, baina erronka handia da: esperientzia horiek eskalatu eta ekonomia birsortzailea erdigunean jarri behar da. Ezin da izan ariketa boluntarista soila, ezta aplikazio kosmetikoa ere.

Egungo baldintzei eusten dien ereduak ez du etorkizuna ziurtatzen. Baldintzak aldatu behar ditugu, eta jauzi hori ez da teknikoa bakarrik: kulturala da, balioa ulertzeko modua aldatzea eskatzen duelako. Bizitza aktibo nagusi gisa txertatu behar da gure balantzeetan, eta onartu behar dugu irabazia ezin dela errentagarritasun-zifretan soilik neurtu.

Enpresentzat erronka handia da, baina baita aukera ere. Ekosistemak, lan-harremanak eta gizarte-konfiantza birsortzen dakitenek leku hobea izango dute talentua, inbertsioa eta zilegitasuna erakartzeko. Kontua ez da altruismo hutsa, ikuspegi estrategikoa baizik: krisian dagoen mundu honetan, etorkizunerako ikuspegi sendoa behar da, horizonte bat, zertarako bat.

Batzuetan, erortzen denak gora egiteko bidea zabaltzen du, udazkenean basoak ederki erakusten duen bezala. Zaharrak berria elikatzen du, eta bizitzak bidea aurkitzen du hutsuneen artean. Ekonomiak ere ikasi behar du hori: eustea beharrezkoa da, baina birsortzea ezinbestekoa. Norabide horretan aurkituko dugu etsipenaren bidezidorra bazter utzita, itxaropenera gonbidatzen gaituen zerumuga.