Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Uharteen munduan

2026eko otsailaren 24a
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Jendez inguratuta bizi arren gero eta isolatuago zaudela sentitzen baduzu, lasai: ez zara erotu, neur daitekeen joera da.

 

Edelman etxeak urtero munduko konfiantzaren neurgailua eguneratzen du ikerketa baten bidez. Neur daitezkeen gauzen artean ez da hau errazena izango, nik uste. Bada, aspaldidanik jarraitzen ditut ikerketa horren gorabeherak eta —spoilerra da— datuek ez dute etorkizun goxorik iragartzen.

Aurtengo txostena iazko erradiografia da. Ez da bat-bateko kolapso bortitzik ikusten —noraez hori lehenagotik zetorren—, baina niri kezkagarria iruditu zait, oso. Nolabait esateko, “ateratze isila” dei genezakeen fasean gaude. Galdetutakoen artean, hamarretik zazpik aitortu dute bestelako pentsamoldea dutenekiko mesfidantza handitu egin zaiela. Diru-sarrera altuen eta baxuen arteko konfiantza-arrakala bikoiztu egin da azken hamarkadan (gehiago dutenen eta gehiago behar dutenen artean, alegia). Azken bolada honetan ikusten ari garena ikusita, gehiago fidatzen gara gure ingurukoekin —auzokideekin, lankideekin, talde hurbilarekin— eta gutxiago espektro zabaleko liderrekin. Titularrek polarizazio ideologikoa azpimarratzen dute, baina hor zatiketa emozionala agertu da nabarmen.

 

Konfiantza agortzear dugu. Geratzen zaiguna gero eta txikiagoa da, eta maila lokalerako baino ez dugu erabiltzen. Konfiantza uharte txiki bat da, kontinentea baino. Kontrola eta kidetasuna sentitzen ditugun gune estuetara erretiratzen gara eta besteekin partekatzen duguna estutzen denean, apurtu ere egiten da.

Ez zait arrotza gertatu, neroni ere halaxe gertatzen zait eta. Urteekin, gero eta jende gutxiagorengan jartzen dut nire konfiantza, baina, aldi berean, lotura sendoa dudan jende apur horrengan gero eta sakonagoa da konfiantza. Ez dut uste zinismoa denik, baizik eta gero eta urriagoa den baliabidea tentuz kudeatu beharra baizik. Konfiantza eman eta jaso egiten dudanean, atentzioa jartzen dut, zerbait preziatua baita. Eta horregatik, galtzen denean, barruan zerbait hausten zait edo zaigu.

Hannah Arendtek zioen mundu komuna soilik existitzen dela pertsonak elkarren aurrean agertu eta hitzari eutsi ahal diotenean. Hitza eman eta betetzen ez denean, kontrara, espazio publikoa higatu egiten da. Konfiantza, izan ere, ez da emozio pribatu bat soilik, partekatzen duguna existitzeko gutxieneko baldintza baizik.

Konfiantza izatea arreta eskaintzea ere bada, bestea neutralizatu gabe, Simone Weilek esan zuen bezala. Arreta da eskuzabaltasun-motarik arraro eta garbiena, zaintzaren etikatik elikatzen delako, bizitza kolektiboa sostengatzen duen oinarria baita. Esperientziak eta ebidentziak argi esaten digute: bizitza komun osasuntsua arau argiak eta elkarrekiko konfiantza daudenean soilik loratzen da.

Edelmanen txostenera itzulita, datu deigarria ageri da paisaia beltz honetan: enpresa da gaur egun mundu mailan konfiantza gehien sortzen duen instituzioa. Irakurri dudanean, deigarria egin zait; ez da lehen begi kolpean bururatzen zaizun zerbait, baina badu bere zergatia. Politika polarizazioan katramilatzen denean eta espazio publikoa zarata jasanezin bihurtzen denean, erakunde ekonomikoetan balio, jatorri eta ikuspegi desberdinak dituzten pertsonek elkarlanean aritu behar dute ezinbestean, eta kooperaziorako gune bakanetakoak dira. Beste erremediorik ez dagoelako? Baliteke, baina “elkarrekin egin behar izate” hori altxor demokratikoa da gaur egun.

Konfiantza erreputazioa duen ondare ukiezina balitz bezala kudeatu ohi dugu, baina ekonomiaren zimendua da, hitzaren zentzurik zabalenean. Eta gurea bezalako lurralde ireki eta esportatzaileetan, sare konplexuen eta balio-kateen menpekoak izanik, aktibo estrategikoa da, higatzen utzi ezin duguna.

Aspaldi entzuten dira enpresetan xede partekatuaz ari diren ahotsak. Zortea dut konfiantza handieneko pertsonen artean ideia hori zorroztasun intelektual eta praktika enpresarialarekin landu duen norbait izatea —eskerrik asko, Sabin Azua—. Hari esker ikasi dut identitate partekaturik gabe ez dagoela proiektu iraunkorrik. Edelmanen datuek arrazoia ematen diete elkarren arteko loturetan eta helburuetan oinarritutako kulturak diseinatzen ari direnei, elkarrizketa egituratua metrikekin parekatzen dutenei.

Ez naiz inozoa: ez da aski memorian xedea aldarrikatzea, barne-kulturak lehia basatia, beldurra edo epe laburreko logika saritzen baditu. Konfiantza ez da esaten dugun zerbait: inork ikusten ez gaituenean ere, egiten dugun hori da.

Garai zurrunbilotsu hauetan konfiantza kudeatu eta heda dezakeen zerbait edo norbait badago, zain dezagun, arren. Enpresak ez dira emaitzak sortzeko makina hutsak, eta gero eta gehiago, sortu nahi dugun gizartea entseatzeko espazioak ere badira. Uharteez jositako itsasoan partekatzen ditugun lurralde txikiak babestu behar dira.

Uharteen munduan, konfiantza izatea erabakitzen dugunean epe ertain eta luzerago ikuspegia sendotu egiten dugu. Loturak sostengatzea eta hitza ohoratzea balio etikoa da, eta estrategia onena ere bai.

Den-dena apurtzen uzten badugu, espazio txikietan biziko gara, ezagunen artean, bai, baina bakarrik, gero eta isolatuago.