Unibertsitatearen inguruan

Azken hilabetetan, gure unibertsitate publikoko irakasleen artean haserrea hedatuz joan da, aste honetako asteazkenean jarrraipen handiko greba deialdia izan arte. Arrazoi nagusia: lan baldintzen prekarizazioa. Prekarizazio horren adibide nabarmena ordezko irakasleen lan baldintzak dira. Goi mailako hezkuntzako profesional horiek gehienez 800 eurotako soldatak jasotzen dituzte, plaza horiek dedikazio partzialekoak izan behar dutelako, espainiar Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berriaren aplikazioaren ondorioz. Benetako dedikazioa, noski, ez da partziala: astero zortzi klase ordu prestatzeak denbora luze ematen du, baina ordu horiek ez dira lan sari horretan barneratzen. Eskatutako kualifikazioa, jakina, goi mailakoa da; eskainitako soldata, gutxieneneko soldataren azpikoa. Beraz, ordezko plaza asko bete gabe geratzen dira, eta sortutako irakaskuntza zama irakasle egonkorren gain erortzen da, irakaskuntza prozesuaren kalitatean ondorio zuzenak izanik.

Sindikatuek “egiturazko faktoreei” leporatzen diete horren guztiaren zergatia, finantzazio eza salatuz. Baina dirua, garrantzitsua izan arren, ez da kontu bakarra. Irakasleen prekarizazioak unibertsitate eredu baten ahultasunak agerian uzten ditu, bere profesionalen hautaketa merituetan oinarritu nahian, egitura burokratiko eta mekanizista baten eskuetan jarri duena. Orain dela hamarkada batzuk, ibilbide akademikoak bazuen bere xarma irtenbide profesional bezala, eta bokazio apur bat zuten ikasle onenak bertara erakartzeko aukera zegoen. Gaur egun, irakasle eta ikerlari apartak izango liratekeen ikasle horiek konbentzitzeko argudioak oso eskasak dira: lan postu duin bat izatea oztopoz betetako erresistentzia lasterketa bihurtu da, non doktorego tesia, nazioarteko aldizkarietan argitalpenak, atzerrian egonaldiak, ikerketa proiektu lehiakorretan partehartzea, graduko eta masterreko klaseak, kudeaketa postuak eta abar pilatu behar diren ditxosozko akreditazioa lortzeko, desiatutako egonkortasuna eskuratuz (eskuratzen denean) urte luzeak pasa ondoren. Kasu gehiegitan, 15 urte edo gehiago. Bokazio sutsuena itzali dezakeen ibilbidea, teorikoki ohiko unibertsitate endogamiarekin bukatzeko diseinaituta. Tamalez, endogamiarekin ez da amaitu, eta hain estimatua den saria ez du askotan meritu gehien duenak eskuratzen, pazientzia handiena duenak baizik.

Bitartean, unibertsitatetako arduradunak (gureak barne) beste lehiaketa batean murgilduta dabiltza: unibertsitate rankingena. Tarteka, hemengo edo hango unibertsitateak gora edo behera egin duela iragartzen da komunikabideetan, baina azken egunotan jakin izan dugu Utrechteko Unibertsitateak (Herbeheretako zaharrenetarikoa eta Europako onenen artean kokatuko genukeena) erabaki duela ez dizkiela bere datuak emango Times Higher Education rankingaren egileei eta, beraz, uko egiten duela bertan agertzeari (iaz 66.a sailkatu zen, 1.904 unibertsitateen artean). Utrechteko arduradunek diotenez, sailkapen horiek lehiakortasunean eta puntuaketan oinarritzen dira batez ere, eta irizpide horiek erabat kontrajartzen dira unibertsitatearen balio nagusiak diren irekiera eta elkarlaguntzarekin. Erakunde horren arabera, ezinezkoa da eskaintzen diren diziplina guztietako ikastaroen eta sortutako ezagutzaren kalitatea zenbaki huts batean laburtzea.

Utrechteko zuzendariek aurkeztutako ausardiak zer pentsatu eman beharko liguke. Bereziki, zein den gure unibertsitate publikoarentzat nahi dugun eredua. Nola bihurtu unibertsitatea gure lurraldearen eragile aktiboagoa batean, elkar lanean tokiko aktore guztiekin (enpresekin, administrazio publikoekin, mugimendu sozialekin, herritarrekin), gure gizarteak dituen erronkei aurre eginez. Klima aldaketa, populazioaren zaharkitzea, transizio ekologikoa, ekonomia zirkularra, gizarte berdintasuna eta beste hainbat arazo gure zain daude. Eta behar dituzten erantzunak ez ditugu bakarrik gure laborategietan eta liburutegietan bilatuko, edo aldizkari zientifiko batean hamaika egilek sinatutako artikulu batean. Gure inguruko eragileak entzunez, benetan entzunez, lankidetzan oinarritutako sorkuntza prozesuak eragin ahal izango ditugu, sakoneko gizarte berrikuntza sustatuz. Horretarako, irakasleok boliko dorrea utzi eta, ikasleekin batera (haiek izango baitira beharrezko aldaketaren etorkizuneko eragileak), gure ikasgelen lasaitasunari uko egin eta kalera irten beharko genuke, ziurgabetasuna besarkatuz. Eta errealitatearekin dantza egiten ikasi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK