Urrats ez hain txikia

Deialdia astearterako eginda zegoen arren, joan den astean Joe Biden AEBko presidenteak Etxe Zurira deitu zituen komunikabideak, eta James Webb teleskopioak eskuratutako kolore orotako lehen irudia erakutsi zuen primiziaz. Oraindik txundituta nago irudi horiek erakusten dutenarengatik, baina bereziki, irudi horiek gertakizun dena iragartzen dutela susmatzen dudalako.

Lehen lasterketa espaziala 1960ko hamarkadan zehar hedatu zen, eta 1970eko hamarkadan agortzen hasi zen, apurka-apurka. Hasierako garai txinpartatsua amatatzen joan zen, baina ingurumari horretan egindako aurrerapenek ezagutzaren eta garapen industrialaren norantza markatu zuten. Espazioa Berpizkunde berri baterako pizgarria izan zen, zientziaren aurrerabidea bizkortu eta lidergoak sendotu zituena. Azken urte hauetan berriro abiatu da lasterketa hori, eta oraingo honetan, jokalari berriak agertu dira, gobernuen gainetik lehia irabazteko aukera handiak dituztenak. Gobernuen eskumenekoak diren espazio-agentzien Urrezko Aroa atzean geratu da, eta eta itxura guztien arabera, geopolitikako irizpideak baino, enpresa teknologiko handien arteko lehiaren testuinguruan aztertu behar da. Ondokoa aski esanguratsua den datua iruditzen zait: espazio-industriaren ikerketan aditua den Bryce Tech etxearen arabera, AEBtan 7.000 miloi dolar inbertitu zituzten konpainia pribatuek 2020. urtean, aurreko bi urtetako kopuruak bikoiztuz.

Zerbait berria da hori, baina agian ez da horren “originala”, 1990eko hamarkadan teknologiaren ingurumarian gertatutakoa errepikatzen ari delako. Artean, Internet gobernu-jabetzakoa zen, eta pertsona batzuen arteko ikerketa eta komunikazioa erraztea zen bere helburua. Hasiberriak ziren enpresa gutxi batzuei esker, baina, zernahi salerosteko leku bihurtu zen. Teknologia-enpresak garatzea ekarri zuen horrek, eta erraldoi teknologiko bilakatu ziren. Askok patroi moduko bat ikusten dute orduko eta gaur egungo mugimenduen artean. Gobernuek uko egin diote urteetan espazio-zientzia finantzatzeari eta itxura guztien arabera, lasterketan oso atzean geratzen ari direla jabetuta, erritmoa bizkortzea erabaki dute. Beranduegi, agian? 1960ko hamarkadan Apolo proiektua ez bezala, Ilargirako hurrengo bidaia azpikontratatua izango da.

Internet eskuratu ziguten konpainiak —Musk, Bezos, Branson— orain Ilargia eta izarrak saltzen ari zaizkigu.

Anbizioa errentagarria da. Ezagutzen dugunaren azken mugetaraino eramaten gaituzten abenturek mundua mugitzen dute, eta hori gertatzen denean, zerbait berria (eta batzuentzat oso abantailatsua izan daitekeena) sortzen da. 1962. urtean John F. Kennedyk egin zuen hitzaldi ospetsua da horren isla argia: “Hamarkada honetan Ilargira joatea erabaki dugu ez erraza delako, zaila delako baizik, helburu honek gure energia eta gaitasunen onena antolatzeko eta neurtzeko balioko duelako, onartzeko prest gauden erronka delako, eta ez gaudelako atzean geratzeko prest”.

Lehia horretan atzean ez geratzeko mugimenduei adi jarraitzea komeni da, zer gerta ere. Esaera zaharrak dioen bezala, “sasian zarraparra denean, ke gabeko surik ez da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK