Luze da azken aldiz hemen idatzi nuenetik. Barkatuko didazue, baina nazioarteko merkataritza ikasgelara eraman behar nuen aste berean hasi zen Trump tweet-kolpeka joko-arauak aldatzen eta egunetik egunera egoera ezberdin bat azaldu beharrean ibili naiz geroztik. Azaldu edo.
Beste zenbait gertakari lehendik zetozen, baina horiek nola azaldu ezin asmatu jarraitzen dut. Nola azaldu ekoizpenerako baliabideak eskuratzeko (deitu lurrak, deitu urrea, deitu lur arraroak, deitu Deustuko Erriberan eraikin berri bat) edozeren gainetik pasatzea normalizatua duen gure mundua.
Nola azaldu Palestinako lurrak lapurtzeko Israel egiten ari den genozidioa. Nola azaldu Sudango sarraskia. Nola azaldu aste honetan bertan meatze batean izandako luizian ehundaka pertsonen heriotzak Kongoko Errepublika Demokratikoan. Nola azaldu senarrak erahildako emakumea, etxetik joan ezinda zegoena zaintza lanen mesedetan independentzia ekonomikorik ez zuelako. Nola azaldu lau sos aurreztearren segurtasun neurririk gabe lanean hil den behargina. Eta hori guztia ere ekonomia dela.
AZKA edo VUCA ingurunea eman dugu dagoeneko. Enpresentzako zein aldakorra den mundua, zein ezinezkoa aurreikuspenak egiteko, zenbatekoa den etorkizunarekiko ezjakintasuna. Eta bai, noski. Baina ez, tamalez. Gauza batzuek hor jarraitzen dute.
Ez dakit zenbat balio duen Sudango urreak, baina arbelean kalkula dezaket, hotz bezain mekaniko. Eskariaren eta eskaintzaren araberakoa dela esango dut. Bi kurba marraztuko ditut. Eta oreka puntu bat. Merkatuak hustu dira puntu horretan. Bakea emango dit. Ariketa ongi. Check gorri bat orri zuriaren alboan.
Urre gramoa zenbatean saldu den esan ahal dizut. (Hori ei da balioa). Nire ikasleek ere bai, ebaluazioa bukatzerako. Baina urre hori zenbat kostatu den ezin dizuet esan, ez ditudalako kostatu den minaren hizkuntzak hitz egiten. Eta neure hizkuntzan ere, neure txiki eta ez-errentagarri honetan ere, ezin ditudalako min guzti horien proportzioak sartu hitzetan.
Baliabideak eskasak, urriak, mugatuak direlako omen dira baliotsuak. Baliabideak eskasak, urriak, mugatuak direlako existitzen da ekonomia; hain zuzen ere zein baliabide, nola, norentzat, zenbat erabili behar diren erabakitzeko.
Gizatasuna bezain urria den baliabiderik gutxi bururatzen zaizkit, ordea. Merke da saltzen dutenentzat horri uko egitea, baina ezin garestiagoa benetako kostua ordaintzen dutenentzat. Erraz sartzen da bat tranbia bat egiten. Erraz azaltzen zaizkie irabaziak akziodunei, hori denok ulertzen dugu. Beti da konplikatuegia alde zuzenean egotea. Garestia. Nahiago dugu beste batzuek ordaintzen badute kostu hori, eta kausa-efektu kate zuzen xamar horretan AZKA-ra jo. Hain zen aurreikusezina Israelek Palestinaren okupazioarekin jarraituko zuela, nazioarteko ixiltasunak eta erabaki “konplikatuegiek” utzitako biolentziaren intentsitatea erabiliz.
Azaroa da; lehen ebaluazioen amaiera. Ikasle berriak, ezinegon berriak, interes berriak, aurten sartu nahi izan ditudan berrikuntzak. Luze da azken aldiz hemen idatzi nuenetik, eta gauza berari buruz idazten jarrai dezaket.
Arreta gaitasuna ere gero eta eskasagoa dela diote ikerketek. Baita nire eskarmentuak ere. Gero eta zailagoa da konplexutasun guzti honen dimentsioak azaldu bitartean hariari eustea. Testuak luzeegiak dira. Elkarrizketak astunegiak. Urria delako da, hain zuzen ere, hain garrantzitsua zeri jartzen diogun arreta.
Apur bat iluna geratu zait itzulera, badakit. Badakizue: udazkeneko argia, urrea baina urria.