Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Urrutiko intxaurrak, hamalau?

2026eko martxoaren 24a
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Ia begiratu ere egin gabe pasa zara gasolindegiaren aurretik, baina zeharka bada ere, dir-dir egiten duen prezioari begiratu diozu. Atzokoa gogoratzen duzu, baina gaurkoa desberdina da. Aldatu da, beste behin ere. Ohiko paisaia dela ematen du, gauzak hemen bare daudelako, baina ez da horrela. Gobernuek ezohiko neurriak hartu dituzte ezohiko egoera baten gaudelako, baina ez gara kapaz azaltzeko zehatz-mehatz zer den gertatzen ari dena, non edo zergatik.

 

Horrela bizitzera ohitu egin gara: ondorioak ikusten ditugu, baina kausen aurrean itsu gaude. Zenbakiak begiratzen ditugu —surtidorean, supermerkatuko tiketean— gaixotasuna zein den jakin gabe sintoma hutsei erreparatuta. Oso aspaldian Ortega y Gassetek esan zuen: "Ez dakigu zer gertatzen zaigun, eta hori da, hain zuzen, gertatzen zaiguna". Nekez esplika zitekeen hobeto.

Gasolindegiko prezioa Ilargia seinalatzen duen hatza da eta Ilargia oso urruti geratzen zaigu. Gure eguneroko elkarrizketetan agertzen ez diren lekuetan, hain zuzen, ere. Ormuzeko itsasartea, adibidez, mapan puntu bat besterik ez da eta orain ohartu gara noraino den garrantzitsua guretzat. Munduan mugitzen den energiaren zati handi bat bertatik igarotzen dela esaten digute hedabideek, eta horrek esplika zezakeen gasolindegiko zenbaki-dantza. Baina handik beste ondasun gehiago igarotzen dira, nekazaritza sostengatzen duten ongarriak kasu. Arteria nagusi bat buxatzen denean bezalaxe, fluxua estutzen denean, erregaia garestitzen da, laborantza garestitzen da, elikagaiak garestitzen dira. Eta gero —beti geroago, eta ia beti fokutik kanpo— norbait gosez hiltzen da (hemen irakur dezakezu eragin hau azaltzen duen artikulua).

 

Titularrek surtidoreari begiratzen diote, eta guk titularrei, baina arrakala ez da hor hasi edo amaitzen.

Arrakala hori lurrikara globala da honezkero. Gurea bezalako ekonomia batean —irekia, industriala, kanpokoarekin lotura estua duena— abstrakzio dirudiena biziraupen kontua da. Enpresek ez dakite zenbat kostatuko zaien ekoiztea hiru aste barru. Erabakiak intuizioz hartzen dira, ziurtasunik ez baitago batere. Planifikatu? Bai, noski, baina nola? Ezinezkoa da mundua dardarka ari denean.

Erakundeei beste horrenbeste gertatzen zaie: oin-puntan dabiltza oin-zola erretzen duen labaren gainean. Premiazkoa dena kudeatu behar dute —prezioak, inflazioa, lehiakortasuna—, eta aldi berean, funtsezkoa dena ezin dute begi-bistatik galdu: zeren menpe gauden, zenbaterainokoa den menpekotasun hori edota zer marjina dugun nola edo hala mugitzen jarraitzeko. Ziurgabetasuna kudeatzea ez da sekula erraza izan, baina orain begi-bistan ikusten ari gara maiz teloiaren atzean jokatzen den ikuskizuna, zuzen-zuzenean.

Eta zuk, bitartean, gasolindegiaren aurretik pasatzen jarraitu behar duzu. Asteko erosketa egokitu egin behar duzu, eta ia konturatu gabe, zenbakiak egin eta egin ari zara. Ez da sekula erraza izan, eta denbora daramagu elkarren gainean teilakatzen diren urruneko gertakari ulergaitzak nola edo hala pairatzen, ezustekoak bezain ausazkoak diruditenak. Ez dakigu zehazki nola, baina guztiak heldu dira gure etxeko despentsako apaletara, eta Iranen edo Ukrainan erabakitzen da gaur gauean zer afalduko duzun, edo nola demontre ordainduko duzun hipoteka.

Sistema global konplexuen menpe gaudela esatea alferrik da: hori datu bat da, aski jakina. Kontua da ez ditugula horren ondorioak egiazki ulertzen, eta ez dakigula nola eragin. Ez badakizu zeren menpe zauden, nekez jakingo duzu nola babestu, nola aurrea hartu, edo, besterik gabe, nola azaldu.

Gasolindegian, prezioak dirdira egiten du, eta zuri begiak ixtea besterik ez zaizu bururatzen, zer beste egin zenezakeen?

Bada zerbait, apala baina ezinbestekoa: ulertzen saiatzea. Ulertzea ez baita goi-mailako erabakietan dabiltzanen luxu tekniko bat, babesteko modu bat da. Hobeto erabakitzeko modu bat, saihestezina dirudiena zalantzan jartzeko modu bat.

EnpresaBIDEAn horixe egiten saiatzen gara, oso sinplea iruditu arren, zaila ere baden zerbait: ekonomia bizitzara ekartzen. Urruti gertatzen dena gertutik ulertzeko moduan ekartzen. Ez dago abstrakzio globalik, den-dena, lehenago edo geroago, etxeko atariraino sartzen zaigu. Batzuetan zenbakiak emango ditugu, beste batzuetan zalantzak azaleratuko ditugu. Horrek ez du mundua aldatu, baina azaldu egiten du. Puntuak lotuta, sintomen atzean datzan gaitza agertzen da.

Prezioak dirdira egiten jarraitzen du baina oraingoan, behintzat, badakizu ez dela zenbaki hutsa.