Euskara irakaslea

Urte berriari

2025eko abenduaren 18a
Sin título

Urte berria ate joka dugunean, ohikoa izaten da balantzea egiteko atzera begiratzea eta aurrera begirako ametsak marraztea. Balorazioak egiteko garaia da, bai, baina baita ilusioz eta anbizioz betetako bide eta egiteko modu berriak irudikatzekoa ere, ezinbestekoak baitira euskarak eta euskal komunitateak ditugun erronkei aurre egiteko. Oztopoak eta erasoak gorabehera, asko egin dugu urteotan, eta lorpen horiek gure indargune dira; baina oraindik bidea dugu egiteko. Hizkuntza-politiketan jauzi kualitatiboa behar dugu, eta lankidetza nahiz lidergo sendoak eraikitzea funtsezkoa izango da helburuak arrakastaz erdiesteko. Urte berriak urratsak egiteko aukera eman behar digu elkarrekin, ausardiaz eta konfiantzaz, euskarak eremu sozioekonomikoan espazioak irabaz ditzan.

 

Egoera, ordea, ez da samurra eta ez dirudi hobera egingo duen zantzurik dagoenik, batez ere hurrengo hauteskunde-zikloak kontuan hartuta. Azken hilabeteotan, euskara gazteleraren (edo frantsesaren) maila berean jartzeko ahaleginak sistematikoki kolokan jarri dituzte zenbait alderdik, sindikatuk eta epailek, aniztasun linguistikoa oztopotzat ikusaraziz. Diskurtso hori ez da isolatua eta, maiz, zenbait enpresa-elkartek eta komunikabidek logika berari jarraitzen diote. Botereguneetatik, hizkuntza bakarra sustatu da mendeetan zehar, eta horrek eragin du gure egitura juridiko, administratibo eta ekonomikoetan uniformizazioaren inertzia nagusitzea, hizkuntza aniztasuna arazo eta gatazka-iturri bailitzan. Euskara ofiziala den Euskal Herriko eremuetan, trabak ezartzen ari zaizkio, sistematikoki, hizkuntza sustatzeko azken hamarkadetan egin den lanari eta gazteleraren maila berean kokatzeko garatzen diren ekimenei galga jartzen ari zaie. Azkenaldiko sententziei erreparatzea baino ez dago. Ez dituzte kontuan hartzen urteetan eraikitako adostasunak, ezta herritarrok zerbitzu publikoetan dugun eskubide nagusia ere: arreta jasotzea aukeratzen dugun hizkuntza ofizialean. Zerbitzu publikoak herritarron arretarako dira, eta horrek eskatzen du hizkuntza-eskubideak bermatzea. Hala ere, eskubide hori ez da errealitate bihurtzen, eta aipatutako epaileek, sindikatuek, alderdiek eta komunikabideek ez dute horretan arazorik ikusten. Praktikan, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtu dute, eta hori ez da onargarria gizarte bidezko eta demokratiko batean.

Enpresa pribatuetan, bestalde, azken urteotan egindako lanari jarraipena ematen ari zaio, baina jauzia beharrezkoa da. Epe ertain eta luzera pentsatzea funtsezkoa da, ikuspegi estrategikoarekin. Euskara planetan murgilduta dauden enpresen kopurua nabarmen handitu behar da, eta horretarako politika ausarta aplikatu eta finantziazioa esponentzialki handitu beharra dago. Ugariak dira enpresa munduan garatzen ari diren ekimenak eta lankidetzak: Euskaragileak, Indeus, Lanabes, Landue, Habia, Eskuara, Eusgara, ziurtagiri-sistemak... Euskal Herri mailako zein lurralde mailako ekimenak dira, baina babes handiagoa behar dute. Hala ere, esan bezala, horiek indartu eta zabaldu ahal izateko benetako inbertsioa egin beharra dago, baliabide gehiago eta koordinazio eraginkorragoa tarteko.

 

Eremu sozioekonomikoan aritzen diren agente guztiak elkarlanean aritzeko sistema sendoa eraiki behar dugu. Administrazioek, enpresek eta kooperatibek, sindikatuek eta kontsumitzaileek, euskalgintzarekin batera, konpromiso argia hartu behar dute euskararen presentzia eta erabilera normalizatzeko. Borondatea ez da nahikoa. Hizkuntza politikan eragin behar da. Hor dago, esaterako, Kontseiluak berriki aurkeztu duen Batuz Aldatu ekimena, hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala. Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia. Horretarako, hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatu beharko dira, hala nahi duenak ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, euskaraz normal aritzeko aukera zabaltzeko.

Urte berria ez dadila ohiko inertzien jarraipena izan. Ilusioa eta energia berritua ekarri behar ditu, lankidetzak eraikitzeko eta komunitatearen indarra aktibatzeko. Egin dezagun 2026a hizkuntza aniztasuna aukera gisa ikusten den urtea. Euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldia egiteko garaia da; larrialdi linguistikoaren aurrean, ekimen berriak sortu eta euskaraz bizi nahi dugula argi adierazi behar dugu. Mezu garbia zabaldu behar dugu: euskara guztion ardura da, berdintasun, justizia eta askatasunarekin lotutako gainerako auziak bezala. Horregatik, hizkuntza politiketan premiazko jauzia behar da: eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozialek batera jarduteko konpromisoa hartu behar dute, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko, eta erabilera normalerako baldintzak bermatzeko estrategia lantzeko eta adosteko. Sar dezagun gure agendetan, herri erronka baten aurrean baikaude. 2026a izan dadila jauziaren urtea, euskaraz bizitzeko pizkundea ekarriko diguna.