2025a ez da titular bakar batekin azal daitekeen urtea izan. Ez da etxebizitzaren krisi handi baten urtea soilik izan, ezta adimen artifizialaren iraultza teknologiko baten kontakizuna ere. 2025a tentsioen urtea izan da: promesaren eta neurrigabekeriaren, azkartasunaren eta nekearen, edo ahalmenaren eta mugaren artekoa, bederen.
Mundu mailan, ekonomiak arnasa hartu duela dirudi, baina herrialde askotan arnasestuka oraindik. Txinak moteldu egin du bere erritmo historikoa, baina automozioa bezalako industrietan gogor kolpatu ditu gainontzeko herrialdeak. AEBek berrindustrializazioaren diskurtsoa sendotu du Trumpen gidoipean, eta erabakia da teknologiaren garapenean distantzia atera nahi diela gainontzeko potentziei... Europak—beti bezala—hausnarketa luzean jarraitzen du, baina pixkanaka ari da erabaki estrategikoak hartu eta gainontzekoekiko posizionatzen ere.
Teknologian, 2025ak ez du “boom” berririk ekarri, baina bai sakontze eta apaltze bat. Adimen artifiziala berritasuna izatetik gure egunerokotasunean txertatzera igaro da: enpresetan, administrazioan edota hezkuntzan, isilago, eraginkorrago, baina baita arriskutsuago ere bilakatzen hasi da. Errutina berriak sortzen ari zaizkigu eta lanaren antolaketa aldatzen, besteak beste. Oraindik ez dira lanpostuen desagertze masiboak gertatu, baina zereginak eta eguneroko atazak eraldatu bai; izan ere, lanpostuak ez dira egun batetik bestera inoiz desagertzen, barrutik hustu egiten dira lehenbizi, eta ondoren zentzugabetzat jo eta pertsona lekualdatzen da. 2025. urtea lanaren balioa sortzeko modua aldatzen ari dela esan dezakegu.
Euskal Herrian, munduan izan diren dardarak sentitzen ari gara: industria esportatzaileak egoera konplexua bizitzen ari dira, energia-kostuen eta merkatu globalaren ziurgabetasunaren artean. Aldi berean, berrindustrializazio berdearen diskurtsoak indarra hartu du, baina erronka nagusia ez da teknologikoa izan: gobernantzarena baizik. Erabakiak nola hartu azkar, parte-hartze eta atxikimenduarekin eta lurralde-oreka galdu gabe? Ekosistema teknologikoan, enpresa gutxiago jaio dira, baina sendoagoak. Finantzaketa ez da erraza izan, eta horrek selekzio natural moduko bat ekarri du: ideiatik harago, negozio-eredu sendoak dituztenak dihardute irekita, eta ekintzailetza desagertu ez bada ere, kontsolidazio eta iraunkortasunaren logikan sartu da. Dirua barra-barra jasotzetik, emaitza ekonomikoak eman behar izatera, saneatzera, alegia.
2025a arreta, denbora eta debate kolektiboen urtea izan da. Teknologia berriak, mehatxu trumpista, Palestinako genozidioa edota etxebizitzaren krisia bezalako egoerek behartzen gaituzte erabakiak elkarrekin hartzera, eta 2026. urterako etxekolan bat uzten: zer hazkunde, nolakoa eta norentzat nahi dugu? Zer da guretzat aurrerabidea?
Agian hori da urte honen irakaspen isila: azkarrago joatea ez da derrigorrezkoa, eman beharreko aurrerapausoak norabide onean ematen baizik. Ziurgabetasunaren garaian, norabidea aukeratzea ez da soilik adituen edo gobernuen ardura, gizarte gisa zer onartzen dugun, zer normalizatzen dugun eta zer uzteko prest gauden erabakitzea ere bada. Etorkizuna ez da iristen den zerbait, eraiki egiten da, egunero, erabaki txiki eta handien bidez, eta horretarako prest egon beharko dugu hurrengo urtean. Aldaketak izango ditugu, eraldaketak.