Utopiaren alde

Puska baten kosta egingo zaigu data zuzen jartzea, bereziki eskuz idazterakoan. 365 egun elkarrekin igaro eta gero, ohitu egin gara urte zaharrera eta berriaren azken “hiru” horrek izkina egingo digu. Bizitzako esparru ia guztietan hala izaten da: aurrean dakusaguna iheskor zaigun bitartean, atzean utzi berri dugunak etxekotuta gauzka, haren magal goxoan gatibu.  Erdibidean gaudela esan ohi dugu, baina egiazki, bide erdian gaude: izan denaren eta izan daitekeenaren arteko bidegurutzean, hain justu.  Eta hortxe dago koxka.

Aurten (ere) oparo etorri zait Olentzero liburuetan eta asmatu egin du, beste behin ere: “Another World Is Possible: How to Reignite Social and Political Imagination” izenburua duena eserialdi bakarrean irakurri baino, irentsi egin dut. Sir Geoff Mulgan da haren egilea, eskarmentu handiko pentsalaria: Adimen Kolektibo, Politika Publiko eta Gizarte Berrikuntzako irakaslea da Londreseko University Collegen eta Erresuma Batuko Nesta Berrikuntza Agentziako eta The Young Fundation-eko burua ere izan  zen urteetan, askotariko zuzendaritza-postuak bete zituen hango gobernuarentzat, estrategia eta berrikuntzaren esparruetan. Hitzetik hortzera darabiltzagun krisien atzean beste krisi are sakonago bat datza dio bertan: irudimenaren krisi edo haustura sakona.

Mundu osoko pentsalari, politikari, irakasle eta ekintzaileekin elkarrizketatu da Mulgan eta ondorio etsigarrira heldu da: galdu dugu, itxuraz, etorkizun hobeak irudikatzeko gaitasuna eta, ondorioz, ezkortasuna nagusitu zaigu, alderik alde. Iragan-minak jota begiratzen diogu, ikaraturik, datorrenari, etorkizun-grina zokoratuta.

Mundu osora zabaldu da ezkortasuna, aldeak badaude ere. “Iparraldea” deitzen dugun mundu garatuan irudimenaren krisia sakonagoa da garapen-bidea eginkizun duen “Hegoaldean” baino, baina oro bat nabarmena da ideia, eredu edo ordezko pentsamendu edo gizarte-antolaketak sortzeko gaitasunik eza. Mundu distopikoak asmatzen oso trebeak gara, baina mundu utopikorik sortzeko indarge gara.

Pasarte baten argi ezarri du puntu hori idazleak: kalapita saihesteko lanean ari gara, kasurik onenean, baina oso gutxi dira alternatiba hobeak sor ditzaketen ideia eta ekinbide berrietan dihardutenak. Teknologiaren gainean utzi dugu berez gizakoio dagokigun ardura. Garapen teknologikoak orain arte pentsaezinak ziren zerbitzu eta aukerak eskaintzen dizkigula begien bistakoa da, baina aukera berri horiei zentzua emango dien gizarte-eredu berria askoz urrutiago ikusten dugu. Posible den guztia erakusten digu teknologiak, baina posible den guztia onargarria, beharrezkoa, justua edo egokia ote den ez du algoritmoak esango. Ala bai?

Covideko hondamendi azkarrari eta klima-aldaketaren pandemia gero eta bizkorragori aurre egin behar diegun bitartean, hain agerikoa ez den hirugarren larrialdiaz, irudimen-krisiaz, ez gara apenas ohartzen. Erraz imajina ditzakegu hondamendi ekologikoak edo teknologiak nagusi izango diren etorkizun posibleak, baina zaila egiten zaigu hobeto biziko garen, demokrazia zintzo eta denontzakoa, ongizatea, ekitatea eta aukera-berdintasuna oinarri izango dituen mundu bat imajinatzea.

 “Zer” berriak ematen dizkigu teknologiak, baina “Nola” eta “Zertarakoak” lantzea beste upel bateko sagardoa da. Gizarte-hitzarmen berriaren ardatzak irudikatzea ez da garapen teknologikoaren bidean berez etorriko den zerbait: gure buruari galdetu behar diogu nolakoa izatea nahi dugun mundu berria, mundu posible guztien artean, onena. Apurtuta dagoena konpontzea beharrezkoa bada ere, oraindik sortu ez ditugun alternatibak irudikatzea nahitaezkoa zaigu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK