• IRITZIA
  • VUCA, mentalitate berrirantz
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

VUCA, mentalitate berrirantz

2025eko apirilaren 22a
Eg. 2025eko apirilaren 22a
xabi murua 2022

Hainbat joera nagusik —geopolitika multipolarra, teknologiaren eraldaketa bizkorra eta erronka VUCA (volatile, uncertain, complex, ambiguous) deiturikoen areagotzea— batuta markatuko dute datozen urteetako gizartea. Erresilientzia ezinbesteko gaitasun bihurtu da Estatuentzat, enpresentzat eta gizarte komunitateentzat; dagoeneko ez baita nahikoa arriskuak saihestea, eta sistema hauskortasunaren kontrako eraiki beharrean gara, disrupzio bakoitza aukera bihurtuko duen sistemak.

 

Tradizionalki AEB eta Txinaren artean izan bada orain arteko lehia ekonomiko eta politikoa, gaur egun ez da nahiko horien arteko eraginak neurtzea. Errusia, Europar Batasuna, India eta goraka datozen Afrika eta Latinoamerikak xake-taula berri eta aldagarria osatzen ari dira. Gainera Trumpen muga-zergak direla eta, dibertsifikatu gabeko ekonomia asko zehapen eta blokeo politikoetan harrapatuta geratu dira, eta dibertsifikatzen eta gainontzeko ekonomietara lekualdatzen hasi dira inbertitzaileak. Asaldura horien artean korapilatsua den harmonia berri bat eratzen ari da, eta hornikuntza kritikoekiko —lehengaiak, energia, etab.— menpekotasuna murrizteko politikak diseinatzen. 

Egun arrisku-arkitektura berri batean murgilduta gaude, VUCA deiturikoan. Gaur egun gasaren eta petrolioaren prezioek aldarte aldakor samarra erakusten dute, matxura kate teknologiko bat izan, edo gerran murgildutako eskari aldaketa azkarrak direla eta. Horrek hornidura‑kostuak handitu eta negozio‑aurreikuspenak zaildu egiten ditu. Ziurgabetasunak erreakzio-ahalmen azkarra eskatzen du, eta orain arte mahaietan hartzen ziren erabaki estrategikoak ezingo ditugu berdin adostu, ordu edo egun gutxiren buruan estrategia zapuztuko duen erabaki esanguratsuak hartu beharko baititugu.

 

Konplexutasunari dagokionez, berriz, zenbat eta eragile eta aldagai gehiago egon jokoan, orduan eta gutxiago aurreikus daitezke etorkizuneko agertokiak. Hori dela eta, zurruntasun hierarkikoak antolaketa-egitura horizontal eta soluzioak inprobisatzeko gaitasuna duten diziplina anitzeko taldeei emango die bide. Etengabeko prestakuntza eta “proba-akats mentalitatea" gakoak izango dira arintasuna kultura-aktibo gisa barneratzeko.

Eta azkenik, erresilientzia. Konektatutako plataformekiko menpekotasuna areagotzen doan heinean, eraso informatikoak dira XXI. mendeko arrisku sistemiko nagusiak, eta gerra-komertzialaz gain, zibersegurtasuna izan daiteke eraso daitekeen beste sistema kritikoa. Sare immuneak garatzea nazioarteko hedapeneko edozein proiekturen diseinuaren parte da, egungo erabaki eta prozesu kritiko guztiak sarean egiten baitira.

Erresilientzia global bat egituratu behar dugu, sistemak ahul diren lekuetan hedatu beharreko babes-mekanismoak definituta. VUCA logika gobernatzen hasi den mundu batean, erakundeak ez dira blindatu behar, egokitu baizik. Baliabideak eta erabakiak dibertsifikatu behar dira, eta egoeren araberako planifikazioan aurrea hartu. Sistema konplexuei erantzuteko egiturak sinplifikatu behar dira eta esperimentazioan oinarritutako etengabeko ikaskuntzaren kultura sustatu behar, hezkuntzatik gizarte osora. Ziurtasunak bilatzea baino, edozein etorkizun posibletarako prestatzea da kontua, eta erresilientzia, arintasuna eta ikuspegi estrategiko garatzea. Mentalitate aldaketa baten erdian gaude, COVID-19aren garaian loratu eta egungo agertoki berriak medio—gerrak, muga-zergak, aA, etab— garatu eta hedatzen ari den egoera mental berri bat.