Orain dela egun gutxi arte, Vivek Ramaswamy erabat ezezaguna zen gure artean. Ziur nago Euskal Herriko kaletan inkesta azkar egingo bagenu oso pertsona gutxik jakingo luketela nor den. Baliteke, irakurle estimatua, zu ere zure buruari galdezka aritzea momentu honetan ea jakin beharko ote zenukeen nortaz ari naizen. Ramaswamy jauna 37 urteko enpresari estatubatuarra da, eta aurreko astean iragarri zuen bere hautagaitza Alderdi Errepublikarraren hauteskunde primarioetan.
Harvardeko ikasle ohia, bioteknologia sektoreko enpresari arrakastatsua eta, beraz, diruduna, munduko herrialde boteretsueneko agintaria izateko lehian sartzen den beste milioidun bat da. Bere esanetan, “fedea, abertzaletasuna eta lan gogorra gainbeheran daude”, eta balio galera horri aurre egiteko sartu da lehian. Bere iritziz, zuzentasun politikoa (woke kultura bezala ezagutzen dena) estatubatuar gizartea mehatxatzen ari da. 2021. urtean Woke, Inc. liburua argitaratu zuen, azken hamarkadetan enpresen kudeaketarako hedatu diren ESG —Environmental, Social and Governancen akronimoa— irizpideak estatubatuar oinarriak hondatzen ari zirela salatuz. Bere liburu horretan, Ramaswamyk azpimarratzen du nola korporazio nagusiak aldaketa klimatikoaren kontrako borroka edo genero ideologia barneratzen ari direla. Justizia soziala, dirua irabazteko lelo bezala. Erabat onartezina.
Bere gurutzada aurrera eramateko, Ramaswamy bere inbertsio funts propioa sortu zuen, Strive Asset Management, irizpide argi batzuekin: ESG irizpideak baztertzen zituzten enpresetan inbertitzea, mozkinen maximotzea izanik helburu nagusia. Hau da, ekonomia eta enpresa fakultateetako betidaniko itun zaharrera itzultzea.
Zer dago Ramaswamyren eta bere zaleen atzetik? Azken hamarkadetan enpresaren kudeaketa ikasketetan zabaldutako alderdi interesdunen teoriari lotutako praktika batzuk —ingelesez, stakeholder theory bezala ezagutzen dena—. Teoria horrek dioenaren arabera, enpresa erabakiak hartzeko orduan ez dira bakarrik akziodunen interesak kontuan hartu behar: enpresaren inguruan dauden beste hainbat eragileen interesak ere barneratu behar dira, enpresak bere inguruan duen inpaktu positiboa maximotzeko, horren ondorioz, enpresaren epe luzeko bideragarritasuna bermatuz. Eragileen horien artean langileak (noski), hornitzaileak eta bezeroak kontuan hartu beharko lirateke, baina baita enpresaren inguruan bizi diren biztanleak edo natura bera ere.
Tamalez, gutxiegi dira oraindik ere modu esanguratsu batean enpresek beraien bere inguruan (hurbilean eta ez hain hurbilean) duten inpaktuaren inguruan kezka azaltzen duten exekutiboak: errentagarritasun ekonomikoaren totema ukitu gabea mantentzen da enpresen erabaki zentroetan. Hala ere, Vivek Ramaswamyrentzat, gehiegi dira kapitalismoaren legeen taulengandik urruntzen ari direnak.
Enpresa gutxi batzuk, aldaketa kultural erraldoi bat sustatzen: nola da posible? Konspirazio teorien zaleak bagina (ni, behintzat, ez dut horrelakoetan sinesten: kaosa gutxietsita dagoenaren iritzikoa naiz), irudika genezake orain dela pare bat hamarkadako ingurumenaren eta giza eskubide aldeko aktibista multzo bat, Naomi Kleinek idatzitako No Logo liburuaren irakurketaren ondoren, estrategia bihurri eta sofistikatu bat diseinatzen, enpresetako administrazio kontseilutan eta inbertsio funtsen erabakiguneetan infiltratzeko, bertatik mundua aldatzeko plan maltzur bat gauzatuz. Iban Zalduaren ipuin batentzat argumentu ezin hobea izango litzateke: urrats berri bat ekonomia-fikzioaren genero literarioan.