Xedea eta merkatuaren oreka

Gaur Ekintzailetza sozialaz jardungo naiz. Azken boladan bolo-bolo dabilen kontzeptua da ekintzailetza soziala eta Interneten topatu dudan lehenengo deskribapenak hala dio: “Pertsonek, sortzen ari diren enpresek eta pertsona ekintzaileek gizarte-balioa sortzeko eta gizarte-ongizatea hobetzeko eta gizartean oro har eragin positiboa izateko konponbideak garatzeko eta finantzatzeko prozesua”. Baina hau ez al da enpresa guztien nahia? Ekintzailetzaren mundu desafiagarri honetan, asko gara enpresak beste modu batera eraiki nahi ditugunak, errendimendu ekonomikoaz gain, gizarteari beste ekarpen bat egingo dion zera hori bilatzen dugunak. Hala hasten gara behintzat.

Zenbateraino da gure balore eta idealak mantentzearen eta merkatuaren eskakizunak betetzearen arteko oreka eramangarri? Zein da hasieran izan duzun ideiaren eta martxan jarri osteko ereduaren arteko aldea? Oreka oso fina da. Sarritan, ekintzaile sozialtzat ditugunak misio argi batekin hasten dute proiektua, hautsezinak diren balioekin. Baina, enpresa hazi eta merkatuaren errealitateari aurre egin ahala, printzipio horiek arriskuan jarri edo ukituko dituzten egoerek mehatxu egiten diete. Zer egin orduan? Hazi eta balioak baretu, ala hazkundea mugatu eta balioei irmo eutsi? Dilema hori erronka saihestezina izateaz gain, sektorean behin eta berriz errepikatzen den klixea ere islatzen du: inpaktu sozialaren osotasunaren eta jasangarritasun ekonomikoaren arteko tentsioa. Gauzak planifikatu bezala ateratzen ari ez direnean, zein da lehentasuna?

Zaintza indartzea, zaurgarrien egoerari aurre egitea, hezkuntza hobetzea edota ingurumena babestea gaur egun gizarte bezala ditugun lehentasun handienetarikoak dira, eta enpresak lanabes egokiak izan ohi dira bide honetan laguntzeko. Haien atzean dauden artisauek negozio-ereduak sortzen dituzte, arazo horiek modu berritzaile eta jasangarrian konpontzeko helburuz. Baina grina hutsa ez da nahikoa enpresa bat bizirik mantentzeko; negozio-eredu bideragarria behar da, haren biziraupen ekonomikoa eta, beraz, gizartean eragina sortzen jarraitzeko gaitasuna bermatuko dituena.

Glovo, Cabify eta AirBnB-en lehen hastapenetan ere ziur naiz enpresa sozial edo inpaktu soziala handitu nahi zuten negozio-eredu horietariko bezala aurkeztuko zirela. Oso modan jarri zen ekonomia kolaboratiboaren kontzeptuan oinarritutako plataformak ziren hasiera, baina erregulatu ahala eta azken urteetako hazkundea medio, beste eredu batera eraman ditu merkatuak. Eta orain, dozena bat urteren ostean, negozio-ereduaren jasagarritasuna —jasangarritasun soziala eta ekonomikoa— ezbaian jartzen hasi gara. Ezagunenak izan daitezkeen hiru kasuetara jo dut, baina beste hainbeste gertatzen da beste tamaina eta sektoreetako enpresekin ere.

Ekintzailetza soziala pertzepzio kontu bat al da? Merkatuan bideragarriak izan eta gizarte-lurran sortzen duen inpaktu positiboaren arteko orekari eustea, praktikan, hasierako idealetatik urruntzen diren erabakiak hartzea ekarriko digu derrigor. Adibidez, komunitate behartsuetan edateko ura eskuratzeko aukera hobetu nahi duen enpresa batek korporazio handiekin itunak egingo ditu ekoizpena industrializatu, prezioa jaitsi eta prezio bideragarriak eskaintzeko merkatuan. Erabaki horiek beren printzipioen kontzesio gisa har daitezke, baina funtsezkoak izango dira proiektuaren inpaktu sozialaren eta negozio-ereduaren iraunkortasunerako. Enpresa sozialak, izenak dioen bezala, ez dira irabazi asmorik gabeko ekimenak, enpresak dira eta irabaziak edukitzeko proiektuak dira. Xedea eta merkatuaren arteko oreka zaindu eta egin enpresa bideragarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK