“Gorantza doa agudo kapitala eta
Lapurdi beti dago apala,
aldrebesturik dago mundu zitala,
konformatzen ez bagara
ze pekatu mortala!”
Fite ezagutuko zenituzten letra hauek, Oskorriren kanta ezagunenetariko batenak baitira, Frankoren diktaduraren garaian Gabriel Aristik idatzitakoak, hain zuzen. Baina behin eta berriz estrofa guztiak irakurtzen ditudan aldiro, goitik behera eta beheitik gora, gaur idatzitakoak direla iduri zait, George Orwellek bere eleberrietan egin ohi zuen moduan: 1940ko hamarkadan 1984. urtea irudikatu zigun moduan, baita bete betean asmatu ere! Orwellek egungo gizartea aurreikusi zuen fikzio-politikako eleberri distopiko horretan: Anaia Nagusia zelataria, bideobigilantzia, tortura, alderdi totalitarioko estatuak… Eta zer erranik ez Abereen etxaldea eleberriaz, inoiz idatzi den totalitarismo sobietarraren satirarik ezagunena. Istorioa alegoria bat da, zeinetan animaliek iraultzaile boltxebikeen papera jokatzen duten. Benetan lan bikaina eta zinez beldurgarria hori ere, egungo edozein aginte politikoa dela ere abereen etxaldeko gobernantza-sistemarekin alderatzen badugu: informazioaren eta hedabideen manipulazioa, desinformazioa… Aginte guneetan dauden gizabanakoek gizartearen ideologia nola manipulatu eta alda dezaketen irakurri dezakegu bertan, eta egungoa horren antzekoa da, ezen ikara ematen duen irakurtzeak.
“Gurea ez da bizimodu normala
lurra lantzeko aitzurra eta pala,
lanaren truke kobratzen erreala.
Benetan da miserable
euskaldunon jornala.
Munduan ezin bizi daiteke hala,
merkatuetan dena gora doala,
etxera eta zopa guztiz argala,
kriseiluen oiloa
ez da postre formala”
Horrela segitzen du Oskorriren kantak. Ezin zitekeen hobe azaldu orain bizitzen ari garena enpresa txikietan: lan eta lan asteko zazpi egunetan, etxera iritsi eta mahai gainean zopa guztiz argala. Ura lepora iritsi zaigu, ozta-ozta hartu dezakegu arnas, itolarrian gaude. Negu gorriari nekez biziraunen diegu herri txikietako proiektu txikiek. Gorriak ikusiko ditugu Euskal Herriko bazter guzietan. Pentsatu nahi dut txikitasun horrek salbatuko gaituela militantziaz eta etsi gabe segituko dugunok, txikitu nahi gaituen munstroa menderatu arte.
"…burruka garbian dago
hori da printzipala"