Zahartzaroaren muga berriak

Askotan gure buruari galdetu diogun gai batekin nator oraingoan: nola imagina duzu zure zahartzaroa? Irudi horretan, norbaiten konpainian ikusten al duzu zeure burua? Seme-alaben ondoan? Eta ilobarik? Zahartzeak guztiongan du eragina, baina jakina dena da oso gutxi dakigula, eta teknologia gutxi garatu dela zahartze-prozesua ikertzen. Orain gutxi hasi da garatzen eta saretzen silver economy kontzeptua, sektore pribatutik instituzioetara igaroaz eta etengabe gora doan ekonomia berria bilakatu da.

Zahartzaroaren ekonomiaren sektorean berriki argitaratu den notizia batek zera dio. NewLimitek, ia bi urte besterik ez duen enpresak estatubatuarrak, San Frantziskon du egoitza eta 17 langile ditu jada. Epigenetikoki birprogramatzen diren zelulen bidez gizakiak bizi duen urte osasungarrien kopurua handitzea du helburu, eta aurreko astean jakinarazi du 40 milioi euro bildu dituela inbertsio-erronda batean. Ez da nolanahiko berria; enpresa honen atzean ezagunak diren sortzaileak daude: Coinbaseko zuzendari nagusia den Brian Armstrong, eta Blake Byers, Stanforden bioingeniaritzan doktore bilakatu den inbertitzailea, besteak beste.

Enpresaren esanetan, epigenetika zahartzaroa luzatzen laguntzen duen faktore garrantzitsu bat da; izan ere, zelula baten epigenetika birprogramatuz, adinarekin atzeman daitekeen narriadura funtzionalaren kantitate esanguratsu bat hobetu daiteke. Eta horren ebidentzia, diotenez, animalien larruazalean dago: animalia baten zelula zahar bat hartu eta animalia jaioberri bihur daiteke, bizitza guztiz normal eta funtzional bat “fabrikatuz”. Batek pentsa lezake: animalia jaioberri hori hazi eta zahartzean, haren azaleko zelula zaharretako bat hartu eta animalia jaioberri bihur daitekeela berriro, bizi berriak kateatuz.

Laborategi batek hori bera egin zuen 22 urtez arratoi batekin. Arratoi amaren larruazaleko zelula zahar bat hartu eta generazio berriak kateatu zituzten, hamahiru belaunaldi sortzeraino. Oraindik gizakiaren zelulekin probarik egin ez bada ere, jakina dena da azalaren zeluletan badela birgeneraziorako lehengairik.

NewLimit giza-pazienteen ehunak birsor ditzaketen produktu teknologikoak garatzeko iritsi da, eta estrategia zuzena du: hasteko, giza zelula primarioak eta erreferentzia-espezieak (primateak) erabiliko dituzte zahartze-prozesuaren ondorioz okerrera egiten duten ezaugarriak detektatzeko. Eta ondoren, prozesu hori moteldu, geldiarazi edo lehengoratu dezaketen terapiak garatuko dituzte. Edozein dela ere etorkizuna, gertutik jarraitu beharreko enpresa da NewLimit, izenak dioen bezala, zahartzaroaren muga berriak bilatu, ikertuko eta garatuko baititu.

Asmo handikoa da "zahartzaroa luzatzen" saiatzea, eta hamarkadetako ikerketa-lana egon daiteke produktu edo teknologiaren bat merkaturatzeraino. Eta behin merkatuan dela, bizitza luzatzeko prest egongo al zinateke? Zenbat luzatuko zenuke? Zein preziotan? Kantitate kontua al da edo kalitatea nahiago? Ez dut zalantza egiten bigarren aukera dela orain denok buruan duguna. Baina litekeena da hemendik hamarkada gutxi batzuetara horrelako produktu edo soluzioak merkaturatzea, eta berriro boteretsuenek bakarrik izango dute hura probesteko aukera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK