Zaintzaileak telelanean

2026eko urtarrilaren 22a
elena laka

Bi egun ospitalean zaintza lanetan, eta ehun produktiboaz eta lan baldintzez 'masterklasetxo' bat egiten duzu, eta ez, preseski, osasun langileen ingurukoa.

 

Dena ondo dago, ez kezkatu, baina tarteka edozeini egokitu dakioke larrialdietan edo ospitaletan osteratxo bat egitea adineko familiako bati laguntzeko. Hemen aste honetan bizitakoa. Lehen geraldia: larrialdietako boxa, oheen artean gortina bat mugatzaile, ondokoaren elkarrizketa guztiak entzuten dira. Laguntzailearen itxaronaldian, ordenagailua altzoan, errekurtso bati erantzuten dihardut boxean pazientearen ohatilaren ondoan plastikozko aulkitxo batean uzkurtuta. Ondoko boxeko laguntzailea telefonozko elkarrizketetan entzuten dut behin eta berriro: enpresaren eskaera batzuk bideratzen ari da, nola egin, nora, zenbat denbora. Ez naiz, bada, boxetako zaintzaileen artean telelangile bakarra.

Ospitaleko gelan gero. Berriro langile hau ondo samar dagoen pazientearen oheburuan, eramangarria magalean, aulki hobexeagoa oraingoan, posta elektronikoei erantzuten. Burua jaso eta gelako atean ezagun bat, ezustekoa: mezu bat bidali berri didan bezeroa, ondoko gelan dagoen familiakoaren zaintza lanetan, posta elektronikoak bidali berritan, enpresako bezeroekin telefonoz hizketan.

 

Tarte batean gero korridorera, eta hantxe beste ospitaleratu bati laguntzan dabilen bat, ordenagailua eskuan kaskoak belarrietan, laneko bideodei bat egiten.

Bi egun, lau pazienteen laguntzaile ospitaletik norbere telelana egiten. Telelanaren handitasuna eta miseria: edozein tokitatik lan egiteko aukera, ospitalean zaintza lanetan ere ezin lanetik askatu. Nola iritsi gara honaino?

Telelana edo urrutiko lana lege kontzeptu moduan XXI. mendean sortutakoa da. 2002 urtean arautu zen lehen aldiz Europako esparruan, Hitzarmen marko batean. Espainiako legedian 2007an aipatzen da lehen aldiz telelana: dagoeneko indarrean ez dagoen Herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa arautzen zuen legeak aipatu zuen 2008ko martxoaren 1a baino lehen Estatuko Administrazio Orokorrean telelana egiteko baldintzak.

Harrezkero, baina, ezer gutxi egin zen lege mailan, pandemia osteak behartuta 2021ean telelana ezinbesteko aukera bilakatu zen arte. Espainiako 10/2021 legeak urrutiko lana xedatzea eta arautzea du helburu bakartzat. “Urrutiko lana”, alegia, langilearen etxean edo langileak hautatutako beste nonbait egiten den lan jarduera edo lan antolaketa, eta “telelana” desberdintzen ditu, hau da, baliabide informatiko, telematiko edo telekokomunikaziozkoen bitartez egiten den urrutiko lana. Ondorioa: ospitaleko guztiak telelaneko urrutiko lanean ari ginela, lege bat behar izango bagenu bezala zertan genbiltzan esateko.

Euskadiko legerian ere pandemiak bota zuen txapligua telelana bultzatzen hasteko: 2/2021 Legeak, Covid 19aren pandemia kudeatzeko neurriak ezartzen zituen legeak aipatu zuen lehen aldiz telelana sustatzeko neurrien onura, lan jardueran bideragarria baldin bazen, behintzat. Eta lege honen ondoren, 11/2022 Legea izan da enplegu publikoan telelana eta lanpostuaren kokapenaren malgutzea arautu duena, ez dago lege mailako beste xedapenik telelanaren inguruan Euskadin, eta enplegu publikotik kanpoko langileek Espainiako legediaren arauketaren menpe geratuko dira.

Langileek laneko ordutegitik kanpo deskonexio digitala egiteko eskubidea eta lan arriskuei aurre egiteko plangintzaren beharrak dira lege honek esanbidez jasotzen dituen eskubideetako garrantzitsuetako bi.

Puntu honetaraino iritsita, ospitaletako laguntzaile-telelangileen egun hauetako adibideak ikusita, geratzen zaigun bakarra da ospitaletan txoko txukun samar bat eskatzea sikiera lanaren zatitxo bat eroso samar atera ahal izateko.