Zakurrak, katuak, hudoak...

Irailaren 29an indarrean sartu den Animalien Ongizaterako Legeak beharbada aurreikusi ez diren ondorioak ekar ditzake lan zuzenbidearen ikuspegitik. Izan ere, konpainiako animalien (maskoten) kasuan legeak familia gunean integratuta egon behar direla dio, eta animalien osasuna zaintzea eta, behar dutenean, albaitariaren laguntza bermatzea ere jabearen betebeharrak direla dio.

Arauak berariaz jasotzen du "animaliari bere osasuna bermatzeko behar dituen osasun-zaintzak emateko", eta "albaitari profesional baten zerbitzuetara jotzeko betebeharra, animaliaren egoerak hala eskatzen badu" (24. artikuluan). Betebehar hori ez betetzeak (egitez edo ez-egitez) 50.000 eurorainoko isunak ekar ditzake animaliari kaltea edo sufrimendua badakarkio, eta 200.000 eurorainokoak maskota hiltzea badakar.

Beraz, langile batek eskubidea al dauka bere txakurra, esaterako, albaitariarengana eroateko lan orduetan? Printzipioz lan arauetan ez dago horretarako ordaindutako lizentziarik (ikusi beharko da lan-hitzarmen kolektiboetan hemendik aurrera zer agertzen den). Hala ere, kontuan hartu beharra dago Lan Estatutuaren 37.3.d) artikuluak lizentzia ordaindua ematen duela izaera publiko eta pertsonaleko nahitaezko eginbeharra betetzeko behar duen eperako. Auzitegi batzuk aspaldi esan dute lizentzia hori umeak medikuarengana eroateko erabili daiteekela. Beraz, animalia familia gunean integratuta egon behar bada eta bere osasuna ez bermatzeak isunak ekar baditzake, zergatik ez aplikatu lizentzia zehatz hau animalien kasuan? Are gehiago, lanera ez joateak txakurra albaitariarengana eraman behar izanagatik ez luke kaleratzea suposatuko?

Beste adibide bat: maskota hil egiten denean, lizentziak emango al dira? Aspaldi kontsulta hori egin zidaten eta ezezko borobila eman nuen. Gaur egun ez dut ikusten, baina...

Bestalde, lan-elkarrizeztak ere aldatuko dira: orain legearen kontrakoa hartzen bada ezkontzeko edo umeak edukitzeko asmoaz galdetzea, etorkizunean berdin gerta daiteke animalia eduki edo edukitzeko asmoaz galdetzen dutenei buruz. Langileek arreta handia jarri beharko diote zer sare sozialetan argitaratzen dutenari. Akabo txakurrarekin argazkiak? Konpainiako animalia edukitzeagatiko lan-diskriminazioa?

Eta azkenik, zeintzuk dira konpainiako animaliak? Legeak txakurrak, katuak eta hudoiak aipatzen ditu, baina gainera “zerrenda positibo” bat egingo dela dio, hiru horietaz aparte zeintzuk sartuko diren argitzeko. Ugaztun mota gehiago? Txori mota ezberdinak? Dortokak?

Betilez, ikusi beharko da lan-epaitegiek zer nolako interpretazioa egiten hasten diren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK