Zapatu ingelesa

Aitak kontatzen du bere lehen lana Eibarko Ugartetxea arma fabrikan egin zuela, tornero, Armeria Eskola bukatu eta berehala. 1951 inguru izango zela kalkulatzen dugu. Lanaldia astean sei egunekoa zen, astelehenetik larunbat iluntzera arte. Egunean izango ziren bederatzi ordu. Ez du gogoan noiz, baina 1960ko hamarkadaren hasiera izango zen zapatu arratsaldea jai egiten hasi zirenean, zapatu ingelesa, gure herrian kontzeptu ezaguna. Ingalaterran aspaldi hasitako lanaldia aplikatuz, lan astea larunbat eguerdian bukatzea konkista sozial garrantzitsua izan zen, langileen eskubideetan hobekuntza nabarmena. Lanaldia murriztu egiten zen, soldatari eutsi egiten zitzaion. Urte batzuk geroago etorri zen larunbatetan tailerrera joateko beharrik ez izatea, asteko lana ostiral iluntzerako bukatzea. 1970ko hamarkadarako lan astea barikuan amaitzen zen.

Duela hilabete Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburuak 4 eguneko lan astea zenbait enpresatan frogatzea proposatu zuen. Duela bi aste ere, Espainiako aldizkari ofizialak enpresa txiki eta ertainentzako laguntzen deialdia argitaratu du 4 eguneko lan astea aplikatzen hasteko. Enpresa industrial txiki eta ertainetako produktibitatea hobetzeko laguntzak arautzen ditu deialdiak, lanaldia murrizteko proiektu pilotuen bitartez. Helburua da lanaldia, gutxienez, %10ean txikitzea. Diruz lagunduko zaio enpresari lehen urtean lanaldia 4 egunetara murrizteak sortuko dion pertsonal gastuaren %90 eta %75 artean, langile kopuruaren arabera. Aldi baterako dirulaguntza zuzenak ere aurreikusten dira produktibitatea hazteko antolakuntza modu berriak eta formazioa garatzen duten enpresentzat.

Bi belaunalditan zapatu ingelesetik 4 eguneko astera, asteko 54 orduetatik 32 orduetara. Muturren aurrean daukagu hurrengo lan iraultza. Ordu gutxiago lan egin hobeto bizitzeko, norbere bizimodua kontrolatu ahal izateko, lan egiteko makina huts bat ez izateko, pertsonen arteko harremanari denbora gehiago eskaini ahal izateko, seme-alaben hazkuntzan parte hartu ahal izateko, zaintza behar bezala gauzatzeko, kulturari, kirolari, gizarte aktibismoari eman nahi diogun denborak gehiago bete gaitzan. Eta baita lanerako joan-etorriak murrizteko ere, karbono dioxido isuriak txikitzeko, buru-osasuneko gaitzei aurre egin ahal izateko.

Zapatu ingelesak aitari ekarri zion zapatu arratsalde batean plazako kioskoko dantzaldi batera joan ahal izatea eta bertan gure ama ezagutzea. Larunbatetan jai egiteak ekarri zion seme txikia bizkarrean eta alaba nagusia eskutik, larunbatero goizean goizetik irtetea pasiadara. Eta nebari eta bioi ekarri zigun betiko gordeko dugun bizitzaren parte bat, umezaroko denbora gogoangarri bat, aitaren ondoan ikasitakoa eta bizitakoa.

Orain dela ia ehun urte Keynesek iragarri zuen europarren ilobek 15 orduko lan astea ikusiko zutela. Bi belaunalditan frogatu da posible dela ordu gutxiago lan egitea soldatari eutsita. Eta, bilakaeraren ondorioz, langileok irabazi egin dugula, bizitza hobe bat izan dezakegula. Errezelo barik, murrizketaren alde.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK