Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Zazpi galdera

2026ko maiatzaren 12a - 05:30
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Duela egun batzuk, Erresuma Batuko Gobernua ohikoa ez den zerbait argitaratzera behartu zuen herritar batek, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatuz: Zientzia eta Teknologia idazkariak adimen artifizialeko tresna ezagun batean egindako galderen historiala argitaratu behar izan zuen.

 

Zazpi galdera zeuden, ez gehiago. Podcastik entzunenak bilatu zituen, galdera deseroso bat egin zion parlamentari bati buruzko informazioa eskatu zuen, eta baita enpresek zergatik ez duten adimen artifiziala gehiago erabiltzen eta inklusio digitala zehazki zer den. Zazpi galderetako bi zientziari buruzkoak ziren: antimateria eta mekanika kuantikoaz itaun zion AIri.

Ez dakit zer bilatzen zuen eskaera egin zion herritarrak, baina niri halako samurtasuna edo eragin zidan emaitzak. Goi-kargu baten kontsulta-historia behatzeko aukera duzunean, zer dakit nik, munta handiko galderak espero dituzu, eragina izango duten galdera sofistikatuak, goi-mailako erabakiak azaltzeko gakoez edo. Bada… ez. Agertu zena erraz izan zitekeen nire galdera-historiala, eta imajina nezakeen pantailaren aurrean, galdera horiek trakets samar egiten teklatuarekin. Nireak izan zitezkeen, edo zureak, edota gaiak nahastu egiten dituen edonorenak, nora doan ongi dakienaren plantak egiten ditugun guztiok antzekoak egingo genituzke.

 

Erresuma Batuan, eta baita gardentasuna hitz hutsa baino gehiago den beste herrialde batzuetan, informaziorako sarbidea kultura demokratikoaren parte da. Eta sarbide hori hedatzen ari da, orain ez baita mugatzen zer erabaki hartzen diren jakitera, gero eta maizago galdetzen baita erabaki horiek zer tresnarekin hartu diren. Hau da: gardentasuna ez da erantzunetara mugatzen eta pixkanaka ohartzen ari gara gakoa galdera bera dela.

Idazkariaren eszenak geldialditxo bat merezi duen galdera bat zabaltzen du: erantzunak industrializatu ditugun mundu batean, zertan datza benetako balioa? Alex Imas portaera-ekonomialaria da, eta argi planteatzen du: adimen artifizialak ekoizpena merkatu egin du zeharo, zereginak automatizatu baditu eta erantzunen abiadura eta kopurua biderkatu egin ditu, beraz, zer desagertu den baino gehiago, orain zer den urria galdetu behar dugu. Zer falta den, alegia. What will be scarce? testuan garatzen du galdera hori, ekonomiaren galdera fundazionala: eskasia, eskaria eta eskaintza.

Bere tesia azaltzeko erabiltzen duen adibidea zeharo arrunta da, egunerokoaren esparrukoa. Denok ezagutzen dugun munduko kafe-kate estandarizatuenetako batek bere zerbitzua automatizatu zuen goitik behera: pertsona gutxiago artatzen, makina gehiago aukeran, prozesu gehiago giza bitartekaritza murrizteko. Eta dena ondo zihoan gaizki joaten hasi zen arte. Bidean zerbait galdu zen, esperientzia hustu egin baitzen. Enpresak atzera egin behar izan zuen: barista gehiago jarri dituzte, zeramikazko katiluak eskuz idatzitako oharrekin eta elkarrekin egoteko toki zabalagoak. Kafe bat hartzea ez baita soilik behar bat asetzea, batez ere, topaketa bat delako. Dena erreproduzitu daitekeenean, erreproduzitu ezin dena hasten da balioa hartzen.

Ez da intuizio berria. Walter Benjaminek duela ia mende bat formulatu zuen, arteaz eta erreprodukzio teknikoaz ari zela: "Erreprodukzio perfektuenean ere zerbait falta da: artelanaren hemen eta oraina". “Hemen eta orain” hori, presentzia errepikaezin hori, museoz kanpo ere urritzen ari da.

Imasek "sektore erlazionala" izendatu du: emaitza bat bakarrik ez, harreman bat erosten dugun espazioa. Zaintza, hezkuntza, ostalaritza, komunitatea. Beti egon dira hor, bizitzaren zati handi bati eusten, ikusgarritasun handirik gabe eta orain, azkenik, badirudi periferiatik erdigunera igarotzen ari dela.

Kontuz, baina, ez dezagun hori ere erromantizatu. Sektore horietako asko prekarietate estrukturaleko baldintzetan gertatzen dira —eta ez da kasualitatea genero-joera argi batekin gertatzea hori—. Orain etorkizuneko balioaren zati bat hor dagoela argi ikusten badugu, gure buruari egin behar diogun galdera ekonomikoa da, baina baita politikoa ere. Benetan ordainduko dugu balioa duela esaten dugun hori?

Adimen artifiziala ez da mostradorean geratu, erabaki publikoen sukalderaino sartu da zuzen eta artez. Aztertzeko, idazteko, egituratzeko, orientatzeko erabiltzen da, bai enpresan eta baita guztionak diren gauzen kudeaketan. Eta horrek agerikoa ez den kostu soziala ere badu. Kudeaketa publikoko prozesu horiek irizpide argirik gabe, trazabilitaterik gabe eta gutxieneko pedagogia publikorik gabe gertatzen direnean, demokrazia ezkutuan geratzen da argi gehien behar duen lekuan bertan. Ez dut honekin esan nahi gobernatzen gaituztenen gailuak monitorizatu behar ditugunik —hori, egia esan, beren artean egiten dute dagoeneko, eta ez oso helburu txukunekin—, baina bai zerbait sakonagoa ziurtatu behar dugula: teknologiak ez duela irizpidea ordezkatzen, ez dituela alborapenak itsu-itsuan erosten eta batez ere, ez duela giza-erantzunkizuna mozorrotzen. Gardentasuna oso giza eremu batera mugitzen hasi da: zer galdera egiten dizkiogun geure buruari, bai, eta baita bereziki nondik formulatzen ditugun galdera gakoak.

Adimen artifizialak erantzunak gainezka egiteko moduko abiaduran sor ditzake, baina nekez erreproduzi dezake galdera egiten dugun lekua: zein asmo, partekatutako zein zalantza, hau da, zein den galdera bilaketa soil bat baino gehiago bihurtzen duen testuingurua.