Irakasle gela batera sartu nintzen lehen aldian oraindik ez nituen ezagutzen nire lankide izango ziren irakasleen izenak eta ematen zituzten ikasgaiak, gerora gure abizen bilakatzen direnak. Horretan lagundu zidan mahai bakoitzaren apaingarriak, liburuak, materialak kokatzeko erak… deszifratzeak. Bulegoen arkeologia bizia egiten nuen eta sinets iezadazue, horrek laguntzen du jabeei izen-abizenak jartzen: hemen Ander Filo, hau Iraia Mate, hemen Olatz eta Aiala Euskara.
Denborarekin Amaia Ekono bilakatu nintzen. Baina nolakoa da ekonomiako irakasle baten mahaia? Noren etxekoak gara? Letretakoentzat zenbakifilia handiegia dugu haien klubean sartzeko. Zientzietakoentzako urtean behin eta konpromisoz ikusten den lehengusu urruna gara, izena ere ikasten ez den horietako senitarteko bat.
Askotan esan izan didate, bai lagunek, bai ezezagunek, baita ikasleek ere, ekonomia ikasteko eta ulertzeko matematika jakin behar dela. Eta bai, jakina, baina ez, ez bakarrik. Eta bereziki, ez ekonomian askotan erabili izan diren zentzuan. Matematika jakin behar da zenbatzeko, kuantifikatzeko, estimatzeko, hipotesiak berretsi edo alde batera uzteko. Baina ekonomian formulak ez dira fisikako legeak.
Beharrezkoa da errealitate ekonomikoa ahalik eta modu objektiboenean aztertzea ondoren erabaki aproposenak hartzeko, jakina, baina erabakia gizatiarra izan behar da.
Matematika zientzia zoragarria da, badakit. Kitzikagarria da inguratzen gaituen mundua deszifratzeko hizkuntza bat delako. Geometria, aritmetika, aljebra, estatistika... guztiak mundua eta bere ordena ulertzeko tresna baliagarriak izanagatik, ezin diegu eman gizakia eta giza erabakien ondorioak ulertzeko bitartekoen monopolioa.
Truke tasak neurtuko ditugu, ustelkeria indizeak atera, sektore ekonomiko ezberdinen ekarpenak; espezializatutako ondasunen merkatuko prezioak estima ditzakegu, edota herrialde batek zenbateko inbertsioa beharko lukeen estimatu. Baina ez ditugu sekula ulertuko, esaterako, nazioarteko ekonomiaren desorekak kolonialismoaren historia zehatza eta tokian tokikoa ezagutu gabe.
Horregatik, matematika bezainbeste ulertu behar da historia, baldin eta ekonomia bere zabalera eta sakontasun osoan, tranparik gabe, ulertu nahi badugu. Ekonomia giza esperientziatik bereizi ezin den arloa da, intimoa baina aldi berean zeharo kolektiboa. Izan ere, pertsonon beharrak asetzeko erak antolatzearekin du lotura. Hortaz, ezinbestean ekonomia egiten zen, ekonomia hitza asmatu baino askoz ere lehenago.
Aurki Urfara, Göbekli Tepe eta Karahan Tepeko indusketa arkeologikoak ikustera joateko zortea izango dut, oraindik nekazaritza ezagutzen ez genuen garaian gizakiok eraikitako eraikuntza eta asentamendu monumentalak ikustera.
Göbekli Tepe eta Karahan Tepe eraiki zituzten pertsonek ez zekiten ereiten. Izatez, ez zuten metalen erabilera ezagutu ere egiten, baina jakin zuten bost metrotik gorako harrizko zutabedun eraikin konplexuak eraikitzen, eta bizirauten baino, loratzen zen komunitate bat eraikitzen. Izan ere, iraute hutsetik askoz ere haratago zihoan gizartea erakusten du aurrerapen maila horrek.
Beraz nekazaritza eta abeltzaintza baino lehen, ekonomia bazen. Pertsona horiek nolabaiteko antolamendua zuten haien beharrak kolektiboki asetzeko, eta behar horiek komunitarioak, sinbolikoak eta kulturalak ere baziren, ez gure bizi esperientzian zutabe gisa identifikatu ditzakegunetatik hain urrunak: jaiotza, heriotza, ingurua ulertzeko beharra, aurreikusi ezin denaren gainean nolabaiteko kontrola izateko soluzioen eta erantzunen beharra…
Berdin da harriz, metalez, 3D inprimagailuz, adimen artifizialaz zein deribatu matematikoz eta simulagailuz. Gizakiak, eskuan duen tresna izanda ere, ez du bere giza begietatik eta gizaki izatearen esperientziatik askatzerik, ezin da bere gizatasunetik bereizi. Funtsean gizaki izatearen esperientzia eta giza erabakien emaitza da ekonomia.
Izatez, giza historia idazketarekin batera hasi zela kontsideratzen da, eta hain zuzen ere, gizakia idazten hasi zen elkartruke ekonomikoak erregistratzeko, horixe izan baitzen idazkera kuneiformeko lehen taulatxoen edukia. Horregatik, susmoa dut ekonomiari bere gizatasuna kendu eta matematika hutsaren atzean ezkutatzen diren ekonomistek gizatasuna falta dutela. Historia apur bat gehiago jakingo bagenu ekonomista hobeak izango genituzke. Eta zorte apur batekin, akaso baita pertsona hobeak ere.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta