Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Zenbat balio dugu

2025eko maiatzaren 15a
Eg. 2025eko maiatzaren 21a
Amaia Oleaga

Euskara harri txintxar bat da zapatetan. Pauso bakoitzean oroitarazten zaigu euskal hiztunoi gu baino beste zerbait handiagoarentzako, garrantzitsuagoarentzako traba bat garela. Eragozpen bat da gure existentzia bera, besteek haien eskuzabaltasunez asetzen duten gure apeta. Kapritxo barkaezina da gure lurretan existitu nahi izatea.

 

Hala erakusten digute gero eta maizago, konplexu gero eta gutxiagorekin haizatzen diren iritziek, aitorpenek eta epaiek. Urrunegi joan gara. Ongi gaude anekdotikoak garenean. Osagarri folkloriko gisa ez gaude gaizki, baina haratago joan nahi izatea barkaezina da eta hor datoz, uholdeka atzera dagokigun lekuan jartzera. Fosilen apal batean. Kuriositateen kutxan. Edonon, haiei esfortzu txiki bat eskatzen badie kalean eta herri honen bizitza eraikitzen eta erabakitzen den lekuetan izan ezik.

Hala gogorarazi zigun Anton Arriolak. Arazo bat da, antza, gure lurrean gure hizkuntzan ikasteko hezkuntza sistema eraiki izana. Nahiz eta oraindik ere posible den Euskal Herriko txoko ezberdinetan, baita EAEn ere, hezkuntza sistematik pasatzea kalean euskara erabiltzeko oinarrizko gaitasunik ere eskuratu gabe.

 

Asko maite dute euskara, baina ez hitz egiteko edo besteok hitz egin ahal izan dezagun gutxienekoak errespetatzeko beste.

Kontua da, onar dezagun, euskaldunok sekula ez garela merkatu errentagarria izango, sortzaile gutxi batzuen kasuak kenduta, eta beraz gure existentziaren aurka doala euskararen presentzia zenbaki handietan edo errentagarritasun ekonomikoan oinarrituta neurtzea. Alegia, bizitza ez dela BEC-etik BEC-era eteten. Izatez, BEC-etik BEC-era gertatzen den hori dela esango nuke. Eta ez diot nik ez denik zirraragarria euskarazko adierazpen kultural bat milaka pertsonaz inguratuta ikustea. Deigarria dena da horixe bera lilura faktore bat izatea.

Existitze hutsarekin liluratzen jarraitzen duen herria gara. Geure zilegitasuna eta nor izatearen justifikazioa makroekitaldika edo mozkin potentzialetan neurtzeak biziki ikaratzen nau. Inor aberasteko nahikoak ez izateaz haratago, izateko nahikoa ez garela sinestera ez ote gaituzten eramango, horra nire beldurra. Eta sinesmen hori ez da Euskaraldiko haimak patrozinatzen sendatuko.