Zenbat eta gutxiago, are zoriontsuago

Duela gutxi hautaketaren paradoxa ezagutu nuen. Barry Schwartzek sortutako terminoak hainbesteko interesa piztu zidan, non horri buruz ikertzen hasi nintzen. Honako hau da ulertu dudana: paradoxak dioenez, zenbat eta aukera gehiago izan, orduan eta gusturago egoteko joera du gizakiak hartzen dituen erabakiekin. Zoriontsu izateko guztia eta gehiago dugula saldu nahi badigute ere, gezurra da. Zalantzazko itsaso batean bizi gara, egunero eta orduro erabakiak hartzen. Erabaki horietatik asko ez genituzke hartu beharko hain sistema kontsumista izango ez bagenu.

Hobeto ulertu ahal izateko, mendebaldeko gizarte industrialen dogma ofiziala azalduko dizuet, Barry Schawartz berak 2005ean eginiko Ted Talksean esandakoa abiapuntu hartuta. Dogma honek dio gure herritarren ongizatea maximizatu nahi badugu, askatasun indibiduala maximizatu behar dugula, eta askatasuna izanik gutako bakoitzak gure kabuz jardun dezakegula gure ongizatea maximizatuko duten gauzak egiten. Horretarako, gakoa da ahalik eta aukera gehien izatea, erabakitzeko askatasuna izateko, eta ondorioz, ongizate handiagoa izateko.

Gure bizitzeko filosofian oso barneratuta dugu, ugaritasunak zoriontasuna ekarriko duela, nahiz eta lortzen dugun gauza bakarra den are dohakabeagoak izatea. Gure aitona-amonek esaten zuten ugaritasun handia denean, gabezia handia dela. Eta orain zer? Nire kasuan, hautaketaren paradoxaz jabetzeak ez dit lagundu nire erabakiak hartzeko modua hobetzen. Aldiz, estrategiak bilatzen lagundu dit. Bestela esanda, bizitza sinplifikatzera eraman nau, momentua bizitzera, erabakiak hartzeko aukerak murriztera, eta konparaziorik ez egitera. Ekonomian aukera kostua —erabaki ekonomiko bat hartzen dugunean zeri egiten diogun uko— deitzen dena murriztera eraman nau.

Paradoxarekin edo paradoxarik gabe, bizitzak aukera-kontua izaten jarraituko duela uste dut, eta gure esku dago kontsumitzaile gisa sistema aldatzea. Izan ere, hori egiten ez badugu, paralizaturik jarraituko dugu, eta zorigaiztokoak sentituko gara hartzen ditugun erabaki guztiekin. Gure ugaritasunari buruzko kontzeptua berrikusi beharko genuke, eta gure itxaropenak neurtu, auto bat erostean, soineko bat aukeratzean, edo lanez aldatzean.

Utz diezaiogun gehiago, gehiago da kontzeptuaren inguruan bizitzeari, eta bizi gaitezen berriro gutxiago, gehiago da kontzeptuan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK