Azken hamarkadetako euskararen historia, neurri handi batean, arrakastaren historia da. Ez da dena perfektua izan, noski; oro ez da urre. Hala ere, ukaezina da euskararen ezagutzak sekulako hazkundea izan duela. Nire kasuan, gasteiztarra izanik, ondo gogoratzen dut duela berrogei urte euskaraz zekitenak gutxiengo oso txikia zirela. Gaur egun, aldiz, erakundeek argitaratzen dituzten datuen arabera, Gasteizko biztanleen erdia baino gehiago euskara ulertzeko gai da. Haur eta gazteen artean, ordea, %80tik gora omen dago datua, eta belaunaldi berrietan ulermena ia unibertsala bihurtu dela esan daiteke. Ehuneko horren parte direnen artean ulermen maila oso desberdinak egongo dira, noski, eta horietako asko ulermen hori galtzen joango dira irakaskuntza sistematik urrundu eta helduen munduan, lan-giroan, eta bestelako harremanetan murgildu ahala. Hala ere, duela hamarkada batzuekin alderatuta, ezin da aurrerapena ukatu.
Emaitza horiek ez dira zoriaren ondorio. Luzaroan egindako lan kolektibo etengabearen fruitu dira: familien atxikimendua, hezkuntza-sistemaren ahalegina, euskaltzaleen tinkotasuna, euskalgintzaren ekarpena eta erakundeen sustapen-politikak. Guztien artean, ez beti modu koordinatuan eta ez beti norabide berean, eraiki da gaur ezagutzen dugun euskararen biziberritze-prozesua.
Baina datu horien atzean, errealitate gordina ere ageri da, euskararen ezagutzak gora egin duen neurrian ez baitu erabilerak aurrera egin. Kalean, eskoletan, lantokietan zein eguneroko harremanetan, euskararen presentzia ez da ezagutzaren hazkundearen parekoa izan, ezta hurrik eman ere. Euskara ulertzen dutenen kopurua inoiz baino handiagoa den arren, hizkuntza erabiltzen dutenen proportzioa askoz apalagoa da. Euskara ulertzen duen jende gehiago egotea, eta are, euskaraz hitz egiten badakitenak gehiago izatea ez da nahikoa euskara gehiago erabiltzeko. Izan ere, pertsona horiek aldiro hautatzen dute zein hizkuntza erabili, eta, gehienetan, hautu hori baldintzatzen duten faktoreak euskararen erabileraren aurkakoak izaten dira. Hizkuntza bat edo bestea hitz egiten dugun hobeto, gure parekoaren gaitasuna nolakoa den hizkuntza batean edo bestean, haren gaitasunari buruz dugun ustea, egoera zehatz bakoitzean funtzionatzen duten arau sozial esplizitu eta inplizituak, hizkuntza bati eta besteari lotutako konnotazio sozialak... Horregatik, euskara ikasten dutenen kopurua handitzen jarraitzea garrantzitsua bada ere, erabileraren datuek argi erakusten dute benetako erronka dela baldintzak sortzea hautua euskararen aldekoa izan dadin errazteko.
Azken urteotan, behin eta berriz esan dugu euskararen erronka nagusia hezkuntzatik lan mundura lekualdatu dela. Eta neurri handi batean hala da. Eskola bere eginkizuna betetzen ari da, nola edo hala, milaka hiztun sortuz eta inoizko belaunaldi euskaldunenak heziz, eta lan munduan murgiltzean euskararen presentzia eta erabilera-aukerak asko murrizten dira. Baina erronka ez dago soilik lan munduan. Herritar gehienen eguneroko bizitzako hainbat esparrutan, euskarak hizkuntza formal gisa baino ez du funtzionatzen: ikasteko, irakasteko edo administrazioarekin harremanak izateko. Horren erakusgarri da eredu euskaldunetan hezitako gazte askok gaztelaniaz jarduteko duten joera. Askotan, arazoa ez baita hizkuntza ez menperatzea, baizik eta erabiltzeko egoera, aukerak eta motibazioa falta izatea. Azken finean, zertarako balio du euskaraz ikasteak eta jakiteak, egunerokoan apenas erabiltzen bada? Horregatik, gaur egungo erronka nagusia hiztun horiek erabiltzaile bihurtzea da. Euskara erabiliz indartuko da; erabili ezean, berriz, ahuldu egingo da.
Horrek guztiak ikuspegi aldaketa eskatzen du, gazte hauei euskararen erabilera errazteko eta erakargarri egiteko, euskararen etorkizuna ez baita ikasgelan erabakiko. Ikasle batek matematikak, historia edo zientziak euskaraz ikas ditzake; hala ere, arratsaldean kirol taldean, lagunartean, sare sozialetan edo lanean gaztelaniara jotzen badu sistematikoki, euskarak zailtasunak izango ditu erabileran irabazteko. Horretarako, euskararen presentzia handiagoa bermatu behar da gazteen aisialdian, kirolean, lagunarteetan, kulturan, komunikabideetan, sare sozialetan, merkataritzan edo-eta lan munduan. Baina, batez ere, hizkuntza hautatzeko orduan euskararen alde egitea errazagoa izan behar da. Erakundeek, euskalgintzako gizarte-eragileek eta enpresek euskaraz jarduteko aukerak zabaldu behar dituzte, eta hiztunek euskaraz aritzeak balioa duela sentitu behar dute. Finean, hizkuntza-ohiturak, hiztunei euskaraz bizitzeko arrazoiak, aukerak eta espazioak ez dira ikasgelan soilik eraikitzen; gizartearen eguneroko jardunean eraikitzen dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta