Magnific enpresak, lehenago Freepik zenak, ehun bat langile kaleratzeko prozesu sonatua iragarri du. Berrehun eta berrogeita hamar langileko lantaldean, laurdena baino gehiago. Baina albistea ez da zifra bakarrik, enpresak hiru urte daramatza bere negozio-eredua birdefinitzen, stock argazkietatik adimen artifizialaren tresnetara aldatzen. Eta orain, trantsizioa eginda, langile gutxiago behar ditu. Kausa ez da krisia eta emaitza txarra, kausa arrakasta da.
Hau ez da kasu isolatua. Mundu osoko plataforma askotan, teknologikoak izaten ari baitira lehenak “IA first” enpresak bilakatzen. AA bidezko tresnak langileak bezain azkar edo azkarrago egiten dute lana, eta kostuak drastikoki jaisten ari dira. Orain arteko trantsizioetan ere antzekoa gertatu da: industrializazioak nekazariak fabrikara eraman zituen, digitalizazioak idazkariak eta kontulariak beste lanbide batzuetara, baina aldaketa haiek hamarkadak iraun zituzten, eta berria zenak denbora izan zuen trantsizio jasangarria egiteko. Oraingoan erritmoa oso ezberdina da.
Urteetan gertatzen zena hilabeteetan gertatzen ari da. Merkatu eta sektore guztiak kontsolidatzen ari dira, batez ere zerbitzuetan ari diren enpresak. Gero eta AA gehiago erabili, orduan eta giza-ezagutza gehiago ari gara matrizeei —OpenIA, Anthropic eta Google— eskaintzen. Esaterako, munduko abokatu guztiek (%97k) AA erabiltzen badute beren egunerokoan, ChatGPT edo Claude bezalako erremintak gai dira edozein herrialdetako fiskalitate, araudi edo kasu ezberdin modu oso profesionalean erantzuten. Abokatuek (gizakiek) gero eta gehiago erabili, orduan eta kasu gehiago eta ezagutza objetiboagoa izango du AAk. Hortaz, erdiko kapan dauden abokatutza zerbitzu enpresa guztiak kontsolidatzen, edo beste modu batera esanda, desagartzen joango dira. Hori sektore gehienetan gertatzen ari da, eta ez du atzera bueltarik.
Arazo bikoitza da: batetik, lanaren mundua aldatzen ari da oraindik jendarte gehienak ulertu nahi ez duen abiaduran; eta bestetik, marko juridiko eta soziala lana beti izango dela eta lanposturik beti egongo dela suposatuz eraiki da. Gizarte segurantza, erretiroa, osasun asegurua, identitate soziala… denak lan-harremanaren inguruan eraikiak daude. Marko hori apurtzen ari da, eta ez dugu beste bat prest.
Lehenengo pausoa errealitatea onartzen hastea da. AA lanpostuak suntsitu ez, baina eraldatzen ari da, eta horietan asko ez dira beste forma batean bueltatuko. Sektore gehienetan lanpostu galera esanguratsua izango da, eta ez da nahikoa "langileek beste zerbait egingo dute" esatea, trantsizio horretan nola lagunduko diegun pentsatu gabe.
Eta bigarrena, marko juridikoa egokitu beharra. Algoritmoek lana egiten badute, zergapetze sistemak ere aldatu behar dira. Herrialde batzuetan automatizazioaren gaineko zerga proposatzen —soilik proposatzen– hasi dira, eta eztabaida hori serioski hartu behar dugu gurean ere.
Magnificen berrehun eta berrogeita hamar langile horietako batek “zer gertatuko da nirekin?” galdetuko balu, erantzuna ez da erraza izango. Ezin zaio esan "beste enpresa batera joango zara", baldin eta beste enpresa horietan ere prozesu bera gertatzen bada. Eta ezin zaio esan "lana beti egongo da" baldin eta forma horretan egoteari utziko badio. Zer egin dezakegu? Denborarik ez da alferrik galtzeko.