Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Zer gertatzen zaigu?

2025eko azaroaren 25a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Denboran zehar irautea lortu duten esaldiek egia sendoak dituzte beren zimenduetan, eta gaur goizekoak balira bezala iristen zaizkigu. Ortega y Gasseten ondokoa gisa honetako bat da: "Ez dakigu zer gertatzen zaigun, eta horixe da, hain zuzen ere, gertatzen zaiguna". Esaldiak gaur egungo egoerari begiratzeko gakoa ematen digu, mediku-diagnostiko baten zehaztasunez egiten baitu piku zornaturiko zaurian, klimaz, ekonomiaz, gure arteko harremanez edo etorkizunaz ari garelarik. Kontua ez baita ihes egiten digula zer gertatzen ari den: imajinatzeko gaitasuna galdu dugu eta horixe da larriena. Irudimena gabe, izan ere, ez dago ez estrategiarik, ez xederik, ez norabidea zuzentzeko modurik.

 

Egunotan, Brasilen egin den COPeko eztabaidak jarraitzen saiatu naiz, baina ez dut lortu. Aldizkari baten orriak batere interesik jarri gabe pasatzen ari nintzela ematen zuen, ezer atxiki gabe. Keinu mekanikoa izan da eta zerbait deserosoa eragin dit, ohartu bainaiz ez dudala ezertxo ere espero handik. Gaitz erdi kasu honetan bakarrik balitz. Kontua baita oro har konfiantza galdu dugula gisa horretako egitura, topaketa eta lidergoengan, nahiz eta horiexek ziren, hain justu ere, erronka kolektiboak bideratzeko sortu genituenak. Hortik dator deseroso sentitze hori: ez dut aldaketa errealik espero. Kosta egiten da ulertzea nola iritsi garen puntu honetara objektiboki den-dena lortzeko dugun garaian bizi garelako. Ez da ezagutza falta —zientzia hor dago, datuak hor daude—, baina huts egin dugu garai berri honetan orratza mugituko duen diseinu instituzional eraginkorra asmatzeko. Adierazpenak errepikatu egiten dira, negoziazioak luzatzen dira, eta, bien bitartean, konpromisoak urtu egiten dira gure begien aurrean. Espero izateari ere utzi egin diogu eta hori gertatzen denean, imajinatzeari ere utzi egiten diogu. Onartezina normalizatzen hasiko gara, honezkero egiten ez badugu.

Arazo bat benetan ulertzeko datuak eta frogak behar zirela uste izan dugu luzaroan, baina ez da horrela. Datuak hor daude eta ezagunak dira; beraz, kontuak emateko unera iritsitakoan (eta iritsiko gara) ezin izango dugu esan ustekabean harrapatu gintuenik. Resources for the Future erakundearen azterlan batek kalkulatzen du Parisko Akordioan ezarritako “2 ºC azpitik” helburua betetzea 467 bilioi dolar inguruko onura ekonomiko metatuak ekarriko lituzkeela 2300. urtera arte —gaur egungo munduko BPGren %1,5 inguru— berotze ertainaren eszenatokiaren aldean. Migrazio globalak gora doaz, eta baita gatazken eta klima-ondorioen eragin handia jasaten duten herrialdeetan barne-desplazamenduak ere: Global Report on Internal Displacement txostenak 83 milioi pertsona baino gehiago zenbatzen ditu 2025ean, isilarazitako migratzaile gisa. Eta hemen bertan, Euskal Herrian, ondo neurtu dugu ekintzarik ezaren kostua: azpiegitura ahulagoak, esposizio handiagoko sektore ekonomikoak, higatzen ari diren kostaldeak eta presiopean dagoen ongizate eredua, desberdintasunak areagotzen dituzten eragin metatuen ondorioz. Datu horiek guztiak ekonomia global bat marrazten dute, non bilioiak galtzen diren eta milioika pertsona etxea uztera behartuta dauden. Ebidentzia gehiagorik ez da behar: hau ez da etorkizun urruna premia biziko oraina da.

 

Nazioarteko goi-bileretan aurkezten diren txostenek lehen mailako beste erronka batzuk ere azpimarratzen dituzte: desberdintasuna, bakardadea, etxebizitza-krisia, gazteen prekaritatea… Inork bere kabuz konpondu ezin dituen arazoak dira. Aspalditik dakigu. Beste moduko koordinazioa eskatzen dute: benetako aliantzak, konponbide partekatuak, gaur zatituta dagoena elkartuko duten estrategiak.

Sekula ez zela iritsiko uste genuen, eta hortxe dago jadanik 2030 horizontea, non itxaropenak, adierazleak eta promesak jarri genituen. Lau urte ditugu geltoki horretara iritsi eta itxura guztien arabera hantxe ikusiko dugu gure burua aitortuz ez genuela asmatu, ez genuela jakin erronka eta garai berriek eskatzen duten energia aktibatzen. Energia humanoagoa, jasangarriagoa, etorriko direnekiko arduratsuagoa.

Datuak pilatu egiten dira eta, utopia posibleak piztu ordez, distopiarako erregaia bihurtzen dira; gure irudimen kolektiboa mugatu egiten dute. Zertarako balio du pentsatzeak maila globala handiegia denean, den-dena motelegi doanean? Utopiari uko egiteak norabidea zuzentzeko aukera galtzea dakar.

Gertutik begiratu behar dugu, ez urrunetik. Globala mugitzen ez bada, tokikoa mugitu behar da. Hurbiltasunean —enpresetan, udaletxeetan, erabakiak ondo ikusten diren lurraldeetan— irudimenak oraindik badu non heldu. Bertan antzeman ditzakegu seinaleak, aktibatu aliantzak, neurtu eragin errealak eta etorkizun hobe baterako konfiantza berreraiki. Geurea bezalako lurralde trinkotu eta kooperatiboetan, berriro aktiba dezakegu gihar hori: joerak eta zarata bereizteko begirada zorrotza, elkarrekin jarduteko ohitura —erresilientzia kirol kolektiboa delako— eta etorkizun posibleak irudikatzeko eta kontatzeko gaitasuna, larritasuna bazter utzi gabe aldatzeko aukera galdu gabe.

Zuzen zegoen Ortega: ez dakigu zer gertatzen zaigun. Egia da hori baina esaldiaren bigarren zatia ez da patu mugiezina. Ez zait une hoberik bururatzen irudimena azpiegitura estrategiko bihurtzeko. Txikitik eragiteko, eragin dezagun tokitik: gure gertuko errealitatea, tokikoa, ez da abiapuntu hutsa, sinesgarri eta eraldatzeko moduko lekua ere da.