Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

A zer memoria!

2025eko irailaren 29a
xabi murua 2022

Azken urteotan gero eta gauza gehiago ahazten ditudala ohartu naiz. Ez naiz xehetasun txikiez bakarrik ari, lehen buruan berez gordetzen nituen oroitzapen eta zeregin horietaz ere bai. Hitzorduak, elkarrizketa bat, burutapenen bat… guztia mugikorrean edo ordenagailuan, egutegian edo emailen artean gordetzeko ohitura hartu dut, eta horrek erraztasuna eman didan arren, badut sentimendu kontrajarria ere: nire memoria naturala desentrenatzen eta nire buruaren lana memoria digital edo artifizialaren esku uzten ari naizela sentitzen dut. Ez al zaizu horrelakorik gertatzen?

 

Graham Leek bere Gizakiak izaten jarrai dezagun liburuan memoriaren inguruko hausnarketari kapitulu oso bat eskaintzen dio. Bertan, memoria digitala gure garaiko tresna boteretsuenetako bat bezala aurkezten du, eta horretan ez dut inongo zalantzarik: datu kopuru izugarriak prozesatzeko gai da, segundo gutxitan aurkitzen ditu erantzunak eta gure egunerokoa errazten du. Baina, kontrara, badu itzal handi bat efektu horrek: gure gaitasun naturalak ordezkatzen duen teknologia orok, gure burua bera ahultzen eta desentrenatzen du. Lehen informazioa buruan gorde behar genuen gizakiok, gure memoria lantzeko lan aktiboa eginez; gaur, ordea, teknologia arduratzen da horretaz, eta horra hor nire arazoa —eta beste pertsona askorena, espero dut—.

Memoria ez da fitxategi edo biltegi soil bat; gure identitatearen muina da. Tresna horretan dago sustraituta nor garen, nola ikasten dugun eta nola sortzen dugun. Pantailatik aldenduta testu luze bat irakurri eta bere ideia nagusiak gogoratzea ariketa ona izan daiteke, baina informazio hori prozesatzea, berriz azaltzea edo loturak sortzea, hori guztia entrenamendu mentala da eta teknologiari fidatu diogu. Zergatik? Gure egunerokoak gero eta informazio gehiago eskatzen digu: azkarrago bizi gara, irudi, datu eta estimulu gehiago dugu eta ez gara gai horrenbeste informazio batera prozesatzeko. Ezin dugu ukatu: memoria digitalik gabe ezingo genuke lan eta bizi erritmo bera eduki, ezingo genituzke proiektuak antolatu edo konpromiso guztiak bete. Zoritxarrez, guztia betetzearen atzean ilusio faltsuak eraikitzen ari gara, eta gure burua arindu beharrean, moteldu egin dugu.

 

Horri aurre egiteko, Leek hainbat ariketa proposatzen ditu: pantailatik kanpo denbora gehiago pasatzea, testuak irakurri eta laburpenak buruan egitea, errepikapen espaziatuaren teknikak erabiltzea edo buruko esfortzua eskatzen duten zaletasunak —sudokuak, esaterako— lantzea. Hitz gutxitan: memoria naturalari arnasa ematea. Ez da teknologia alde batera uztea —ezinezkoa eta zentzugabea litzateke—, oreka bilatzea baizik. Memoria digitala osagarri izan behar dugu, baina ez ordezko.

Ni neu ere hasi naiz halako ariketak egiten. Mugikorrik gabe bilera bat antolatzea, norbaiti zor diodan erantzuna gogoan edukitzea edo azkenaldian irakurri dudan liburu baten ideia nagusiak gogoratzea, adibidez. Gero eta zailagoa egiten zaidan arren, esfortzua egiteak mereziko duelakoan nago. Lanetik kanpo, egiten edo ikusten duzun guztiaren argazki eta bideoak grabatzeko horietakoa bazara, saiatu gogoangarria izan daitekeen egoeraz gozatzen, eta irudi edo esperientzia, mugikorrean edo Instagramen beharrean, oroimenean gordetzen. Zenbat gauza delegatu dizkiogu gure mugikor edo ordenagailuari gure buruan gorde beharrean? Gure memoriaren izaera bera jokoan jarri dugu, eta teknologiak erraztasun handiak eskaintzen dizkigun arren, zain dezagun gure memoria naturala, eta ez dezagun erosi gure mugikorretan espazio gehiago edukitzeko memoria.