Udako goiz batean, zure lagun batek honakoa galdetzen dizu: "Zer plan duzu gaur?". Galdera honi, besterik gabe "ez ezer berezirik, atseden hartu" erantzutea ez dago gure pentsamoldeetan gaur egun. Badugu zerbait barruan programatuta errudun, antzu eta baliogabe sentiaraziko gaituena erantzun hori emanez gero. Badirudi gaur egun atseden hartzea ez dagoela baimendua: zerbait ikasi, hobetu edo partekatu behar dugu etengabe. Aisialdia bera errendimenduaren logikan sartu da, eta neroni aplikatu nahi niokeen hausnarketa partekatu nahi nuke honen bueltan.
Piano klaseak, korrika egitea, landareen zaintza, patchwork tailerrak edo hizkuntza berri bat ikastea…gaizki deituriko hobbyak ez dira soilik zaletasunak, autoeraikuntza-proiektuak dira, produktibitatearen logikan programatzen ditugun ustezko zaletasunak. Formakuntza indartu, nortasuna eraiki edota gure portfolioa hobetzeko diseinatzen ditugu, eta noski, besteei zein produktiboak garen azaltzeko baliabide bihurtu ditugu. Gainera, hori gutxi ez eta aisialdiari ere KPI edo metrikak ezarri dizkiogu: Zertan hobetu duzu zeure burua azken hilabetean? Zenbat kilometro egin duzu korrika? Zenbat proba burutu dituzu zuzen? Bete al duzu hamar mila pausu eman beharreko eguneroko helburua?
Pentsamolde aldaketa sakona bizi dugu azkenaldian eta erotu beharrean gara. Zerbait egitea ez da nahikoa, produktiboa eta neurgarria izan behar du aisialdian egiten dugun horrek. Zaletasunak sare sozialetan erakusteko objektu edo eduki bilakatu ditugu, "produktiboa" izatearen etika berriak markatua. Egin baduzu, erakutsi. Eta erakusten ez baduzu, egin duzula frogatu. Horixe da azkenaldian korrikarekin gertatzen ari zaidana: hasieran korrika egitera besterik ez nintzen ateratzen, baina hilabete gutxiren buruan helburu eta zenbakiak gehitu dizkiot “egiteko” horri. Orain Stravara ez badut igotzen, zalantza egiten dut korrikaldiak benetan balio izan duen (superlatibizatu det eredua garbia izan zedin).
Eta galdera da: zer gertatu da “ezer ez egitearekin”? Zer gertatu da igande batez sofan etzanda egotearekin, liburu bat erdi irakurri eta siesta bat botatzearekin, besterik gabe? Noiz galdu genuen ezer ez egitearen duintasuna? Esaterako, korrikaren sukarrarekin jarraituz, orain sofan botata egotea ez da “ezer ez egitea”, hurrengo entrenamendua prestatzeko “atseden hartzea” omen da. Erotu beharrean gara.
Produktibitatearen kultura lan-orduez harago zabaldu da, eta aisialdiaren eremua kolonizatu du. Baliteke artikulu hau irakurtzen ari zaren bitartean zure burua justifikatzen harrapatzea: "Bai, baina nire kasuan korrika egitea lasaitzeko da, ez errendimendurako..." Eta baliteke egia izatea, baina artikuluak ez du norbanakoaren hausnarketa sustatu asmo, zein testuinguru kolektibotan bizi eta mugitzen garen baizik. Zeintzuk dira gaur egungo presio-sozial isilak? Zertan bihurtu dugun aisiaren plazera?
Aisialdia desproduktibizatzen hasi behar dugu, gizatasunaren izenean. Denbora galtzearen balioa berreskuratzeko garaia dugu, errudun ez sentitzeko garaia, eta gure buruari presioa kentzekoa. Osasun mentala zaintzeko aisia errezetatzen digute, baina ez dezagun aldebiko arma bilakatu. Korrika, dantza edo taichi egitea bikaina da, baina produktibitatearen logikan kokatuz gero, ez dugu askorik lortuko. Zer plan duzu gaur?